Ingurumena

2019 izan da munduan urterik beroenetan bigarrena

2010-2019 hamarraldia, berriz, historiako beroena izan da, Copernicus zerbitzuaren arabera

Umeak euren burua freskatu nahian, iazko uztailean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO
gotzon hermosilla
2020ko urtarrilaren 8a
18:36
Entzun

Amaitu berri den 2019. urtea izan da urterik beroenetan bigarrena, munduko tenperaturak erregistratzen hasi zirenetik. Ez da iritsi beroena izatera –2016a izan zen–, baina gutxi falta izan zaio: iazko batez besteko tenperatuta 2016koa baino 0,04 gradu zentigradu apalagoa izan zen.

Copernicus klima larrialdirako Europako zerbitzuak eman du horren berri. Europako Batasunak eta ESA Europako Espazio Agentziak garatutako programa da Copernicus, 2014tik dago indarrean, eta haren helburua da satelite bidez eta lurreko behatokietatik lortutako informazioa aztertzea, ingurumenaren eta klima larrialdiaren gorabeherak kontrolatzeko.

Iazko urteak ez zituen 2016ko tenperaturak gainditu, baina kontuan hartu behar da hura ezohiko urtea izan zela arlo askotan. El Niño izenaz  ezagutzen den klima fenomenoa, Ozeano Barean itsaslaster beroa sortzen duena, oso bizia izan zen 2016an, eta horrek areagotu zuen tenperaturaren gorakada.

Ez da hori Copernicus programaren azken azterketatik ondorioztatzen den datu kezkagarri bakarra. Azaldu dutenez, amaitu berri den hamarkada orain arte erregistratutako beroena izan da. Halaber, historian inoiz izandako urterik beroenak azken bostak izan dira, ikerketa horren arabera: industria aurreko aroaren batez besteko tenperatura baino 1,1-1,2 gradu altuagoa izan da azken bost urteotakoa.

«Beste urte bereziki beroa izan da 2019», esan du Copernicus zerbitzuko buru Carlo Buontempok; «gure datu baseen arabera, historiako bigarren urte beroena izan da, eta hil askok marka guztiak gainditu dituzte».

Aditu gehienen arabera, CO2 gas isuriak dira berotze globalaren arrazoi nagusia. Horretan ere, Copernicus zerbitzuaren datuak ez dira baikorrak: azaldu dutenez, eguratsean dagoen CO2 gasaren kontzentrazioak areagotzen jarraitu du 2019an ere.

Uztaila, langa guztien gainetik
Copernicus zerbitzuak plazaratutako ikerketak baietsi egin du azken hilabeteetako susmoa. Izan ere, joan den uztailean alarma guztiak piztu ziren, eta ondoren egindako azterketek erakutsi dute hori izan dela orain arteko hilik beroena tenperaturaren erregistroak egiten hasi zirenetik.

Ordura arte, 2016ko uztailak zuen historiako hilik beroena izatearen marka, baina 2019koak gainditu egin zuen: batez besteko tenperatura 2016ko uztailekoa baino 0,04 gradu altuagoa izan zen. 1981-2010 epeko uztailak aintzat hartuta, 2019ko uztaileko tenperatura orduko batez bestekoa baino 0,56 gradu altuagoa izan zen.

2019ko uda osoan bero bolada handiak egon ziren Europako iparraldean. Alaskan eta Ozeano Artikoaren inguruko lurraldeetan ere tenperaturak ohi baino altuagoak izan ziren. Munduko beste zenbait lekutan ere sikateak, uholdeak eta beroarekin loturiko bestelako hondamendiak gertatu ziren 2019an.

Urte amaieran, berriz, lehorteak eta tenperatura altuek eragindako suteak ugaritu egin dira Australian: oraindik ez daude guztiz kontrolaturik, eta kalkulatzen da jadanik 80.000 kilometro koadro inguruko eremu bat suntsitu dutela.

Bestelakoak ere izan dira 2019an: klima larrialdiaren kontra gazteek, Europan bereziki, abiarazitako mobilizazio dinamika, eta joan den abenduan Madrilen egindako COP25 klima larrialdiaren inguruko goi bilera, esaterako. Baina Copernicus zerbitzuak plazaratutako informazioaren argitara, ez du ematen horrek egoerari buelta emateko balio izan duenik.

Adituek kalkulatzen dute berotzeak orain arteko erritmoari eusten badio, mende amaieran batez besteko tenperaturak lau edo bost gradu egin dezakeela gora. Igoera hori erdira murriztea da nazioarteko eragile gehienen asmoa, baina orain arte hartu dituzten neurriekin ez du ematen posible denik tenperatura hiru gradu baino gutxiago igotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.