Pentsioen erreforma

Milaka lagun elkartu dira Baionan, pentsioen erreformaren kontrako manifestazioan

Goizean goiz, sindikatuek Chronoplus autobus geltokia blokeatu dute. Sindikatu zenbaitek hiru egunez greba egitera eta mobilizatzera deitu dute.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko urtarrilaren 9a
14:31
Entzun

Mobilizazio handia espero dute gaur Frantziako Gobernuak ezarri nahi duen puntukako pentsio sistemaren kontra protestan ari diren sindikatuek. Goizean goiz abiatu dute eguna, sindikatuek Chronoplus autobus sarearen Baionako biltegia blokeatuta, eta egunean zehar ere ekintza gehiago iragarri dituzte. «Mugimendua gogortzen ari da», Peio Dufau trenbideetako CGT sindikatuko kidearen hitzetan, eta ondoko egunetan indar harremana hozka batez emendatuko dela espero du. Hiru egunerako deia egin dute sindikatuek: gaur eta bihar greba egitera deitu dituzte langileak, eta larunbatean ekintzak eta mobilizazioak antolatzera. 10:30ean hasi dute manifestazioa, Lan Burtsatik.

Jende asko eta askotarikoa elkartu da manifestazioan: energia eta garraio sektoreak, portuko langileak, enpresa pribatuetakoak, abokatuak eta irakasleak, besteak beste. «Ez dugu amore emanen, erreforma bertan behera utzi arte segituko dugu. Batasunean eta determinatua», adierazi dute antolatzaileek. Arratsalde honetan grebalarien batzarra eginen dute mobilizazioen segida erabakitzeko.

Manifestazioaren ondoren, BlackRock itzulia egin dute, «pentsioak lapurtu nahi dituzten banku eta aseguruen kontra». Billete faltsuak jarri dituzte BlackRock finantza sarean dauden bankuetan. «BlackRock ez dugu nahi» oihuka, BNP eta Societe Generale bankuak eta AXA asegurua hartu dituzte jomugan. Societe Generale itxirik topatu dute, ordea. A Anti Antikapitalista eta Macron, bazeneki zure erreforma non sartzen dugun... Oihu horiek girotu dute sindikatuen ekintza.

Abenduaren 5ean abiatu zen greba mugimendua, eta hasieratik abisatu zuten sindikatuek luzea eta gogorra izanen zela. Azken urteetako protesta gehienak porrot batekin bukatu dira, eta garaipen baten beharra du langile mugimenduak. Ez da soilik pentsioen erreforma jokoan dagoena: Frantziako Gobernuak gibel eginen balu, kinka larrian legoke Emmanuel Macron presidentea; erreforma bururaino eramango balu, lanak izango lituzkete sindikatuek burua altxatzeko. Oraingoz, ez alde batek eta ez besteak ez du amore emateko intentziorik.

Azken asteetan, garraio eta energia sektoreetan izan du erantzunik handiena greba mugimenduak, baina sostengua zabalagoa dela esan daiteke: herenegun, bi milioi euro pasa jasoak zituzten, greba babesteko CGTk abiatu duen diru bilketan. «Morala badute langileek, baina ondoko egunetan ez bada mugimendu orokorrik, konplikatu bilakatuko da. 35 egun greban gaudela, baditugu familiak, ekonomikoki zaila da. Gure inguruan mugimendua zabaldu behar da», adierazi du Dufauk. Pozik agertu da azken asteetan petrolio findegietan ere grebara batu direlako —findegiak blokeatzeari ere ekin diote—. Atzo, Frantzia iparraldeko Gravelines herriko zentral nuklearrean ekin zioten grebari.

Erresistentzia kutxan ekarpena eginez, greba «prokurazioz» egitea deitoratu dute behin baino gehiagotan trenbideetako langileek. «Gehienak erreformaren kontra badira ere, gehiengo hori ez da mobilizatzen ari. Enpresetan ibiltzean, gehienek sostengua erakusten digute, baina guk erraten diegu lortzekotan denen artean lortuko dugula».

Gaur, itxi eginen dute Ipar Euskal Herriko ikastetxe bat baino gehiago grebaren ondorioz, eta beste anitzetan trabak izanen dira. Zenbait ikastetxetan bi egunez eginen dute greba.

Azken egunetan, enpresetan, ikastetxeetan eta zerbitzuetan aritu dira sindikatu zenbait informazioa zabaltzen eta langileekin hitz egiten. Oro har harrera ona izan dutela dio Dufauk, eta tokika greban sartzeko engaiamendua hartu dutela. «Ondoko egunetan ekintzak eginen ditugu Baionan. Baina mugimendua gogortzeko ere, laguntza beharko da: irakasleek klaseak gelditzen badituzte, sekulako eragina du. Jendeak ez du neurtzen nolako indarra duen. Uste dut grebaren eta ekintzaren kultura galdu dela. Enpresa gutxitan gelditzen da hori, eta gobernuaren miran gaude».

CFDT, larunbatean

Frantziako Gobernuarekin negoziatzen segitzen du CFDT sindikatu erreformistak. Puntukako pentsio sistemaren alde dira, baina erreforma pentsioaren adina gibelatzeko erabiltzea leporatu diote Macroni. «Bada orekarako adina, baina ez da hori gure marra gorri bakarra», azaldu du Michel Larralde Ipar Euskal Herriko CFDTko idazkari nagusiak. Lanaren dorpetasuna kontuan hartzea eta erretiroa hartu ahal izateko lan egin behar den hiruhileko kopurua ere negoziazioan sartzen direla azaldu du.

Berandu batu ziren mobilizazioetara, eta ezin erran gainerako sindikatuek suharki hartu zituztenik. «CFDT gabe, milaka langile atera ziren protestara abenduaren 5ean», ohartarazi du Christophe Brise CGTko arduradunak. «CFDTk gobernuarekin akordioa lortzen badu ere, ez du eraginen gure mobilizazioan». Sektore berriak greban sartzean ikusten du erronka.

Gainerako sindikatuen oharrak gaizki hartu ditu Larraldek. «Ez dugu sindikalismo leziorik jasoko inorengandik. Gure sindikalismoa negoziazioan oinarritzen da. Gure kongresuetan oinarritzen gara gure ildoa zehazteko: puntukako pentsioak gure proiektuan sartzen dira. Gaur egun dagoen pentsio sistema injustua da, eta injustizia hori konponduko duen erreforma bat nahi dugu».

Ez da beste sindikatuei pikorik bota gabe gelditu, hala ere: «Errazagoa da denaren kontra izatea, adostasunak lortzea baino. Gure kezka langileen ongizatea da: horregatik ditugu marra gorriak», adierazi du. Gaurko eta biharko ez dute grebarako deialdirik eginen; langileak mobilizatzeko denbora falta aipatu du, baina larunbateko manifestazioetan parte hartuko dutela iragarri du Larraldek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.