ACB liga

Bilbo Basketek Espainiako Kopa jokatuko du

Bartzelona ahaltsuari haren etxean irabazi dio luzapenean (92-94), eta Kopan ariko da zazpigarren aldiz, otsailaren 13tik 16ra bitartean, Malagan. Bihar da zozketa. 

jarraia176074.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 12a
10:10
Entzun

Ezuste latza eman du Bilbao Basketek, eta, Bartzelonan luzapenean irabazita (92-94), Espainiako Kopan izango da, zazpigarren aldiz. Aurrenekoa 2008an izan zen, eta azkenekoa, 2016an. Kataluniako ahaltsuari haren etxean irabazi behar zion ACB ligako lehen itzuliko azken jardunaldian, eta lortu egin du. 

Emozio handiko partida izan da, eta, luzapenean bertan, edozer gertatzeko aukera egon da. Alex Mumbruren taldea hiru goitik zen sei segundo falta zirela, Rafa Martinezek bi jaurtiketa libre sartu eta gero. Bartzelonak hirukoa behar zuen emaitza berdintzeko, eta horretan saiatu da Delaney joko antolatzailea. Ez du sartu, baina epaileek falta adierazi diote Browni, eta hiru jaurtiketa libre eman estatubatuarrari. Aurrenekoa barrura joan da; ez, baina, bigarrena. Hirugarrena nahita huts egin du, errebotea jaso eta biko edo hiruko saskiratzea lortzeko aukera edukitzeko. Higginsek egin du hirukoa saskiratzeko saiakera, baina ez du asmatu. 

Otsailaren 13tik 16ra jokatuko da Kopa, Malagan, eta zozketa bihar izango da, 12:00etan. Bilboko taldea ez da seriearen buru, bosgarren bukatu baitu lehen itzulia; horrenbestez, ligako lehen lau sailkatuetako baten aurka jokatu beharko du: Real Madril, Bartzelona, Zaragoza edo Tenerife (Txus Vidorretaren taldea, bilbotarren entrenatzaile ohiarena). Andorra ere sailkatua dago, eta Unicaja ere bai, etxean ariko delako. Sailkatzen azkena Valentzia Basket izan da. 

Baskoniak irabazi egin du Kanaria Handiaren pistan

Lehen itzulia garaipenarekin bukatu duen bestea Baskonia izan da, irabazi egin baitio Kanaria Handiari haren etxean (72-89). Hirugarren laurdenean egin da aginte makilaren jabe Dusko Ivanovicen taldea, atsedenaldira puntu bat atzetik joan eta gero. 22 punturen aldea ere izan dute arabarrek azken laurdenaren hasieran. Zortzigarren garaipena da Baskoniarentzat. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.