Zinema

'Napardeath' filmaren lehen atala, ikusgai

Datozen bi asteetan, egunero zati bat jarriko du BERRIAk webgunean, eta hilaren 27tik aurrera, oso-osorik.

urtzi urkizu
2020ko urtarrilaren 13a
13:54
Entzun

Azkeneko zazpi hilabeteetan Euskal Herriko 60 herritan eta hiritan proiekzioak egin eta gero, Napardeath euskarazko filma BERRIAren webgunean ikusi ahalko da gaurtik aurrera. Gaur lehenengo zatia jarri da, eta, datozen bi asteetan, egunero eszena bat. Hilaren 27tik aurrera, berriz, oso-osorik ikusteko modua izango da, 15. eszenarekin batera.

Sareko estreinaldia iragartzeko,joan den astean BERRIAk saio berezi bat egin zuen filmeko protagonistekin, trilogiaren inguruan.

[YouTube]https://youtu.be/Y66b-49opu0[/YouTube];

Napardeath pelikula berezia da, auzolanean egina, eta Ataun of the dead trilogiako hirugarren lana. Aurreneko bi zatiak —Ataun of the dead eta Joxean's hil eben— Youtuben daude ikusgai.

Xabier Padin eta Beñat Iturrioz izan dira trilogiaren zuzendariak. Satira politikotzat jo daiteke Napardeath. «Euskal espektro politiko guztia jipoitu dugu, baina, aldi berean, guztiek barre egiteko txantxaren bat duen satira politikoa da», azaldu du Iturriozek.

Iazko maiatzaren 5ean estreinatu zuten Napardeath, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Astearen kartela aurkezteko ekitaldian. Geroztik, batera eta bestera ibili dira pelikularekin, kultur etxeetan, gaztetxeetan eta askotariko aretoetan. «Pelikula umorezko abentura generoan sartzen da, eta herriz herriko proiekzioak road movie baten gisan bizi izan ditugu. 60 herritan ibili ostean, espero dugu datorren Korrikarako baliozkotuko dizkigutela egindako kilometroak», esan du Iturriozek, umorez.

Interneteko estreinaldia BERRIAren webgunean izatea pozgarritzat jo du, halaber, zinemagileak: «Proiekzioak egin ez ditugun lekuetara iristeko aukera emango digu, eta oso kontent gaude. Dena den, orain jakinda BERRIAko webgunean ikusi ahalko dela, pena ematen digu filmean BERRIArekin gehiagotan sartu ez izanak».

Trilogiaren arduradunek eta BERRIAk adostu dute pelikula bi astean, egunez egun, sekuentziaka zabalduz joatea. Ez da kasualitatea izan. «Filma joko moduko bat da, non milaka erreferentzia agertzen diren atal bakoitzean, eta guztiak deszifratzea ia ezinezkoa da. Baina, atalka aurkeztuz, aukera izango dugu atal bakoitzean agertzen diren erreferentzietan eta txantxetan murgiltzeko». Sekuentzia bakoitza traol jakin batekin zabalduko du BERRIAk horretarako: #Napardeath1, Napardeath2....

Historia, politika, zonbiak, karlistak, norbere buruari barre egiten dioten zuzendariak eta zientzia fikziozko eszena surrealistak uztartzen dira Napardeath-en. Modu askotara defini daiteke. Katihotsak Logia kultur elkartea sortu zuten trilogia egiteko, eta, taldeko kideen aburuz, ikusle bakoitzak bere interpretazioak egiten ditu Napardeath-en inguruan. «Guk zentzu ezkutu bat eman nahi izan diegu bertan agertzen diren txantxa guztiei, baina, gero, bakoitzak bere pelikula egiten du buruan, eta, askotan, guk irudikatutakoak baino teoria interesgarriagoak izaten dira».

Trilogiaren helmuga?

Iturriozek azaldu duenez, trilogia moduan irudikatu zutena helmugara iritsi da. «Guk ez dugu segidarik emateko asmorik. Baina edonork kamera bat hartu eta edozein ideia mohikano grabatzeko gogoa piztea lortzen badugu, gu pozik». Napardeath da bideo joko bat duen euskarazko pelikula bakarra.

Azken eskaera bat egin du Iturriozek: «Jean Mixel Bedaxagarrek trilogiaren pastorala egitea edota Steven Spielberg zinemagileak remake bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.