Espainiako Gobernua

Arancha Gonzalez: «'Spain is back, Spain is here to stay'»

Atzerri ministro kargua hartu du tolosarrak Madrilen. Harekin hiru dira euskal jatorriko ministroak Sanchezen gobernuan.

Arancha Gonzalez, gaur, Madrile, Atzerri ministro karguari zin egiten.
Arancha Gonzalez, gaur, Madrile, Atzerri ministro karguari zin egiten. Emilio Naranjo / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko urtarrilak 13

«Spain is back, Spain is here to stay» (Espainia itzuli egin da, Espainiak iraun egingo du), ingelesez eta gazteleraz bota du mezua Arancha Gonzalez Laia tolosarrak, Espainiako Atzerri ministro kargua jaso ondoren. Gaur egin diote karguari zin Pedro Sanchezen Gobernu berriko ministroek. Gonzalezez gain, euskal jatorriko beste bi kargudun izango ditu exekutiboak.

Bere agintaldiaren leloa ingelesez adierazi du Gonzalezek, «munduan argi eta garbi uler gaitzaten». Herrialdeak nazioartean «merezi duen lekua» berreskuratzeko lan egingo duela iragarri du, «bakearen, pertsonen, aberastasunaren eta planetaren alde». Adierazi du «ohore bat eta ardura bat» direla beretzat Atzerri Ministerioren kargua hartzea.

Josep Borrell aurreko Atzerri ministroaz adierazi du "Espainiako diplomaziaren bikaintasunaren adibide handi bat" dela.

Grande-Marlaskak eta Zelaak ere bai

Gonzalezek ez ezik, Fernando Grande-Marlaskak (Bilbo, 1962) eta Isabel Zelaak (Bilbo, 1949) ere egin dute beren karguaren zina: Barne MInisterioari batak eta Hezkuntza Ministerioari besteak. Zelaak ez du segituko, ordea, gobernuaren bozeramaile lanetan.

2013. urteaz geroztik Gonzalez legelaria zuzendari exekutiboa izan da ITC Nazioarteko Merkataritza Zentroan, eta NBEko idazkariorde nagusia ere bazen. Hainbat lan egin izan ditu Europako Batzordean, nazioarteko harremanetan, merkataritzan, komunikazioan eta garapenerako lankidetzan. Zuzenbidean graduatua da, Nafarroako Unibertsitatean.

Gonzalez aditua da nazioarteko harremanetan, merkataritzan eta ekonomian, eta esperientzia zabala du sektore publikoan zein pribatuan, ITCren webguneko profilaren arabera.

Grande-Marlaska epaile bilbotarrak Barne Ministerioan jarraituko du. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile ezaguna da. Euskal Herriko gatazkarekin lotutako hainbat kasutako instrukzio epaile izan zen, eta haren agindupean egindako hainbat polizia operaziotan atxilotutakoek tortura salaketak egin izan dituzte. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ere kargu hartu dio Marlaskari behin baino gehiagotan, tortura salaketa horiek behar bezala ez ikertzea egotzita.

Isabel Zelaak Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren ardura hartu du gaur, baina ez da izango gobernu berriaren bozeramailea, eta Maria Jesus Monterok hartuko du Zelaak orain arte betetako postu hori. Espainiako Gobernura iritsi aurretik, PSE-EEren hezkuntza arloko arduradun nagusietako bat izan zen Zelaa. Fernando Buesa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu izan zen garaian sailburuorde aritu zen, eta 2009tik 2012ra, Patxi Lopez lehendakaria zelarik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua izan zen.

Gobernuaren bozeramaile izatearen ardura hartzeaz gain, Ogasun Ministerioa zuzentzen jarraituko du Maria Jesus Monterok. Karguari eutsiko diote Pedro Duque Zientzia ministroak, Luis Planas Nekazaritza ministroak eta Margarita Robles Defentsa ministroak. Osasun ministroa, berriz, Salvador Illa izango da, PSCko buruetako bat.

Sanchezen gobernuak ministerio berri bat izango du: Gizarte Segurantza, Inklusio eta Migrazio Ministerioa. Jose Luis Escriva izango da ministroa. Bestalde, Unidas Podemosek proposatutako ministroak lau izango dira: Yolanda Diaz Lan ministroa, Manuel Castells Unibertsitate ministroa, Alberto Garzon Kontsumo ministroa eta Irene Montero Berdintasun ministroa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna