Espetxeak

Martuteneko kartzelan hilotz aurkitu dute preso bat gaur goizean

Espainiako Espetxe Erakundeen idazkaritza nagusiak baieztatu du albistea, eta zer gertatu den ikertuko dutela esan du

arantxa iraola
2020ko urtarrilaren 13a
21:25
Entzun

Gaur goizean, presoen ohiko zenbaketa egitean, horietako bat hilotz zegoela ikusi dute Martuteneko espetxean (Donostia). Aurrena, Kartzeletako langileen talde batek eman du gertaeraren berri, eta Espainiako Espetxe Erakundeen idazkaritza nagusiak baieztatu egin du ondoren. Bertako informazio iturriek adierazi dute presoa nor den ezin dutela esan; oraingoz, 41 urteko gizonezko bat dela baieztatu dute, besterik ez. Datuen babeserako legeak beste ezer esatea eragozten diela azaldu dute.

Heriotzaren kausa argitzeko ere denbora beharko dela adierazi dute Espainia Espetxe Erakundeetako arduradunek. Hilotzari autopsia egin beharko zaiola esan dute, eta auzibide bat irekiko dela; horrez gain, barne ikerketa bat ere egingo dutela azaldu dute. Zenbait informazio iturritan zabaldu da, hala ere, zein izan daitekeen preso horren heriotzaren motiboa: gaindosi bat.

Espetxeetako egoerarekin kezka handia dago. Iaz, esaterako, Zaballako kartzelan (Araba) bost preso hil ziren; zabaldu diren datuen arabera, gaindosien ondorioz hil ziren bi, eta beren buruaz beste eginda beste bi. Argitzeko dago beste bat. Gizonezko gazteak ziren gehienak. Espetxeetako baldintza kaxkarrak salatze aldera, presoen heriotzen berri ematen dihardu funtzionario talde batek, eta, horien arabera, iragan abenduaren 20an ere hil zen preso bat Martutenen. Salatu izan dituzte funtzionario horiek kartzelan gertatutako borrokak ere: iazko urrian, esaterako, "istilu baten" berri eman zuten. Espetxeko zuzendaritzak zortzi preso bakartu egin zituen egoera horren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.