Katalunia

Espainiarekin negoziatzeko oinarria jarri dute: autodeterminazioa eta errepresioa bukatzea

Kataluniako alderdi eta entitate independentistek bilera bat egin dute, Torra presidenteak deituta, Generalitateak Espainiako Gobernuarekin sortuko duen elkarrizketa mahairako jarrera finkatzeko.

Generalitateko Jauregian egin duten bileraren une bat. TONI ALBIR / EFE
2020ko urtarrilaren 15a
09:49
Entzun

Talde bakoitzak bere jarrera defendatu du bileran, eta independentismo katalanaren barruan estrategia diferentzia handiak daudela agerian gelditu da asteazken gauean Generalitateko Jauregian egin duten bileran. Baina gutxieneko oinarri bat finkatzeko gauza izan dira behintzat: autodeterminazio eskubidea eta errepresioaren bukaera eskatuko dizkiote Espainiako Estatuari; eta azken puntu hori amnistia eskariarekin lotu dute eragile gehienek.

Abendu bukaeran, PSOEk eta ERCk adostu zuten Espainiako eta Kataluniako gobernuak elkartuko dituen elkarrizketa mahai bat sortzea, Sanchez inbestitzeko abstentzioen truke. Espainiako ministro kontseilu berria eratu eta, gehienez ere, hamabost eguneko epean egin behar dute lehen bilera bi gobernuek; hala hitzartu zuten sozialistek eta errepublikanoek.

Espainiako gobernu berriak astearte honetan egin du lehendabiziko bilera, eta, hortaz, urtarrilaren 28a baino lehenago elkartu beharko luke elkarrizketa mahai horrek —betiere datetan aldaketak gerta daitezkeela baztertu gabe—. Lehendabiziko bilera horretarako prestatzeko, Quim Torra Generalitateko presidenteak eragile independentista nagusiak elkartu nahi izan ditu, estrategia adosten saiatzeko.

Aspaldiko partez, bilera bereanbatera

Bilerak bi ordu inguru iraun du. Generalitateko Jauregian, gobernuaren egoitza nagusian, elkartu dira Torra bera, Pere Aragones Generalitateko presidenteordea, Meritxell Budo Presidentetza kontseilaria, Elsa Artadi eta Albert Batet Junts per Catalunyakoak, Marta Vilalta eta Josep Maria Jove ERCkoak, Carles Riera eta Maria Rovira CUPekoak, Marcel Mauri eta Jordi Bosch Omnium Cultural elkartekoak, Josep Cruanyes eta Aria Baye ANC Biltzar Nazional Katalanekoak, eta Toni Comin eurodiputatu eta Errepublikaren Kontseiluko kidea, bideokonferentzia bidez.

Bileran parte hartu dutenen arteko aldeak agerikoak dira, eta bileraren ondoren ere ez dituzte ezkutatu. Izan ere, eragile independentistek bi urte daramatzate estrategia komunik adostu ezinik. Hala ere, gai izan dira Kataluniak Espainiako Estatuari eskatu dizkion gutxienekoak adosteko: autodeterminazio eskubidea lortzea eta errepresioa bukatzea. Bi helburu horietan ados agertu dira bederen, eta mandatu hori eman diote Torra presidenteari.

Hortik aurrera, zeinek bere ñabardurak erantsi ditu. ERCko Vilaltak adierazi du gatazka «konponbide demokratiko batera» gerturatzeko modua eman dezakeela elkarrizketa mahaiak. JxCko Artadik, ordea, «zuhurtasuna» agertu du elkarrizketa mahaiak eman dezakeenaren inguruan; uste du ez duela balio izan behar «denbora galtzeko» eta Pedro Sanchezek irudi «elkarrizketazalea» eman dezan. Baina bide hori egiteko prest agertu da: «Aukera guztiak ibiliko ditugu».

CUPen errezeloak

CUPekoek agertu dute errezelo gehien elkarrizketa mahaiarekin. Elkarrizketa «marko autonomikoari» buruzkoa baldin bada, antikapitalistek guztiz haren kontra egingo dutela ohartarazi du. Mobilizatzen eta desobedientzia zibila eta instituzionala erabiltzen jarraitu behar da, haien ustez, Espainia egiazko negoziazio batera behartzeko. Ez du erabat argitu bilera sorta hauetara joaten jarraituko duen.

ANCko kideek ere eszeptizismoz begiratzen diote Espainiarekin hasiko duten negoziazioari. Adierazi dute Generalitateak autodeterminazio eskubidea lortzeko helburuan zentratu behar duela Madrilekin hasiko duen elkarrizketa sorta horretan. ANCk presoentzako amnistia ere eskatzen duela gogorarazi du, baina nabarmendu du presoak ezin direla izan «negoziazioen bahituak».

Eragile independentisten arteko gaurko bilera, berriz, positiboa izan da, ANCko kideen iritziz. Oso egoki iritzi dio horrelako bilgune bat sortzeari Kataluniak Espainiako Estatuarekin negoziatzeko hasiko dituen bileren berri izateko eta fiskalizazioa egiteko.

Datozen asteetan ere biltzen jarraitzeko asmoa dute gaurko bileran parte hartu duten eragileek. Elkarrizketaren edukiei buruz aritu dira aurreneko topaketa honetan, baina hurrengo bileretan eduki horietan sakondu nahi dute, eta elkarrizketa mahaiaren beraren baldintzei eta bermeei buruz ere hitz egin nahi dute —ERCk eta PSOEk zehaztu gabe utzi zituzten azkeneko bi puntu horiek, eta mahaia elkartuko den aurreneko aldietan puntu horiek argitu beharko dituzte, seguru asko—.

Hauteskundeen aurrerapena

Kataluniako hauteskundeak aurreratzeko aukerari ateak ireki dizkiote gaur aurreneko aldiz Generalitateko kideek. Meritxell Budo Presidentetza kontseilariak adierazi du azkenean Espainiako Auzitegi Gorenak Quim Torra inhabilitatzen badu, eta horren osteko hurrengo bi hilabeteetan beste presidente bat inbestitzen asmatzen ez badute, hauteskundeak aurreratu egin beharko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.