Lan gatazkak

Elecnor enpresako langileek greba amaitu dute, akordioa lortuta

Iazko irailean abiatu zituzten mobilizazioak, eta 38 egun zeramatzaten greba mugagabean.

Langileen protesta bat. LAB
jokin sagarzazu
2020ko urtarrilaren 16a
17:41
Entzun

Elecnorreko langileek amaitu dute duela hilabete pasa abiatutako greba mugagabea, enpresarekin akordio bat egin ostean. Besteak beste lortu dute soldatak igotzea —100 eta 350 euro artean—, behin-behinekotasuna murriztea, bulegoetako langileen egoera hobetzea, eta langile batek azken 16 urteotan jasaten zuen «diskriminazioa» amaitzea.

Telefonicaren azpikontrata da Elecnor, eta gailuak instalatzeaz eta mantentzeaz arduratzen da. Sindikatuen arabera, enpresak 28 milioi euroren etekinak izan zituen 2018an, eta 2019an, berriz, 57,1 milioiko mozkin garbia izan zuen.

Arabako langileek irailean ekin zieten mobilizazioei, eta, azaroa bitartera arte, bost greba egun egin zituzten. Azken 38 egunetan greba mugagabean egon dira. LAB sindikatuak langile borrokaren garrantzia azpimarratu du, eta Elecnorreko beharginen «konpromisoa eta tinkotasuna» goraipatu. «Xantaia eta presioei aurre eginez, eta asko borrokatu ondoren, lortu da Elecnor enpresa handia Gasteizko tailer txiki horrekin hitz egitera esertzera behartzea, erraza izan ez den arren».

LABek salatu egin du enpresak negoziazio prozesuan izan duen jarrera. Azaldu duenez, langileekin batzartzea saihestu du, komunikazioak posta elektroniko bidezko mezu eta telefono deietara mugatu ditu, eta aurrez aurreko hiru bilera baino ez dituzte egin; horietako bi, aste honetan. «Beste behin ere argi geratu da patronalak ez digula ezer oparituko, eta eskubideak borrokatu egin behar direla. Langileriaren mobilizazioa gakoa da horretarako».

Siemens Gamesa

Siemens Gamesako ordezkaritza sindikalak —UGTk eta CCOOk osatutakoa— jakinarazi du enpresako zuzendaritzarekin akordio bat lortu  dela enplegua erregulatzeko dosierra saihesteko eta kaleratze «ez-traumatikoak» adosteko; besteak beste, erretiro aurreratuen bidez eta pizgarrien bidezko bajen bidez. Horiek nola gauzatu aztertzeko, irailera arteko epea jarri dute.

Iazko azaroan, enpresak jakinarazi zuen asmoa zuela 109 langile kaleratzeko Zamudion (Bizkaia), Sarrigurenen (Nafarroa) eta Madrilen dituen plantetan; seiehun inguru mundu osoan. UGTko ekintza sindikaleko idazkari Mikel Tapiak azaldu duenez, Euskal Herriko eta Espainiako ordezkaritzetan 30 kaleratze inguru egongo dira azkenean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.