Frankismoko krimenak

Servini epaileak Madrilen galdekatuko du Martin Villa, martxoan

Ikerketa faseko deklarazioa izango da. Argentinako kereilaren barruan auzipetutako beste lagun batzuk ere galdekatuko ditu.

Maria Servini epailea. DAVID FERNANDEZ / EFE
Edurne Begiristain.
2020ko urtarrilaren 16a
13:01
Entzun

Maria Servini epaile argentinarrak Espainiara bidaiatuko du martxoaren erdialdean, Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohia galdekatzeko. Frankismoan egindako krimenak ikertzen dituen Argentinako kereilaren barruan hartuko dio deklarazioa Martin Villari, eta baita auzipetuta dauden beste hainbat laguni ere. Ikerketa faseko deklarazioa litzateke hori, ondoren, epaileak hala erabakiz gero, ministro ohia prozesatu eta epaitu ahal izateko.

Hainbatetan atzeratu egin da Martin Villak justiziarekin zuen hitzordua. Azkenekoz, joan den abenduaren 11n. Ordurako zegoen deituta Argentinako epaitegian deklaratzera, baina martxora arte atzeratu egin zuten. Hala, Servinik azkenik Madrilen itaunduko du Martin Villa, Argentinako enbaxadan, martxoaren 20an. Espainiako Barne ministro ohia ez ezik, Argentinako kereilaren barruan auzipetuta dauden beste lagun batzuk galdekatzeko ere baliatuko du bidaia Servinik.

Serviniren erabakia pozik hartu dute Argentinako kereilako euskal plataformako kideek. «Oso pauso garrantzitsua da, justizia egiteko itxaropen pauso bat», adierazi dio Berria-ri Josu Ibargutxi plataformako bozeramaileak. Hala ere, Espainiaren jarrera salatu du: «Espainiak ez du urratsik egin nahi, eta nazioarteko justizia izan da Espainiako Estatuaren inpunitate politikari heldu behar izan diona». Ibargutxiren iritziz, Martin Villa galdekatzeak lehen pausoa izan beharko luke, frankismoaren krimenak argitzeko eta erantzukizunak zuritzeko. Baina ezinbesteko deritzo Espainiako Gobernuak auzian laguntza eskaintzeari. Hala, espero du PSOEren eta Unidas Podemosen gobernu berriak «beste modu batez jokatzea» eta «begirunea» agertzea nazioarteko auzitegiei.

2014ko urrian inputatu zuten Martin Villa aurrenekoz Argentinan, eta Maria Servini epaileak behin baino gehiagotan egin dio estradizio eskaera Espainiari. Espainiako ministroen kontseiluak bota zuen atzera horietako bat, 2015eko martxoan, eta auzitegiek ere jarrera bera izan dute ondoren. Epaileek ebatzi zuten, ordea, Servinik ez duela eskumenik Martin Villa galdekatzeko, Espainian egindako ustezko delituengatik. Espainiako epaileek argudiatu zuten, gainera, delituek preskribatu egin dutela eta 1978ko Amnistia Legea oraindik indarrean dagoela.

Gizateriaren aurkako krimenak
Gizateriaren aurkako krimenak egozten dizkiote Rodolfo Martin Villa Espainiako Barne ministro ohiari, besteak beste, Gasteizko Martxoaren 3ko gertaerengatik. Baina horiez gain, 1977ko amnistiaren aldeko astearekin lotutako krimenak eta bestelako batzuk ere leporatzen dizkiote, Argentinako kereilaren barruan: Rafael Gomez Jauregiren heriotza, 1977ko maiatzean, Errenterian (Gipuzkoa); Jose Luis Cano Perezena, 1977ko maiatzean, Iruñean; Francisco Javier Nuñezena, 1977ko maiatzean, Bilbon; Jose Maria Zabala Erasunena, 1976ko irailean, Hondarribian (Gipuzkoa); Maria Norma Mentxakarena, 1976ko irailean, Santurtzin (Bizkaia); eta Arturo Ruiz Garciarena, 1977ko urtarrilean, Madrilen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.