CSKA 94 - 90 BASKONIA

Baskoniak galdu egin du CSKAren aurka, nahiz eta itxura hobetu

Hiruko jaurtiketei esker lortu du aldea Errusiako taldeak; arabarrak, ordea, kamuts ibili dira kanpoko lerrotik.

Baskoniako Henry, CSKAko Kufosek eta Voigtmannek inguratuta, gaurko partidan. SERGEI ILNITSKY / EFE
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 17a
21:14
Entzun

Taldea noiz suspertuko esperoan daude Baskoniaren zaleak, arabarrek noiz kateatuko dituzten garaipen bat baino gehiago bata bertzearen gibeletik, Euroligako eta ACBko sailkapenetan aitzinera egiteko. Horretarako Europako kantxarik zailenetako batean jokatu behar zuen gaur, CSKA Moskuren etxean. Baskoniak galdu egin du, baina bi egun lehenago San Petersburgon (Errusia) emandako irudia garbituta itzuliko da Gasteizera, iazko Euroligako irabazlea estutzeko gai izan baita. Hiruko lerroko jaurtiketek ezarri dute aldea, errusiarrak fin ibili baitira, eta arabarrak, berriz, ez.

Baskoniak zenbait akats txukundu ditu gaurko partidan; errate baterako, aurten gaitz endemiko bihurtu diren baloi galerak, gaur hamar galdu baititu, aurkariak baino bat gehiago bakarrik —hemeretzi egin zituen Zeniten aurka, eta Alba Berlinen kontra, adibidez, 11 lehenbiziko zatian bakarrik—. Errebotean, gainera, nagusitu egin zaio CSKAri (32-36), Youssoupha Fallen eta Pierria Henryren lan onari esker —hamar hartu ditu Fallek, eta bederatzi Henryk—. Biko jaurtiketetan ere CSKAk baino estatistika hobea izan du, baina hirukoetan kamuts ibili da, 22 jaurtiketatatik bakarrik zazpi asmatuta; errusiarrek, ordea, 26tik hamahiru saskiratu dituzte.

Lehenbiziko laurdeneko minutu gehienetan Baskonia aitzinetik egon da markagailuan, 12-21eko aldea lortzeraino. Etxekoek, ordea, 15-2ko partzial batekin, buelta eman diote markagailuari, eta 27-25 aitzinetik bukatu dute lehen hamar minutuetan. Baskoniak azkenekoz bigarren laurdenaren hasieran lortu du aitzinetik paratzea (31-32), baina CSKAk segidan eman dio buelta, eta hirugarren laurdenean guztiz handitu du aldea. Fall kantxatik kanpo egon denean izan da hori. Azken laurdenaren lehenbiziko erdian lortu dute errusiarrek alderik handiena, hemeretzi punturena (86-67), baina, pibot frantziarra kantxara itzulita, Matt Janningen eskumuturrak partida osoan izan ez duen beroaldia hartuta, eta CSKAri konfiantzak gainezka egin diola baliatuta, 0-12ko partzial batekin 88-83raino hurbildu dira gasteiztarrak, minutu baten faltan. Emozioa eman diote partida bukaerari, baina denbora gutxiegi gelditu zaie. 94-90 bukatu da.

Fallek hagitz partida ona jokatu du, hamar errebote hartzeaz gain Baskoniako saskiratzaile onena izan baita, hemeretzi puntu lortuta. Henryk hemezortzi puntu sartu ditu, eta bederatzi erreboteez gain lau asistentzia eman. Hala ere, partidaren lehenbiziko zatian markagailuan CSKA hartzeko aukera zutenean huts egin dituen hiruko jaurtiketa argiek eta zenbait erabaki txarrek itsustu dute oro har ona izan den lan bat —bortz jaurtiketatatik bakarra sartu du hirukoetan—. CSKAko tiratzaileak, ordea, fin aritu dira, eta Mike James haien joko antolatzaileak sasoiko partidarik onenetakoa jokatu du, 33 puntu sartuta. Euroligako 20. jardunaldia bukatuta, Baskoniak gero eta urrutiago ditu kanporaketetarako postuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.