Katalunia

Trapero: «Nire izendapenak ez zuen loturarik izan prozesu subiranistarekin»

Gaur hasi da Kataluniako Mossoek 2017ko urriaren 1ean izandako jokabidea zigortzeko epaiketa. Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak 11 urteko kartzela zigorra eskatzen du Mossoen buruarentzat eta beste bi goi kargudunentzat.

Puig, Soler, Laplana eta Trapero, gaur goizean, Auzitegi Gorenean. FERNANDO VILLAR / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 20a
17:16
Entzun

Gaur hasi da Espainiako Auzitegi Gorenean Kataluniako Mossoek 2017ko urriaren 1eko erreferendumean izan zuten jokabidea zigortzeko epaiketa. Akusatuak hauek dira: Josep Lluis Trapero Mossoen buru ohia, Pere Soler Mossoen zuzendari ohia eta Cesar Puig Kataluniako Barne Ministerioko idazkari nagusi ohia. Fiskaltzak 11 urteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa eskatu du hiru horientzat, matxinada delituagatik. Laugarren akusatua Teresa Laplana Mossoetako intendente ohia da, eta harentzat, berriz, lau urteko kartzela zigorra eta 11ko inhabilitazioa eskatzen du, sedizioagatik.

12:00ak aldera hasi da Trapero Miguel Angel Carballo Goreneko fiskalaren galderak erantzuten. Besteak beste, Altsasuko gazteen auzian eta Kataluniako CDRen aferan parte hartzeagatik da ezaguna Carballo. Akusatuak azaldu duenez, bera 2017ko apirilean Mossoen buru izendatu izanak —U-1eko erreferenduma baino hilabete gutxi lehenago— ez zuen loturarik izan prozesu subiranistarekin. Traperoren arabera, Carles Puigdemont Kataluniako presidente zenak ez zuen bere izendapenaren berri, eta Albert Battle Mossoen zuzendari ohiak proposatu zuen kargurako. Puigdemontekin zuen harreman pertsonalaz galdetuta, «ez ona, ez txarra» zela esan du, eta horrek ere ez zuela zerikusirik izan izendapenean.

Battlek urriaren 1eko galdeketa baino bi hilabete lehenago utzi zuen Mossoetako zuzendari postua, gobernuak galdeketarekiko hartutako jarrerarekin bat ez zetorrelako. Haren ordezkoa, Pere Soler, epaitua izaten ari da gaur, Traperorekin batera.

2017ko irailaren 20ko protestetan izan zuten jokabideaz ere jardun du Traperok. Milaka manifestari Kataluniako hainbat tokitan elkartu ziren Guardia Zibilak egin zituen erregistroak salatzeko. Kontatu duenez, Guardia Zibilak laguntza eskatu zien Mossoei, baina, Traperok berak jakinarazi zienez, ez zuten efektibo nahiko eskariak betetzeko: «Aurreikuspenik gabe ezin genituen osatu 40 metroko bost polizia lerro; saiatu ginen tokietan, parean jarri zen jendea, eta milaka pertsonako kontzentrazio batean arazo larriak sor zitzakeen horrek».

Egun hartan Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentearekin izandako deiei buruz, esan du ohikoa dela Mossoek harremana izatea manifestazioetako liderrekin: «Emaitza oso onak eman izan dizkigu». Sanchezekin eztabaidaren bat izan zuela ere aitortu du Mossoen buruak, «erakunde bat ordezkatzen duen pertsona bat ez baita inor Poliziari nola jokatu behar duen esateko».

Zenbait galderaren bidez, Carballo fiskalak iradoki du Traperok lotura duela independentismoarekin. Mossoen buru ohiak argi utzi du ez zuela ezagutzen inongo proiektu independentistarik, eta kargua onartu zuenean ez zuela kontuan hartu Kataluniako egoera politikoa. 2016an Kataluniako Parlamentuan sortu zuten Batzorde Konstituziogilearen ondorio asko «astakeria bat» direla ere esan du

Matxinada ala sedizioa?

Buruzagi independentisten kontrako epaiketan hamabi akusatutik bederatzi sedizioagatik zigortu zituen Gorenak, eta, logika berari jarraituz, gaur hasi den epaiketako akusatuek ere delitu horri egin beharko liokete aurre. Olga Tubau Traperoren abokatuak azaroan eskatu zion fiskaltzari akusazioa aldatzeko —epaiketa behar bezala prestatu ahal izateko—, Gorenak emandako epaiaren jakitun. Halere, Miguel Angel Carballo fiskalak azaldu duenez, amaierara arte matxinada egotziko die Solerri, Traperori eta Puigi. Oraindik bada aukera bat, ordea; epaiketaren amaieran, froga guztiak aztertu ondoren, posible da fiskaltzak bere akusazioa aldatzea, eta horretarako aldez aurretiko jarrera erakutsi du epaiketan.

Laplanaren osasun txostena

Laplanaren abokatua ere bada Tubau, eta Mossoen intendente ohiaren txosten mediku bat erakutsi du epaiketaren hasieran; Laplanak trauma osteko estresa duela argudiatu du horren bidez. Ondorioz, eskubidea du beharrezkoa denean soilik egoteko epaiketan —galderak erantzun behar dituenean eta bi aldeen ondorioak entzuteko unean—. Gorenak onartu egin du eskaera, arrazoiak osasun kontuak direnean ez baititu zalantzan jartzen.

Printzipioz martxora arte iraungo du epaiketak. Bitarte horretan, fiskaltzak eta defentsak eskatutako 104 lekukok deklaratuko dute, tartean Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohia, zeina kartzelan baitago; ikusteko dago Madrilera eramango duten ala bideokonferentzia bidez emango duen bere lekukotza.

Oraingoz, ERCk babesa erakutsi die Gorenean epaituak izaten ari direnei, egiten ari direna «independentismoaren aurkako epaiketa orokor bat» baita, Marta Vilalta bozeramailearen arabera. Esan duenez, «ez da komeni errepresio egoera etengabe hau normalizatzea», eta Espainiako segurtasun indarrek izan beharko lukete epaituak, «herriaren kontra biolentzia erabili zutenek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.