Noiz sortua: 2020-01-20 14:17:12

Turismoa

Ituren eta Zubietako inauteriak turistifikatuz negozioa egitea egotzi diote Julian Iantziri

Telebistako aurkezleak «turismo iraunkorra» defendatu du; horrekin dirua irabazten duela ukatu, eta Euskal Herria ezagutarazteko egiten duela argudiatu du. Zubietako Udalean ez dakite ezer egitasmoaz.

Julian Iantzik sare sozialetan jarri duen afixa.
Julian Iantzik sare sozialetan jarri duen afixa. Itsaslur Bidaiak Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2020ko urtarrilak 20

Iruzkinak eragin ditu Julian Iantzi telebistako aurkezleak sare sozialetan eginiko proposamen batek: Iturengo eta Zubietako (Nafarroa) inauterietara joatea, eta «barrutik ezagutzea» proposatzen die turistei, 56 euroren truke.

«Aukera duzue inauteri ospetsu hauek ezagutzeko, baina barrutik», idatzi du Iantzik bere Instagrameko kontu ofizialean. «Mundu guztiak ez du izaten pribilegio hori». Bi txango lirateke, Iantzik azaldu duenez: lehena urtarrilaren 27an, eta hurrengoa 28an, hau da, Zubietako joaldunek Ituren bisitatzen dutenean, eta, hurrengo egunean, Iturengoek bisita itzultzen dietenean. «Benetan polita eta ikusgarria izaten da jai hau. Ikuskizuna benetan paregabea da, eta urtero aho bete hortz uzten dute jendea».

 

Erantzunak jaso ditu Iantziren proposamenak berehala.

«Denona denetik errentak erauztea, eskasia sortuz eta perspectiva privilegiada bezala salduz. #Turismo eredu honi mugak jartzea beharrezkoa da, dena deuseztuko du bestela», esan du Beñat Irasuegi kooperatibistak.

«Julian, dena ez da ikuskizuna. Ituren eta Zubietako pertsonek (gehiengoak) zabaldu nahi badute, utzi beraiei egiten. Baina zu agertzen bazara zure turista ejerzitoarekin, ez dakit gustatuko zaien... Beste menu batzuetan gertatu da eta herrikoen erantzuna ez da ona izan», idatzi du @galgorri erabiltzaileak.

 

«Ittundarrek eta zubitarrek ez dute nahi zu han agertzerik zure negozioekin. Beraz bertako eta beste ihauteriak bakean utzi, mesedez!», erantzun dio beste erabiltzaile batek, eta «herriko jaiekin negozioa» egitea egotzi dio laugarren batek.

Itsaslur bidaia agentzia dago egitasmoaren atzean. Elgorriagan egingo dute hitzordua. Turistek han utziko dituzte autoak, eta agentziaren furgonetetan joango dira Zubietara, goizeko 09:00etan. Han, inauteriaren hasiera ikusiko dute. Aurtizera joango dira gero, eta, han, joaldunak nola janzten diren ikusiko dute, eta elkartean hamaiketakoa hartuko dute joareak eramango dituzten herritarrekin. Haiekin Iturenera joango dira. Gehienez 10-12 pertsonako talde bat osatuko da. Agentzian ez dute eztabaidaren inguruko adierazpenik egin nahi izan.

«Hau turismo iraunkorra da. Euskal Herria ezagutzera emateko egiten dugu. Ez dago besterik», esan du Julian Iantzik. Hortik dirua ateratzen dutela ukatu du aurkezleak. «Guk lagundu egin nahi dugu: geure kultura ezagutu nahi dutenei aukera bat eman nahi diegu». Agentziak «autore bidaiak» antolatzen dituela adierazi du. Gaineratu du turismo iraunkorra ez dela legez kanpokoa. «Egin al dute erreferendumik Zubietan eta Iturenen hau nahi duten edo ez erabakitzeko?». Urteak daramatzate halako txangoak antolatzen Euskal Herriko hainbat txokotara. Aste Santurako, Afrikako Kilimanjaro mendirako bidaia antolatu du Iantzik. «Horretan ere ez dugu dirurik irabazten. Ematen ditugun zerbitzuak dira». Hurrengo txango batean Nafarroako Erriberako hainbat biztanle sagardotegi bat bisitatzera eramango dituela iragarri du, «askok ez dituztelako ezagutzen».

Zubietan, ordea, ez dute egitasmo horren berririk. «Guk ez daukagu ideiarik ere horri buruz. Txartela ikusi dugu», esan du Zubietako Udalak. Adierazi dute txangoa ez dela udaletxearekin koordinatu, ez dutela inongo baimenik eskatu eta ez dela herriko eragileen ekimena. Nafarroako Gobernuak Interes Kulturaleko Ondasun izendatuak ditu Ituren eta Zubietako inauteriak, eta Interes Turistikoko Jaia.

Itsaslur Bidaiak agentzia 1992. urtean sortu zuten, «turismoa egiteko era berri bat eskaintzeko asmoz», euren webgunean adierazi dutenez. «Abenturazko turismoa, naturan bizi izandako jarduerak, turismo ekologikoa» eta «turismo alternatiboa» aipatzen dituzte.

Publikoa eta pribatua

Iturengo herritarrek herriko etxeko sabaian egiten dituzte inauteriaren prestakizunak, eta duela hiru urte erabaki zuten hara prentsari ere sartzen ez uztea. «Ez dago tokirik denentzat. Kamerekin eta jendetzarekin bero handia egiten zuen, eta oso itogarria zen», azaldu du Jagoba Manterolak. Zinegotzia izan zen Iturenen 2011tik aurreko abendura arte. Esan duenez, lekua zozketatu ere egiten dute herritarren artean, eta norberak gonbidatu bakanen bat eraman dezake. Iturengo Aurtitzeko elkartea, ordea, pribatua da. Halere, han asko jota 100-110 pertsona sar daitezkeela esan du Manterolak. Adierazi du auzo osoak ez dituela biztanle gehiago edukiko, eta inauteri osoak egiteko izena ematen duten herritarrak 75 bat izango direla. «Beraz, gerta daiteke %15 turistak izatea».

Manterolak «espekulaziotzat» jo du ekimen turistikoa. «Kanpotik etortzen zaizkigu bertakoa saltzeko. Eurentzat hartzen dute eurena ez dena».

Bestelako kasuak

Eztabaidak 2018ko oihartzunak ekarri ditu. Orduan, Donostian kexa adierazi zuten elkarte gastronomikoetako hainbat bazkidek, enpresa turistiko batzuk elkarteetako «esperientzia» bizitzea iragartzen ari zirelako: turistei elkarte gastronomiko batean hiruzpalau orduz egoteko aukera eskaintzen zieten, diru truke. Eatwith enpresak eskaintzen zuen «esperientziak» 126 euro balio zuen pertsonako; Discover San Sebastianek eskaintzen zuenak, berriz, 165 euro. Ikusnahik enpresak sukaldariburu batekin pintxoak egiten ikasteko aukera eskaintzen zuen, 250 eurogatik.

«Ezin da negoziorik egin elkarteekin», esan zuen orduan Gaztelubide elkarteko kide Xabi Unzuetak. Donostiako Udalak adierazi zuen enpresa batek elkarte gastronomiko batekin egiten duen egitasmo pribatu bat izanik, udalak «gutxi» egin zezakeela.

Abenduan, berriz, Bilboko Planazo Excursiones agentziak antzeko eztabaida bat piztu zuen Gaztelugatxera (Bermeo, Bizkaia) antolaturiko txango batekin. Abenduaren 30ean, eta 15 euroren truke, autobusa, gidari batekin bisita, «giro ona eta hamaiketako gozoa» eskaini zituzten. Kontua da egun horretan Urte Zaharraren harirako ospakizunak egiten dituztela han bermeotarrek, eta hamaiketakoa herriko boluntario taldeak eskaintzen ohi duela. «Besteen lana negozioa egiteko baliatzea» egotzi zioten agentziari sare sozialetan, eta udalak «errespetua» eskatu zuen. Azkenean, bertan behera utzi zuten txangoa.

Abenduan ika-mika sortu zuen txangoaren afixa. Azkenean, bertan behera utzi zuten.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 28an eguneratua, 18:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hiru pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 23 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta sei gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.976 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.037 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Donostiako Kontxa hondartza, pasa den asteartean. ©Gorka Rubio, Foku

Hondartzen erabilera «dinamikoa» egiteko eskatu du Jaurlaritzako Osasun Sailak

Berria

Osasun Sailak eskatu du hondartzak kirola egiteko, paseatzeko eta bainatzeko erabiltzea, baina ez hondarretan geldirik egoteko. Bizkaian, Areetan, Lagan, Laidan eta Ean hartu dute hondartza «dinamikoak» ezartzeko erabakia. Lapurdiko hondartzak, berriz, maiatzaren 16an ireki zituztenetik dira «dinamikoak».

Mari Luz Esteban eta Elixabete Garmendia. / ©GORKA RUBIO, FOKU

«Zahartzaroari ematen zaion tratamenduaren metafora da gertatu dena»

Maider Galardi F. Agirre

Koronabirusaren krisia piztu denetik, maiz hitz egin da adinekoen zaurgarritasunari buruz, eta, oraindik, kalera irteteko mugak dituzte adinekoek. Mari Luz Esteban antropologoak eta Elixabete Garmendia kazetariak, ordea, salatu dute adinkeria dagoela, eta beharrezkoa dela nagusiagoei ahots propioa ematea.

Eskubide Sozialen Gutunak deituta, gaur Iruñean eginko bizikleta martxa ©Jagoba Manterola (Foku)

Eskubide Sozialen Gutunak mobilizazioak iragarri ditu ekainaren 19rako

Jokin Sagarzazu

Herritarrak aktibatzea ezinbestekotzat jotzen dute, «aurreko krisien ondoren gertatutakoa» errepika ez dadin. Datozen egunetan emango dituzte zehaztapen gehiago mobilizazioaren inguruan. Hiriburuetan izango dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna