Zinema

Terry Jones Monty Python taldeko kidea hil da

Aktore ez ezik, zuzendaria ere izan zen, eta, besteak beste, Life of Brian eta The Meaning of Life filmak zuzendu zituen

Terry Jones, 2004ko argazki batean. LUKAS MACHALINEK/ EFE
mikel lizarralde
2020ko urtarrilaren 22a
20:38
Entzun

Terry Jones aktore, gidoilari eta zuzendari galestarra (Colwyn Bay, 1942) 77 urterekin hil dela jakinarazi dute. Monty Python taldeko kidea izan zen, eta 1969tik 1980ko hamarkadaren erdialdera arte, umore talde horri lotuta egon zen haren lana. Michael Palin, Graham Chapman, John Cleese, Terry Gilliam eta Eric Idlek osatu zuten, Jonesekin batera, seikote ospetsua.

Monty Python's Flying Circus (1969-1974) telebistarako saioarekin egin ziren ezagun hala Monty Python nola Jones bera, umore absurdo eta surrealista landuz, eta 1971n lehen filma osatu zuten telebistarako prestatutako gag-ak bilduz: And Now for Something Completely Different.

Zinemarako jauzia, ordea, lau urte geroago egin zuten Monty Python and the Holy Grail Artur erregeari buruzko parodia zikloarekin. Pelikula hori lau eskutara zuzendu zuten Jonesek berak eta Gilliamek, gerora zuzendari gisa bidea egingo zuten Monty Pythoneko bi kideek, hain zuzen ere.

Film horrek, arrakasta handia izateaz gain,  umorea egiteko modu lotsagabe bat erakutsi zuen, hurrengo lanetan taldeak garatuko zuena. 1979an Jonesek berak zuzendu zuen Monty Pythonen film ezagunena, Life of Brian, Jesus Nazaretekoaren garai berean jaio eta mesiastzat hartzen duten gazteari buruzko filma. Jonesek, filma zuzentzeaz gain, Brianen amaren rola hartu zuen bere gain beste batzuekin batera.

[youtube]https://youtu.be/DBbuUWw30N8[/youtube]

1983an, taldeak bere azken filma egin zuen elkarrekin: The Meaning of Life, bizitzaren beraren garai ezberdinei buruzko film umoretsu, basati eta zenbaitetan baita eskatologikoa ere.

Taldea desegin ostean telebistan segitu zuen lanean, baina baita zineman ere. Jim Hensonen Labyrinth filma idatzi zuen, eta, besteak beste, Eric the Viking zuzendu zuen.

2016an hitz egitea eta komunikatzea galarazten zion dementzia mota bat diagnostikatu zioten. Londresen hil da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.