Wuhango pneumonia

Garraio publiko oro geldituko dute Wuhangen, birusa zabal ez dadin

Txinako hirian atzemandako koronabirusak 17 pertsona hil ditu dagoeneko.

Taipeiko metroko bidaiariak maskarekin, gaur. DAVID CHANG / EFE
Erredakzioa
2020ko urtarrilaren 22a
21:36
Entzun

Bederatzi milioi biztanle ditu Txinako Wuhan hiriak, eta garraio publikoa gelditzeko agindu dute agintariek, pneumonia hilgarria eragiten ari den birusa are gehiago zabaltzea galarazten saiatzeko. 

Agintariek hiritik ez ateratzeko eskatu diete herritarrei. Tren, metro eta itsasontzi bidezko garraioa etengo dute bihar 10:00etatik aurrera, Euskal Herrian osteguneko 03:00 direnean. Aireportua eta tren geltokiak itxiko dituzte.

Birusak 17 pertsona hil ditu dagoeneko, eta osasun agintariek baieztatu dute 440 gaixorik daudela.

Wuhan hirian atzeman zen lehen aldiz 2019-nCoV koronabirusa, Wuhango pneumonia deritzona, abendu erdialdean. 11 milioi biztanleko hiria da, eta hango arrain eta itsaski merkatu batean kokatu dute gaixotasunaren iturria. Izan ere, xehetasun argirik eman ez den arren, Munduko Osasun Erakundeak sare sozialen bidez adierazi du seguruena dela «koronabirus berriaren agerraldiaren lehen iturria animalia jatorrikoa izatea». Erakundeak animaliekin kontakturik ez izateko edo horretarako beharrezko neurriak hartzeko gomendioa egin du, baita animalia jatorriko jakiak ondo kozinatzeko ere.

Egoera, ordea, are larriagoa da, Txinako Osasun Batzordeak adierazi baitu gizakien artean ere kutsa daitekeela Wuhango pneumonia. Erakunde horren arabera, halako bi kasu baieztatu dira jada, Kanton probintzian. Maskarak eta mukizapiak erabiltzeko eta eskuak sarri garbitzeko gomendatu dute osasun erakundeek. Horrez gain, jende pilaketak saihesteko ere adierazi dute. Munduko Osasun Erakundeak urgentziazko bilera batera deitu du biharko, zehazteko ea «nazioarteko intereseko osasun larrialdia» den.

Koronabirusak sukarra eta nekea eragiten ditu, bai eta eztul lehorra eta arnasa hartzeko zailtasuna ere. Oraingoz, 440 lagun inguru daude kutsatuta, gehienak Wuhanen. Hangoak dira hildako herritar denak. Halere, hamahiru probintziatara zabaldu da gaitza. Esaterako, Kanton probintzian hamalau kasu baieztatu dira, eta bost Pekin hiriburuan. Shanghain ere behaketan dago herritar bat, gaixotasuna izan dezakeelakoan. Kutsatuta dauden lagunetatik gutxienez 169 bakarturik ospitaleratuta daude; 35 larri, eta hamabi kritiko.

Urtarrilaren 25ean Txinako Urteberria ospatuko dute. Herrialde horretan bidaia gehien egiten den garaia da, milioika herritar etxera itzultzen baitira ospakizunetarako. Horiek horrela, bidaiarientzako sukar kontrolak ezarriko ditu gobernuak tren eta autobus geltokietan, eta aireportuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.