Gutxieneko soldata 950 eurora igoko du aurten Espainiako Gobernuak

Akordioa itxi du patronalekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin. Legealdian zehar gehiago igotzeko aukera aztertuko dute.

UGT eta CCOOko sindikatuetako ordezkariak, Lan ministroa eta patronaletako buruak. MARISCAL (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko urtarrilaren 22a
09:10
Entzun

Espainiako Gobernuak berriz igoko du gutxieneko soldata: %5,5 gehiago, 950 euroko hamalau ordainketa: 13.300 euro urtean. Egunotan negoziazioetan aritu da CEOE eta Cepyme patronalekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin, eta asteazken honetan egin du akordioa haiekin. Yolanda Diaz Lan ministroa pozarren azaldu da, eta azpimarratu du elkarrizketa soziala «berreskuratzeko» urrats bat izan daitekeela gobernuaren, patronalaren eta sindikatuen arteko akordioa. Gobernuaren asmoa da datorren astearteko Ministroen Kontseiluan onartzea neurria, hil honetako soldatetan indarrean sartzeko.

Madrilek 2018an igo zuen azkenekoz gutxieneko soldata; orain bezala, Pedro Sanchez (PSOE) zegoen gobernuan eta Unidas Podemosekin hitzartu zuen igoera, aurrekontuak babestearen truke. 900 eurotan jarri zuten, %23,3 igota —1977tik izandako igoerarik handiena—. Oraingo gobernu akordioaren negoziazioetan 1.000 eurora igotzeari buruz hitz egin zuten bi aldeek, baina, azkenean, 950ekoa izango da. Hori bai,  gobernu itunean jasota dago legealdi amaierako batez besteko soldataren %60 izatea gutxieneko soldata 1.166 euro.

Oraingo akordioaren arabera, aldeak konprometitu dira gutxieneko soldata gehiago igotzeko aukera aztertzeko legealdian zehar, baina CEOE patronaleko presidente Antonio Garamendik jada ohartarazi du ez duela zertan izan gobernuan dauden bi alderdiek zehaztutako kopuruetan eta denboretan, eta egoera ekonomikoak baldintzatuko dituela negoziazioak. «Hori bi alderdien arteko akordio bat da; gu egunean egunekoan gaude».

Garamendik azaldu duenez, patronalak akordioa onartu du gobernuak hitza eman diolako kontratu publikoen legean enpresarien elkarteen eskaerak aintzat hartuko dituela. «Negoziazio batean denok utzi behar dugu zerbait». Aitortu du igoera txikiagoa proposatu zutela haiek. «1.000 euroko soldatak gehiago kezkatzen gintuen oraingoak baino».

Akordioa egin aurretik, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak zehaztu du hazkundea «progresiboa» izan behar dela eta enpresen tamaina kontuan hartu behar dela. Sindikatuek ez dute baztertzen igoera mailakatua izatea. Aitortu dute kopurua 1.000 eurora igotzeak arazoak sortuko lituzkeela hitzarmen kolektibo batzuen negoziazioetan, itun batzuetan ez direlako kopuru horretara iristen. Dena den gogoratu dute PSOEk eta Unidas Podemosek euren gobernu akordioan jaso dutela legealdi amaierako 1.200 euro ingurukoa izatea, eta azpimarratu dute helburu horri eutsiko diotela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.