Migrazioa

Migranteen bila, argazkitarako

«Migrazio ilegalaren» kontra Frantziako eta Espainiako polizia zerbitzuek duten elkarlana erakusteko propaganda operazioa egin dute gaur, Irun eta Hendaia artean.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko urtarrilaren 22a
21:41
Entzun

Azken hilabeteetan Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko ordainlekutik iragan denak harridura handia izanen zuen gaur arratsaldeko operazioa ikusita. Egunerokoan, Frantziako hiruzpalau polizia egoten dira; tarteka, aduanak. Gaur, ehun agentetik gora mobilizatu dituzte: Frantziako eta Espainiako Poliziak, Jendarmeria, eta Guardia Zibila.

Ordua 15:00etarako emana zuen Pirinio Atlantikoetako prefeturak, «migrazio ilegalaren kontrako operazio koordinatuaren»berri emateko. Espainiako eta Frantziako polizien elkarlana erakusteko propaganda operazioa, beste gisa batez errateko. Kolore ezberdinetako poliziak, uniforme garbitu berriarekin, kontrol anitzetan ohikoa ez den sinpatiarekin, kameren aitzinean posatzen. Gidariari paperak itzultzeko momentuan geldialdi bat egin du polizia batek, kamerek angelu ezberdinetatik harrapatzeko aukera izan dezaten. Itxura zaindu behar da, gero.

«Gero eta kontrol gehiago» egiten dituztela adierazi du Christian Vedelagok, Pirinio Atlantikoetako prefetaren kabineteburuak. Euskal kostaldea «pasaia leku inportantea» dela azpimarratu du, «bereziki Afrikatik datozenentzat». «Pribilegio hori Ekialdeko Pirinioetako gure lankideekin partekatzen dugu; haiekin elkartu beharrean gara ere, migrazio ilegalaren kontrako politika publikoan diharduten zerbitzuen koordinazioa hobetzeko».

Gerora, horrela esplikatu dio beste kazetari bati: «2018an gorakada handia izan zen, Mediterraneoko eta Europa erdialdeko bideak oztopatu zituztelako. Migranteen artean mezua pasatu zuten, telefonoak baitituzte migranteek. Beldur handia izan genuen... Bueno, beldurra, baliabide eta polizia kopuruagatik. Baina geroztik orekatu da».

2018ko udazkenean ireki zutenetik, Baionako Pausa zentroan 10.000 migranteri egin diete harrera. Denak edo gehienak, Espainiako Estatuko migrazio lerroetatik iraganak. Muga pasatzea ekidin ordez migranteak arrisku gehiago hartzera bultzatzen ote dituzten galdetuta, ezetz dio Vedelagok. «Frantziako eta Europako legeak aplikatzen ditugu. Asilo eskaera egin dezaketenei harrera egiten die Frantziak».

Berriki eskuratu duten azken jostailua erakusteko ere baliatu dute agerraldia: drone bat. Kamera termikoaren bidez, gauez ere muga eta inguruak kontrolatzea ahalbidetzen diela azaldu du Vedelagok. Metro batzuez igo da tresna, argazkilarien klik-klik soinuak tapatuz. Nortasun agiriak egiaztatzeko furgoneta berezi bat ere erakutsi dute, «teknologia biziki garatuarekin».

«Truke sistema»

Irun eta Hendaia artean Frantziak itzulketa irregularrak egiten dituela salatu zuten 2018an zenbait elkartek. Beste gisa batean aurkeztu zuen mugako poliziaren zuzendariak atzo: «Truke sistema bat dugu, pertsona bati lurraldean sartzea ukatzen diogularik Espainiako Poliziaren esku uzteko». Gaur ez da migranterik pasatu ordu horietan. Ausartenak, bihar entseatuko dira berriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.