Gizartea

Sindikatuek esan dute Gipuzkoako zahar etxeen auzian protestaren bidea besterik ez zaiela geratzen

ELAko eta LABeko ordezkariek salatu dute gaur goizean egin duten bileran proposamen «onartezin» bat egin dietela patronaletako ordezkariek.

Gipuzkoako zahar etxeetako langileak gaurko protestan. BERRIA
arantxa iraola
2020ko urtarrilaren 23a
18:32
Entzun

Gipuzkoako zahar etxeetako grebaren harira, gaur goizean elkartu dira patronala eta ELA –sektorean gehiengoa du–, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak. Bileraren ondoren, Txomin Lasak (ELA) eta Ane Sarriegik (LAB) hartu dute hitza, eta patronalak bileran aurkeztu dien proposamena «erabateko errespetu falta» izan dela deitoratu dute: «Onartezina izan da». Kanpoan langile asko zeuzkaten zain, eta penatuta eman behar izan dizkiete bileraren emaitza eskasari buruzko azalpenak. Gordin mintzatu dira. «Gauzak argi esan behar dira: gezurrik esan gabe. Oso itxura txarra du honek», azaldu du Lasak. Herrialderako lan itun berria eskatzen ari dira 2017tik, eta 2018ko udaberrian hasi ziren protestak iragartzen. Ordutik, 190 egunetan baino gehiagotan egin dute greba.

Sindikatuek esan dute gaurko bileran ikusi dutela patronalak ez dituela kontuan hartu nahi langileen eske oinarrizkoenak ere. «Egin diguten proposamenean, 2019-2022 urteak hartzen dira aintzat: 2017 eta 2018 urteak galduta daude. Ondo dakite guk hori ez dugula onartuko. Izugarrizko mina ari dira egiten halakoak proposatuta», adierazi du Sarriegik. Lasa bat etorri da: gogora ekarri du «marra gorritzat» jo dutela  langileek negoziazioetan aintzat hartu beharreko denbora tartearena. Beraz, gaurko bilerara «esperantza» apur batekin joan badira ere, aukera zapuztu bat izan dela sentitu dute, ikusi baitute hori ez zela kontuan hartzen enpresek prestatuta eraman duten proposamenean.

ELAk negoziazio mahaian eseri gabe egin zuen denboraldi bat, eta gaur Lasak iragarri du hurrengo bilerara ere ez direla agertuko: «2017-2018 urteak aintzat hartzen dituen proposamen bat egiten ez duten bitartean, ez gara eseriko». Mahaitik patronalak berak uxatu dituela esan du: «Gu probokatzera etorri dira; gu mahaitik altxatzea nahi zuten, min eman nahi zuten». LABek, berriz, aztertu egingo du hurrengo bilerara agertu edo ez. Baina zalantza handiak ditu. «Ez dakigu jolas onartezin honetara etortzea merezi duen ere», onartu du Sarriegik. Eguna jarrita dago: otsailaren 12a. Sindikatuetako ordezkariek argi utzi dute, gaurko bileran jasotako ekarpenen zurruntasuna ikusita, bide bakar bat ikusten dutela datozen asteetarako: «Mobilizazioena». Otsailaren 7ra arteko greba antolatua du ELAk, eta, atzetik gehiago etorriko direla iragarri du Lasak: «Greba gehiago izango dira: seguru. Eta egoera ikusita, gainera, luzerako izango da».

Lasak «dirua egitea beste asmorik» ez izatea egotzi die enpresei. Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera ere salatu dute sindikatuek; izan ere, zahar etxeetako leku gehienak erakunde horrek eskaintzen ditu itunpean, baina gero ez du gatazkan esku hartu nahi. Hain zuzen ere, maiz adierazi dute foru gobernuko buruek ez dutela deus egiteko asmorik: lan gatazka bat dela diote, eta negoziazio mahaian konpondu behar dela. Hortik dator langileen ordezkarien arrangura. «Diputazioaren erantzukizuna da gatazkak bere horretan jarraitzea», salatu du Sarriegik.

Gatazka hasi zenetik, langileen lan baldintzak hobetzeko neurri bakar bat egon da, baina herabea izan zen, eta herrena: iazko azaroaren 8an soldaten gaineko itun bat hitzartu zuen UGTk enpresekin, baina langileen ordezkaritzaren %10 besterik ez du sindikatu horrek, eta beste sindikatuek ez zuten ontzat jo. Herrialderako lan itun oso bat lortu arte borrokan jarraitu behar dela adierazi zuten.

Gipuzkoako zahar etxeetan 5.000 langile inguru daude, gehienak emakumezkoak. Aldarrikapen ugari dituzte, besteak beste, «soldata arrakala» ezabatzea, atsedenaldiak ordaintzea, trebakuntza jasotzea eta ratio hobeak edukitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.