Koronabirusa

OMEk baztertu egin du koronabirusagatik nazioarteko larrialdia ezartzeko aukera

Oraingoz, 630 pertsona kutsatu dira koronabirusarekin, eta hemezortzi dira hildakoak. Hala ere, nazioarteko erakundeak «goizegi» iritzi dio larrialdi egoera ezartzeko.

arantxa elizegi egilegor
2020ko urtarrilaren 23a
21:01
Entzun

Bi eguneko bileren ostean, OME Osasunaren Mundu Erakundeak baztertu egin du Txinan agertutako koronabirusa dela-eta nazioarteko larrialdia ezartzeko aukera. Erakundeko buru Tedros Adhanomen iritziz, «goizegi» da oraindik horretarako. Hala ere, OMEk ez du baztertzen aurrerago beste bilera bat egin eta larrialdi egoerara deitzeko aukera. Halakorik eginez gero, mundu mailako neurriak sartuko lituzkete indarrean. Oraingoz, baina, soilik aholkatu dute koronabirusa detektatzeko neurriak hartzeko, batez ere erietxeetan.

Adhanomek zehaztu du larrialdi egoera ezarri ez izanak ez duela esan nahi egoera ez dela larria. «Txinan koronabirusa osasun larrialdi bilakatu bada ere, oraindik ezin dugu esan nazioartean ere larrialdi egoeran gaudenik. Horregatik, oraingoz, ez dugu aholkatuko bidaia komertzialak mugatzea, baina bai aireportuetan kontrolak jartzea».

Orain arte, 630 pertsona gaixotu dira koronabirusarekin, eta hemezortzi dira hildakoak. Txinan izan du eragin handiena. Han dagoeneko lau hiri itxi dituzte gaitza zabal ez dadin: Wuhan, Huanggang, Ezhou eta Xiantao. Garraio publikoa ez erabiltzeko eta ekitaldi publikoetara ez joateko aholkatu diete milioika herritarrei. Beste hiri askotan, berriz, erabat itxi ez dituzten arren, segurtasun neurriak ezarri dituzte. Txinatik at, beste sei herrialdetan topatu dituzte birusak kutsatutako pertsonak: Singapurren, Vietnamen, Japonian, Thailandian, Hego Korean eta AEBetan.

Wuhan hirian atzeman zen lehen aldiz 2019-nCoV koronabirusa, Wuhango pneumonia deritzona, abendu erdialdean. Bederatzi milioi biztanleko hiria da, eta hango arrain eta itsaski merkatu batean kokatu dute gaixotasunaren iturria. Xehetasun argirik eman ez den arren, OMEk sare sozialen bidez adierazi du litekeena dela «koronabirus berriaren agerraldiaren lehen iturria animalia jatorrikoa» izatea. Erakundeak animaliekin kontakturik ez izateko edo horretarako beharrezko neurriak hartzeko gomendioa egin du, baita animalia jatorriko jakiak sukaldean prestatzerakoan sutan ongi erabiltzeko ere.

Birusa, ordea, ez da animalietatik gizakira soilik kutsatzen. Txinako Osasun Batzordeak adierazi du gizakien artean ere kutsa daitekeela. Halako bi kasu baieztatu dira Txinako Kanton probintzian. Maskarak erabiltzeko eta eskuak sarri garbitzeko gomendatu dute osasun erakundeek.

Koronabirusak sukarra eta nekea eragiten ditu, baita eztul lehorra eta arnasa hartzeko zailtasuna ere. Oraingoz, 600 lagun inguru daude kutsatuta, gehienak Wuhanen. Txinatik kanpo ere atzeman dituzte, baina, hainbat kasu. Japonian, Taiwanen, Thailandian, Hego Korean eta AEBetan kutsatutako gaixoak daude.

Urtarrilaren 25ean Txinako urte berriaren hasiera ospatuko dute. Herrialde horretan bidaia gehien egiten den garaia da, milioika herritar etxera itzultzen baitira ospakizunetarako. Gauzak horrela, bidaiarientzako sukar kontrolak ezarriko ditu gobernuak tren eta autobus geltokietan, eta baita aireportuetan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.