EUSKARA

Bi haur eskolatan euskarazko eskaintza kenduko du Iruñeko Udalak, «progresiboki»

Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Fernando Sesma Hezkuntza zinegotziak azaldu dute epaitegietako sententziak beteko dituztela. Donibaneko eta Printzearen Harresiko eskolak gaztelerako eredura pasatuko dituzte, eta ikerketa bat eginen dute haur eskoletako «benetako eskaria» zein den jakiteko.

Iruñeko haur eskolak euskalduntzeko protesta bat, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urtarrilaren 27a
14:54
Entzun

Enrique Maia Iruñeko alkatearen arabera, «Bilduk ez zien familiei entzun nahi izan, eta inposaturiko euskarazko eskaintza auzitegietan defendatzera tematu zen». Auzitegiek ez zioten arrazoirik eman aurreko udal gobernuari, eta Maiak azaldu du epaitegiek errandakoari jarraikiz euskarazko eskaintza kenduko dutela Donibaneko eta Printzearen Harresiko haur eskoletan.

Aldaketa hori «progresiboki» eginen dutela zehaztu dute alkateak eta Fernando Sesma Hezkuntza zinegotziak, halere. «Ez diegu familiei eginen aurreko udal gobernuak egin ziena». Hala, hiru urtez pasatuko dituzte bi haur eskola horiek euskarazko eskaintzatik gaztelerakora: 2022-2023 ikasturterako ez litzateke euskarazko eskaintzarik egonen bi eskola horietan. Aitzineko udal gobernuak euskararanzko aldaketa «zakarki» egin zuela salatu dute: «Familiak behartu egin zituzten erabaki bat hartzera: bertze eskola batzuetara mugitzea edo sinisten ez zuten eredu batean izena ematea». EH Bilduren jarrera «ilegala, etikarik gabea eta politikoa» izan zela salatu dute. Hala, Navarra Suma buru duen udal gobernuak erren du «normaltasunera» itzuliko dituztela Iruñeko haur eskolak.

«Egiazko» ikerketa

Auzitegiek errandakoa beteko dutela ez ezik, ikerketa bat martxan dutela eta eginen dutela ere jakinarazi du udal gobernuak. Iruñeko gurasoen «zinezko eskaria» zein den jakin nahi dute. «Bertze informazio mota bat daukagu. Hemendik aitzinera familiek desio dutena egiten ahalko dute, aukeratzeko askatasunez eta inposiziorik gabe».

Arrotxapeko haur eskolei buruzko xehetasunak ere eman dituzte: Goiz Eder haur eskolan hemendik aitzina euskarazko eta gaztelerazko eskaintza —ingelesezko jarduerekin–, biak emanen dituzte. Orain arte euskarazkoa soilik zen.

Iruñeko Udalak guztira 11 haur eskola kudeatzen ditu, eta, iragarri duen aldaketarekin, horietatik bi haur eskolatan soilik eskainiko luke euskaraz ikasteko aukera.

EH Bildu, kexu

EH Bilduk segituan kritikatu du Navarra Sumak harturiko erabakia, eta eskatu du geldiarazi dezatela bultzatu nahi duten «itzulera». EH Bilduren ustez, Navarra Sumak hartu nahi duen neurria «euskarafobiaren» adibide da, eta salatu dute berriro ere Iruñeko iparraldeko auzoetara joan beharko dutela haien umeak euskaraz matrikulatu nahi dituzten familiek: «Honek eragingo du beren seme-alabak euskaraz hezi nahi dituzten familiek berriz ere Txantreara edo Arrotxapera joan behar izatea, eta hiria egunero gurutzatzeak dakartzan arrisku eta gastuei aurre egitea». Euskarazko hezkuntzaren alde egiten duten familiak «zokoratzea» leporatu dio EH Bilduk udalari, eta «eskaintza benetako eskarira» egokitzea galdegin du. Abertzaleek eskatu dute bi irizpidetan oinarritu dadila haur eskolen eskaintza: eskarian eta eskolen lurralde banaketan.

Alor honetan adostasunak biltzera deitu du EH Bilduk, gobernuan sartzen den talde bakoitzak zerbitzua bere arabera egokitu ez dezan: «Konponbideak bilatzeko garaia da, ez arazo gehiago sortzekoa konfrontazio egoerei etekina ateratzeko helburuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.