Katalunia

Junqueras: «Elkarrizketari zenbat eta oztopo gehiago jarri, orduan eta arrazoi gehiago bilduko ditugu»

ERCko buruak ziurtatu du autodeterminazio erreferendum bat egingo duela berriro Kataluniak. Junqueras eta Generalitateko beste bost kontseilari kargugabetu parte hartzen ari dira Kataluniako Parlamentuko batzorde batean.

Junqueras, erdian, batzordera iritsi berritan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urtarrilaren 28a
13:26
Entzun

JxCren eta ERCren arteko gobernu krisirik sakonena sortu ondorengo egunean, Kataluniako Parlamentuan dira Oriol Junqueras, Jordi Turull, Raul Romeva, Dolors Bassa, Joaquim Forn eta Josep Rull Generalitateko kontseilari kargugabetu eta espetxeratuak. Espainiako Gobenuak Katalunian 155. artikulua ezarri izanak hango erakundeetan zer eragin izan duen aztertzeko batzordean parte hartzen ari dira.

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetua izan da hitz egiten lehena, eta emozioz mintzatu da. «Pozik eta zoriontsu» agertu da parlamentuan hitz egiteko aukera izateagatik berriro, eta, hain justu, «elkarrizketarako borondatea eta debozioa» defendatu ditu; «guztiekin, baita errepresioa eta gure espetxeratzea berotasunez txalotu dutenekin ere». Junquerasek gaineratu du «harro» dagoela ERCk ez duelako «inoiz ere» elkarrizketarako borondatea alboratu. «Ezta gu espetxean egonda ere».  

ERCko buruaren esanetan, politikarien «betebeharra» da «guztiekin hitz egitea», eta berak hala egingo duela ziurtatu du. Kataluniako Parlamentuan, Kataluniako gizartean, Madrilen eta Europan. «Badakit zaila jarriko digutela, badakit oztopoak jarriko dizkigutela. Eta zer?». Junquerasen iritziz, elkarrizketaren bidea ez da alboratu behar trabak badaude ere. «Elkarrizketari zenbat eta oztopo gehiago jarri, orduan eta arrazoi demokratiko gehiago bilduko ditugu elkarrizketa gidatzeko guztiekin».

Alderdi errepublikanoak PSOErekin adostu duen gobernu arteko elkarrizketa mahaiari buruz, Junquerasek aitortu du haren emaitza «ezezaguna» dela eta eszeptiko agertu da PSOErekin. «Behin baino gehiagotan huts egin du». Hala ere, nabarmendu du hori ez dela bateraezina elkarrizketaren aldeko apustua egitearekin.

Kataluniak beste autodeterminazio erreferendum bat egingo duela ziurtatu du Junquerasek. Horretarako, baina, ezinbesteko jo du indarrak batzea. Haren iritziz, independentismoak botoetan irabazi egin duen arren, Espainiaren «errepresioak» desorekatu egin du balantza. «Zer jar dezakegu guk —balantzaren— gure platerean? Botoak. Soilik botoak jarriko ditugu. Boto gehiago». Presidenteorde ohiak adierazi du independentismoak «gehiengo zabalak» eskuratuko dituela, eta 2019ko hauteskunde sorta aipatu du horren adierazle. «Gure borondate demokratikoaren kontra ari direnek galdu dute boto gehien 2019an».

Junquerasen iritziz, Espainiako konstituzioaren 155. artikulua ezartzeak eta «errepresioak» gauza bakarra lortu dute: Kataluniako gizarte zerbitzuei kalte egitea, ekonomiaren produktibitatea eta lehiakortasuna apaltzea eta Kataluniako aurreko gobernuko hainbat kide espetxeratzea. «Beste ezer ere ez». ERCko buruaren esanetan, 2006ko estatutuaren «porrotak» independentziaren hazkundea eragin zuen modu berean, «errepresioaren bidegabekeriak laguntzen du» independentziaren aldeko gehiengo zabalak eratzen. «Kartzela urrats bat da askatasunerako bidean», gaineratu du. «Ziur nago konplizitateak lortuko ditugula, baita Europan ere».

Junqueras eta Forn 2017ko urriaren 27an izan ziren azkenekoz parlamentuan, Kataluniako independentzia deklaratu eta Madrilek 155. artikuluaren bidez Kataluniako autonomian esku hartu zuen egunean. Romeva, Bassa, Rull eta Turull, berriz, ez dira ganberara itzuli 2018ko martxoaren 22az geroztik, Turullen inbestidurak huts egin zuenetik.

Presoei babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute ANC eta Omniumek, parlamentuaren kanpoaldean. Ganberara sartu direnean, txalo artean hartu dituzte diputatu independentistek.

Giro nahasia

Alderdi independentisten arteko zatiketa inoiz baino agerikoagoa denean itzuli dira buruzagi independentista espetxeratuak parlamentura. Ganberak Espainiako Hauteskunde Batzordearen aginduari men egin zion atzo eta onartu egin zuen Quim Torra Kataluniako presidenteari diputatu akta erretiratzeko agindua. Parlamentuko Mahaiak bide eman zion erabakiari, ERCren babesarekin.

Hori dela eta, Kataluniako erakundeak «arriskuan» jartzea leporatu zion Torrak Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteari, eta bere diputatu izaera leheneratzeko eskatu zion. Oharatarazi zuen erakundeek eskubideak defendatzen ez dituztenean demokrazia beheratzen dela. «Erakundeen hondatzeari atea ireki» izana ere egotzi zion Torrenti.

ERCk Torraren eskubideak defendatzeko akordio politiko bat adostera deitu zuen JxC, baina parlamentuaren jarduna atakan jarri gabe. Horretarako, Torraren botoa «etetea» proposatu zuen, haren eskubideen alde borrokatu bitartean. Sergi Sabria ERCko parlamentari bozeramaileak ohartarazi zuen Torraren botoari eusteak arriskuan jarriko lituzkeela parlamentuaren hainbat bozketa garrantzitsu. Besteak beste, Generalitateko aurrekontuena eta Gloria ekaitzaren kalteentzako diru laguntzena. «Desobedientzia antzu» batek eragin dezakeen «paralisia» ekiditea eskatu zuen.

Azkenean, parlamentuak ez zuen bozketarik egin atzoko osoko bilkuran, eta datorren asterako atzeratu zuen saioa. JxCren eta ERCren arteko zatiketak ziurgabetasun handia eragin du gobernuan, eta legealdia kolokan utzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.