Israel

Immunitaterik gabe, aurrera doa Netanyahuren aurkako auzia

Iruzurra egiteagatik eta bereganako konfiantza urratzeagatik dago auzipetua jarduneko lehen ministroa. Orain Jerusalemgo auzitegiei dagokien epaiketarako data jartzea.

Benjamin Netanahu, Israelgo jarduneko lehen ministroa, Jerusalemen urtarril hasieran. ABIR SULTAN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko urtarrilaren 28a
14:15
Entzun

AEBetan da Benjamin Netanyahu, Donald Trump presidentearekin bilduta. Atzo heldu zen hara, gaur arratsaldean aurkeztekoa duten Ekialde Hurbilerako bake planaz hitz egitera. Etxean, ordea, urak nahasirik ditu. Urtarril hasieran immunitatea eskatu zion Parlamentuari, bere aurkako ustelkeria eta iruzur salaketak etenda gera zitezen. Azken orduan, baina, atzera egin du jarduneko lehen ministroak, jakitun ez zuela nahikoa babes bozketa gainditzeko.

Parlamentuko presidenteari bidalitako gutunean, hala ere, bestelako argudioak aurkeztu ditu. Netanyahuk «zirku bat» antolatzea eta berari «jazartzea» egotzi dio oposizioari; hain zuzen, herrialdearentzako «historikoa» den garai honetan. «Abagunearen garrantziari arreta jarri eta argudio politikoei entzungor eginez, oposizioak nahiago izan du politika merkea egin eta Parlamentuko arau guztiak zapaldu. Horregatik nahiago izan dut joko zikin hau eten», adierazi du Likudeko buruak.

Hiru ustelkeria kasutan nahasita egotea egozten dioten jarduneko lehen ministroari. 1000 auzian hainbat enpresariren opariak jasotzea leporatzen diote, mesedeen truke. 2000.ean egozten diote Yedioth Ahronoth egunkariko zuzendari Arnon Mozesekin adostu izana kazetaren aurkari zuzena den beste egunkari bat ahultzea, lehenak Netanyahuri tratu hobea ematearen truke. Hirugarren auzia, 4000 deiturikoa, da larriena. Izan ere, leporatzen diote araudiak aldatu izana Bezeq telekomunikazio taldeko akziodun nagusiaren mesedetan.

Jarduneko lehen ministroaren urratsaren ostean, fiskaltzak Jerusalemgo auzitegietara jo du haren aurkako salaketa jartzera. Orain auzitegiei dagokie epaiketarako eguna jartzea. Hain zuzen ere, martxoko bozetan Netanyahuren aurkari nagusia dena, Urdina eta Zuria koalizioko buru Benny Gantz, atzo itzuli zen AEBetatik Trumpekin bake planaz hitz egin ostean. Gantzek hasieratik kritikatu zuen Washingtonek egitasmoa aste honetan aurkeztu nahi izatea, immunitatea eztabaidatzen zen garai berean, ulertzera emanez jarduneko lehen ministroaren irudia «zuritzeko» asmoa zegoela atzean.

Gantzek nabarmendu du ezin litekeela bozetara aurkeztu ustelkeriagatik auzipetua dagoen buruzagi bat. «Aurrera egin behar dugu. Israelgo herritarrek argi esan behar dute zer nahiago duten: beraien alde lan egingo duen lehen ministro bat edo bere buruaren alde egingo duena. Inork ezin du estatu bat zuzendu eta, aldi berean, bere aurkako ustelkeria, iruzur eta konfiantza falta salaketak kudeatu», ohartarazi du.

Hauteskunde atarian

Orain arte, bere aurkako auzietatik aske irtengo zela ziur zen Netanyahu, eta modu horretan jokatu du. Azken asteetan, ordea, zalantzak indartuz joan dira, eta, azken orduan, Likudek iragarri zuen ez zuela parte hartuko gaur Parlamentuan egitekoa zuten bozketan, era horretan hura blokeatu edo atzeratuko zutelakoan. Baina, horretarako, ez du nahikoa babesik izan eskuineko alderdiak.

Martxoaren 2an egingo dituzte Israelen Parlamenturako bozak, hirugarrenez. Gaur Trumpek aurkeztekoa duen bake planak, eskuinari bultzada emango dion itxaropena dute Netanyahuren gertukoek, baina ikusteko dago zer gertatzen den haren hautagaitzarekin, fiskaltzak aurrera egin eta auzia hasteko eskatzen badu. Horrez gain, aurreko bi aldietan Likudek ez du lortu gobernua bakarrik osatzeko beharrezko gehiengorik, eta Urdina eta Zuria koalizioarekiko negoziazioek ere huts egin dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.