Katalunia

Torrak bozetara deituko du aurrekontuak onartu ondoren

Kataluniako Parlamentuko Mahaiak Torra presidenteari diputatu akta erretiratzea onartu zuen herenegun, ERCren babesarekin, eta erabakiak haren gobernua zatitu du. «Ez dut gobernu hau hautsiko», esan du.

Torra presidentea Kataluniako Parlamentuan, astelehenean. TONI ALBIR / EFE
2020ko urtarrilaren 29a
10:09
Entzun

«Legealdi honek ez du ibilbide politikorik. Iritsi da bukaerara». Quim Torra Generalitateko presidenteak esaldi gogor horrekin hasi du gaur eguerdian eman duen prentsaurreko urgentea. Giroa asko nahasi da azken egunetan, eta gauerdian iragarri zuen adierazpenak egitekoa zela. «Arduraz» jokatzeko garaia dela nabarmendu du, Kataluniako Parlamentuak 2020. urteko aurrekontuak onartu behar baititu. Jarraian, hauteskunde aurreratuetara deituko du. Parlamentuak astelehenean eserlekurik gabe utzi zuen Torra, eta, haren esanetan, horrek «babesgabe» utzi du Generalitateko presidentetza. Adierazi du ez duela gobernua «hautsiko», baina gogor egin du ERCren kontra.

«Gobernu batek ere ezin du aurrera egin estrategia bateraturik gabe», adierazi du presidenteak. ERCk egindakoa «desleialtasuntzat» jo du, eta esan du berak ezin duela onartu horrelako konfiantza faltarik. «Ganberaren gehiengoak konpromisoa hartu zuen [Espainiako Hauteskunde Batzordearen] legez kontrako aginduaren aurrean planto egiteko, eta independentismoaren kontsentsua ez da errespetatu», esan du. Dena dela, garrantzia eman dio 2017ko urriaren 1eko erreferenduma posible egin zuen «batasuna eta leialtasuna» berriz ezartzeari.

Kataluniako Gobernuak astelehenaz geroztik bizi izan duen krisiak ez du aterabide errazik. Gobernua zartatu egin zen parlamentuko saioan, eta, alde guztien arabera, ez dago atzera bateratzeko asmo argirik. ERCk adierazi zuen hauteskunde batzordearen erabakia Torraren kontrako «bidegabekeria» bat dela, eta Torra diputatu gisa onartzen dutela «politikoki»; ordea, erakundeak «babesteko» beharra lehenetsi zuten. Sergi Sabrina bozeramailearen hitzetan, batzordeari muzin egitea «desobedientzia antzua» litzateke, eta horrek «botere guztia estatuari» emango lioke.

Hauteskunde aurreratuek balio izan behar dute «berriz batzeko», Torraren esanetan. «Hondatu» da JxC Junts Per Catalunya eta ERC alderdiek zuten «elkarrenganako konfiantza», eta, presidentearentzat, Roger Torrent parlamentuko presidenteak du horren ardura nagusia. «Astelehenean ez zuen esandakoa bete». Urtarrilaren 4an, JxC, ERC eta CUPeko diputatuek hiru taldeek adostutako mozio bat aurkeztu zuten, eta «estatu kolpetzat» jo zuten Espainiako Hauteskunde Batzordeak Torra kargugabetzeko hartutako erabakia.

Kataluniak, egun, 2017ko aurrekontuak dauzka luzatuta. JxCren eta ERCren gobernuak 2020rako aurrekontuak adostea lortu du aurten, En Comu Podemekin. ERCk gidatu ditu negoziazio horiek, Pere Aragones presidenteordearen eskutik, eta errepublikanoek ez diote uko egin nahi lortutakoari. Gaur arratsaldean, Kataluniako Gobernuak aurrekontuen proiektua onartuko du, eta orduan hasiko dira parlamentuko lanketak. Bi hilabete emango dituzte horretan, gutxienez.

Horren guztiaren ondoren deituko du Torrak hauteskundeetara. «Ezinbestekoa da herritarrei hitza ematea 2017ko mandatua berritzeko», esan du gaur. Ordura arteko tartean, ordea, izango da berririk auzitegietatik. Espainiako Hauteskunde Batzordeak urtarrilaren 3an ebatzi zuen Torraren diputatu kargua bateraezina dela Kataluniako Auzitegi Nagusiak desobedientziagatik ezarri zion zigorrarekin, baina auzitegi horren kondena ez da irmoa oraindik; izan ere, Torrak helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Gorenean, eta hark ez du erabaki oraindik. Gorenak, baina, Hauteskunde Batzordearen erabakia babestu zuen joan den ostegunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.