Enpresak

Tapiak esan du ez dela «berri ona» Iberdrola Gamesatik ateratzea

Konpainia eolikoan zuen parte hartzea Siemensi saldu dio Iberdrolak, 1.100 milioi euroren truke.

Marcus Tacke Siemens Gamesako kontseilari ordezkaria, azken akziodunen batzarrean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu - Irune Lasa
2020ko otsailaren 5a
13:02
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak onartu du Siemens Gamesaren erabakiguneak Euskal Herritik joateko «arriskua» dagoela. Izan ere, Iberdrolak Siemensekin lortutako akordioak bertan behera utzi du konpainia eolikoaren egoitza Zamudion (Bizkaia) uzteko konpromisoa.

Egoitzan aldaketarik egiteko asmorik ez dutela esan izan du Marcus Tacke Siemens Gamesako buruak, baina baliteke egoitza hori sinbolikoa izatea, Siemensen planak zeintzuk diren ikusita. Izan ere, multinazional alemaniarra Siemens Energy adarrean biltzen ari da energiarekin lotutako bere aktibo guztiak.

Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean, Tapiak azaldu du Siemenseko buruzagiek «Euskadiren aldeko apustua» berretsi diotela. «Benetan ari direla sinistu nahi dut». Siemens Gamesaren garrantzia nabarmendu nahi izan du sailburuak: «Berriztagarrien sektorean erreferentziazko enpresa izan da, eta izaten jarraitzen du; trakzio lana egiten du, eta funtsezko elementua da energia berriztagarriak eta bereziki eolikoa Euskadin garatu ahal izateko».

Siemens Gamesako oraingo buruekin «konfiantzazko harremana» duela azaldu du sailburuak. Zeharka bada ere, onartu du konfiantza hori ez dela erabatekoa: «Konfiantza ekintzekin erakusten da, eta hori da etorkizun hurbilean ikusi nahi duguna». Enpresaren errotzea Euskal Herrian sendotzeko akzioak erosteko aukera uxatu du Tapiak.

Iberdrolaren erabakia

Harreman gatazkatsuak izan dituzte Iberdrolak eta Siemensek, azken horrek Gamesaren kontrola hartu zuenetik —konpainia eolikoaren %59 du—. Bilboko konpainia ez zegoen ados alemaniarrek egindako kudeaketarekin, eta auzitara ere iritsi da haien arteko desadostasuna.

Azkenean, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak erabaki du ezin zuela borrokarekin jarraitu, eta bere parte hartzea (%8,07) Siemensi saltzea erabaki zuen atzo. 1.100 milioi euro jasoko ditu.

Siemens Gamesa 2017. urtearen apirilean sortu zen ofizialki, multinazional alemaniarraren eta Gamesa bizkaitarraren bat egitea gauzatu zenean. Hasieran berdinen arteko fusio gisa saldu zuten arren, argi geratu zen Siemens handiak Gamesa txikia irentsi zuela. Egoitzak Zamudion (Bizkaia) jarraitu du, eta konpainiaren lurreko negozioa (onshore) handik eta Sarrigurendik (Eguesibar, Nafarroa) gidatu izan dute, baina hilabetetik hilabetera antzeman da akziodun nagusiaren pisua, bere gizon-emakumeak kolokatzen hasi zelako aurretik Gamesakoak zeuden ardura postuetan.

Emaitza gazi gozoak

Atzo eman zituen Siemens Gamesak 2019ko azken hiruhilekoko datuak. Ez dira onak izan, nahiz eta badiren elementu positiboak ere: inoizko eskari zorrorik beteena dauka. «Ez da hiruhileko erraza izan Siemens Gamesarentzat», onartu zuen atzo Markus Tackek, konpainiako kontseilari ordezkariak, 174 milioi euroren galeren berri ematean. «Aitortu behar dugu gure emaitza finantzarioa ez dela izan urterako helburuak ezartzean espero genuena. Eragin puntuala izanagatik ere, ez dugu espero halakorik berriro gertatzea hiruhileko gehiagotan, neurriak hartzen ari baikara». Neurri horiek arrisku kudeaketan eta gobernantza korporatiboan hartzen ari omen dira.

Garratza izan zen atzoko eguna Tackerentzat. Siemens Gamesak, bere urte fiskaleko lehen hiruhilekoan —2019ko urritik abendura artean—, 2.001 milioi euroren salmentak egin zituen, aurreko urtekoak baino %12 txikiagoak. Indiako merkatuaren pattalaldia, Txinara saldutako haize errota merkeagoak, eta haize errota handiagoetarako fabrikak egokitu beharrak izan dute eraginik horretan. Hala ere, haize erroten egilearen arabera, beste batzuk izan dira hiruhilekoko galeraren arrazoi nagusiak. Joan den astean egindako profit-warning-ean —galera ohartarazpena burtsarentzat eta inbertsiogileentzat— azaldu zuenez, bere kontuei 150 milioi euroko kaltea eragin diete aurreikusi baino kostu handiagoa izan duten zenbait proiektuk. Ohartarazpenak Siemens Gamesaren akzioak ia %10 amiltzea eragin zuen burtsan.

Arazo guztiak bost onshore proiektutan izan ditu Siemens Gamesak, Europa iparraldean, eta, gehienbat, Norvegian. Ibilbideen egoera txarrak eta neguaren etorrera goiztiarrak atzerapen nabarmena eragin dute proiektuetan, eta instalazio leihoari erasan dio. Offshore alorrean —itsasoko haize erroten negozioan—, berriz, aurreikusitako jarduerari eutsi diola jakinarazi du konpainiak.

Datu kaskar batzuen garraztasuna beste zenbaki batzuekin gozatzen saiatu zen Tacke; eskari kopuruaren eztiarekin. Siemens Gamesaren eskari poltsa inoizko handiena da, 28.089 milioirena, hiruhilekoan %82 hazita. Konpainiako presidentearen aburuz, energia eolikoak eta Siemens Gamesak berak epe luzerako dituzten aukeren adierazle da kopuru hori. Alde horretatik, Tackek uste du Senvionen aktiboen erosketak bultzada emango diola zerbitzuen negozioari, «zeinak marjina askoz handiagoak dituen».

Dena den, kopuru guztiei begira, Siemens Gamesak beheratu egin behar izan ditu 2020. urterako bere hazkunde aurreikuspenak. Lehen, ustiapeneko emaitzaren %5,5 eta %7 arteko hazkundea aurreikusi zuen; orain, %4,5 eta %6 artekoa da. Aurten 10.200-10.600 milioi euroren salmentak espero ditu multinazionalak.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.