Zientzia

Giro tenperaturan supereroaleak lortzeko aukera hurreratu du euskal ikerketa batek

Ion Errea EHUko irakasleak eta Jose A. Flores Erromako La Sapienza unibertsitateko irakasleak gidatutako talde batek egin du ikerketa. Fisikarien aspaldiko ametsa gertuago egon litekeela adierazi dute.

Ion Errea, BERRIAri 2018ko urrian eman zion elkarrizketarako argazkietan. MAIALEN ANDRES / FOKU
mikel p ansa
2020ko otsailaren 5a
20:55
Entzun

Nature aldizkariak argitaratu du ikerketa ezagutarazteko artikulua, asteazken iluntzen honetan. Euskal Herriko, Italiako, Alemaniako, Japoniako eta Frantziako ikerlariak koordinatu dituzte Ion Errea eta Jose A. Flores irakasleek. Ikerketa teoriko bat da, berez, argitaratu dutena. Ion Errea elkarrizketatu du BERRIAk, eta osteguneko papereko edizioan eman ditu ikerlariak xehetasunak.

Atomoak, berez, objektu kuantikoak dira, eta fluktuatzen, mugimenduan, ibiltzen dira beti. «Tesia da fluktuazio horiei esker lor daitezkeela tenperatura oso handiko supereroaleak, uste zen baino askoz ere presio baxuagoetan», azaldu dio Erreak BERRIAri.

Aurkikuntza hori supereroaleen munduan «aurrerapauso txiki bat» dela esplikatu du Erreak. Baina «iraultza» ekar dezakeen urrats bat da. Supereroaleak dira korronte elektrikoa garraiatzen duten metalak. Normalean, tenperatura jakin batetik behera garraiatzen dute korronte elektrikoa galerarik gabe.

Supereroaleen arazoa da tenperatura hotzak behar dituztela, ia zero absolutukoak (-273 gradu zentigradu). «Fisikaren ametsa beti izan da supereroaleak giro baldintzetan lortzea». Egin berri duten ikerketak horretarako aukerak sor ditzake.

Atomoen fluktuazio kuantikoek materialen egitura atomikoari eusten diotela, eta horri zor diotela supereroankortasuna, hori da ikerketaren ekarpena. Fluktuazio kuantiko horiek aintzat hartuz gero, «agian, izan ditzakegu mota horretako supereroaleak tenperatura oso handietan», Errearen esanetan.

Ikerketa teorikoaren ondorioak baieztatuko balira, aukerak sortuko lirateke, adibidez, korronte elektrikoaren garraioa hobea eta galera gutxiagokoa izateko; edo motor elektriko askoz ere efizienteagoak sortzeko; edo eremu magnetiko handiak sortzeko, hotzaren beharrik gabe, giro tenperaturan.

Ion Errea EHUko Ingeniaritza Eskolan aritzen da irakasle, baina DIPC Donostia International Physics Centerren eta CFM Materialen Fisika Zentroan ikerlaria ere bada. Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntza eta babesa jaso zituen, besteak beste supereroaleak ikertzeko, eta horretan ari da azkeneko urteetan, BERRIAri 2018ko urrian azaldu zionez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.