EUSKARA

Mendigorriko aurrematrikula eskaeren %43 D eredukoak dira, familien arabera

Julian Maria Olcoz ikastetxe publikoan euskarazko murgiltze eredua ezar dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari

Mendigorriko gurasoak, atzoko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko otsailaren 6a
11:16
Entzun

Ez dute beste inora joan nahi. Mendigorriko Julian Maria Olcoz ikastetxe publikoan D eredua ezartzeko eskaera berretsi dute herriko hainbat gurasok. «Ikasketa komunitatearen parte izan nahi dugu, eta beste hizkuntza eredu bat izan, aberastasuna, inklusibitatea eta dibertsitatearen hazkundea ekarriko duela uste dugulako», azaldu zuten atzo, ikastetxearen aurrean eginiko elkarretaratze batean. Aurten herriko familien %43k euskarazko eredua aukeratu dutela nabarmendu zuten.

Euskalgintzako hainbat eragileren babesa izan zuten gurasoek atzoko agerraldian; besteak beste, Sortzen elkartearena, Behatokiarena eta LAB sindikatuarena.

Aste honetan, familia horiexek salatu dute Hezkuntza Departamentuak ukatu egin diela haurrak herriko eskolan D ereduan aurrematrikulatzeko aukera, eta, euskarazko eredua nahi izanez gero, Garesko eskolara joatea beste aukerarik ez dietela eman.

Hori dela eta, kritika egin diote Nafarroako Gobernuari: Mendigorriko ikastetxea D ereduko erreferentziazko eskolen zerrendatik kendu izana egotzi diote, eta, horren ostean, baita aurrematrikulazioa egiteko «argibide kontraesankorrak» eman izana ere: «Azaroan, departamentuarekin harremanetan jarri ginenean, esan ziguten ez zutela ikusten D ereduko lerroa irekitzearen aurkako motiborik. Urtarrilean, berriz, kontrako erantzuna jaso genuen». Garesko eskolara joateko esan zieten.

Areago: Garesko ikastetxean izena emateari uko eginez gero diru laguntzak galtzearekin mehatxu egin dietela salatu dute Mendigorriko familiek. «Garesko ikastetxea aukeratuko ez bagenu jantokia eta garraioaren diru laguntza kenduko dizkigutela esan ziguten».

2020-2021eko ikasturterako aurrematrikulazio epean, Mendigorrian egin diren eskaeren %43 D eredurako izan direla azpimarratu zuten familiek. «Hurrengo urterako ditugun datuen arabera, euskara aukeratuko luketen familien eskaerek beste ereduetakoak gaindituko lituzkete».

Halaber, eskatu zuten beren seme-alabek «Nafarroako hizkuntza propioetako batean egin dezatela» hizkuntza murgiltzea, eta azpimarratu zuten auziak erro sakonak dituela. «Gutako batzuek ez genuen euskara ikasteko aukerarik izan, eta Garesko euskaltegira jotzea erabaki genuen. Beste batzuk lehenetarikoak izan ziren herrian, A ereduan, euskara ikasgai gisa ikasten. Beste guraso batek etxabe eta barrakoietan ikasi behar izan zuen, eta, bukatzeko, gutako hiruk herritik kanpora joan behar izan genuen, euskarazko lerro berri bat irekitzeko. 30 urte geroago, behartuta gaude gure seme-alabentzako gauza bera eskatzera. Ez al da ezer aldatu?».

Auziaren inguruan hitz eginen dute gaur Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran, EH Bilduk galdera eginen baitio Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.