Errauste planta

GuraSOSek salatu du erraustegia egiten ari diren enpresek 21 milioi zor dizkiotela GHKri

Plataformak adierazi duenez, Zubietako planta eraiki duten enpresek ez dute bete kontratua. GuraSOSek administrazioarekiko auzi prozesua hasi du GHK-ren abenduaren 16ko akordioaren aurka.

Erraustegiaren irudi bat. GORKA RUBIO, FOKU
inaki petxarroman
2020ko otsailaren 6a
16:45
Entzun

Gaur, GuraSOS elkarteak Zubietako erraustegiaren ustezko irregulartasunen inguruko beste atal bat ireki du. Oraingo honetan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) eta enpresak «egiten ari diren irregulartasun ekonomikoak» salatu dituzte elkarteko zerbitzu juridikoek. Donostian egin duten agerraldian ziurtatu dute enpresek dagoeneko 21 milioi euro zor dizkiotela GHKri, kontratua ez dutelako bete. Hori dela eta, plataformak administrazioarekiko auzi prozesua ireki du Donostiako epaitegian, eta GHKri eskaera egin dio zigor ekonomikoak kobratu eta kontratua bertan behera uzteko beharrezko prozedura has dezan.

Halaber, GuraSOSek uste du enpresa taldeak beste zigor bat ere ordaindu behar duela —Urbaser, Maridiam, Altuna y Uria, Moyua, Murias eta LKS—, hain zuzen ere, erraustegiaren transformadore nagusia Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren baimenik izan gabe eraiki eta martxan jartzen ahalegintzeagatik.

GHK-k eta enpresa talde kontzesionarioak 2017ko apirilaren 3an sinatu zuten kontratua tratamendu mekaniko biologiko (TMB) planta eta erraustegia eraikitzeko eta martxan jartzeko. Berez, enpresa taldeak 2019ko ekainaren 3rako amaitu behar zituen lanak, eta beste lau hilabete izango zituzten, kontratuaren arabera, proba faserako. Beraz, proba aldia 2019ko urriaren 3an bukatzekoa zen. GuraSOSen arabera, kasu horiei ezarri beharreko legearen arabera (Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 242. artikulua) epeak ez betetzeagatik 60.000 euroko zigorra ezartzen zaio enpresa emakidadunari egun bakoitzeko. Lege horrek zigor horiek saihesteko zenbait kasu ere aipatzen ditu —elektrizitate atmosferikoak eragindako suteak, natur hondamendiak, eta gerra ekintzak edo ordena publikoko kalteak—. Kasu bakarra ere ez dela gertatu ziurtatu dute GuraSOSen zerbitzu juridikoek.

GHK-k iazko abenduaren 16an onartutako akordioaren arabera, 2017ko negu-udaberrietan izandako «ezohiko» euriteek eragin zuten obren atzerapena. Alabaina, enpresek ere aitortu dute hori ez zela izan arrazoia. Izan ere, Ekondakinek (enpresa kontzesionarioa) epea luzatzeko GHKri 2019ko irailaren 27an egindako eskaeran aitortu zuen hasieran atzerapen txiki bat eragin ziotela obrari, baina hurrengo hilabeteotan buelta eman ziotela egoera horri. Aitzitik, Ekondakinek transformadore nagusia energizatzeko izandako arazoa aipatu zuen. «Zergatik ari da gezurretan GHK obraren atzerapenaren inguruan?», galdetu dute GuraSOSeko kideek: «Helburu bakarra daukate: enpresek 20 milioi euro ordaintzea galaraztea, eta kontratua bertan behera uztearekin batera aitortu beharko litzatekeen kudeaketa txarra aitortzea».

Hain zuzen ere, GHK-ko lehendakari Jose Ignacio Asensiok eta zuzendari nagusi Cesar Gimenok 2018ko abenduan egin zuten bisita bat erraustegiko lanetara, eta han ziurtatu zuten obra «aurreikusitako epeetan» egiten ari zirela, eta 2019ko udazkenean martxan egongo zela. 2019ko abenduaren 16ko batzarrean, GHK-k obra bukatzeko epearen luzapena onartu zuen, eta arrazoi nagusi gisa 2017ko azarotik 2018ko uztailera izandako euriteak hartu zituzten, Simons & Simons aholkularitza enpresak egindako txosten bat oinarri gisa erabilita. Txosten hori baliatuta, GHK-k onartu zuen bost hilabeteko atzerapena «justifikatua» egon zela. Epeetan izandako kontraesan horiek nabarmendu ditu GuraSOSek. «Epea luzatzeko eskaera atzerapenaren jatorrizko arazoa gertatu eta hamabost eguneko epean egin behar zuen kontratistak. Kasu honetan, 2019ko irailaren 27an egin zuen, hau da, ustezko euriteak baino bi urte geroago, eta transformadorearekin izandako arazoa izan eta hiru hilabetera».

GuraSOSek beste datu bat ere nabarmendu du. Hau da, GHK-k obrak egiteko epea luzatzeko abenduaren 16ko akordio horrek ez zuen pasatu kontsortzioaren barruko kontrol bidea, ez idazkariak eta ezta esku hartzaileak ere ez dutelako esku hartu prozesu horretan. GHK-k kanpoko aholkularitza baten esku utzi zuen kontrol hori, GuraSOSen ustez. Ildo horretan, deia egin die mankomunitateei, udalei, GHK-ko batzarkideei eta fiskaltzari «guztiz legez kanpokoak» diren ekintzen aurkako egitasmoak aurrera eramateko. «GHK-k enpresei emandako mezua —hau da, nahi duzuna egin, guk babestuko zaitugu eta— guztiz arriskutsua eta jasanezina da segurtasunarentzat eta gure seme-alaben osasunarentzat. Eta hor, aurrean izango gaituzte», ziurtatu dute.

Erraustegiko transformadore nagusian iazko ekainaren 11n izandako leherketak eta hura energizatzeko gero izan zituzten arazoek eragin dute hainbat hilabeteko atzerapena Zubietako erraustegian. Eta, gaur-gaurkoz, oraindik probak egiten ari dira. Berehala zaborra erretzen hasi nahi badute ere, oraindik tximiniako gasen kontrolerako sistemek ez dute behar bezala funtzionatzen, BERRIAk obra barruko iturrietatik jakin duenez.

Ingurumen Baimen Bateratua

Bestalde, guraso plataformak aurreko astean salatu zuenez, erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratua iraungita dago, probak egiteko gehienezko epea —zazpi hilabete eta erdi— pasatu delako jadanik. 2019ko irailaren 27an, enpresek probaldia eteteko eskatu zioten GHKri, eta GHK-k, enpresen deia jaso, eta Ingurumen Sailari eskatu zion proba aldia eteteko. Urriaren 2an aurkeztu zuen eskaera GHK-k Ingurumen Sailean, argindar horniduran arazo bat zutela argudiatuta. Hain zuzen ere, Jaurlaritzak urriaren 17an bertan behera utzi zuen proba aldia, eta azaroaren 26an berriz jarri zuen martxan, argindar horniduran izandako arazo hori konpondutzat jota. GuraSOSek salatu zuen irailaren 27rako jadanik konponduta zegoela elektrizitatearekin izandako arazo hori, eta denbora irabazteko amarru bat izan zen GHKren eskaera hori.

BERRIA-k Jaurlaritzari galdetu dio IBBaren iraungitzeari buruz, eta, hango iturriek adierazi dutenez, IBBa indarrean dago apirilaren amaierara arte. Izan ere, Jaurlaritzak argudiatu du probak eteteko agindua atzera eraginkortasunez hartu zela. Hau da, ekainaren 11tik azaroaren 27ra arte egon da IBBa izoztuta. GuraSOSek gezurtatu egin du hori, azaroaren 27ko agindu horretan ez baitzen aipatzen agindua atzera eraginkortasunez hartua zela. Besteak beste, GuraSOSeko zerbitzu juridikoek uste dutelako ezin dela halakorik egin. Gai honen inguruan Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak azalpena eman beharko ditu Eusko Legebiltzarrean, haren agerraldia eskatu baitzuten atzo EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

Azkenik, GuraSOSek adierazi du heldu den astean, otsailaren 11n, emango duela EAEko Auzitegi Nagusiak ebazpen bat erraustegiaren baimen bateratuari buruz. Berez, ebazpen horrek ez dauka zerikusirik azken aldi honetan gertatzen ari diren gorabeherekin, helegite zahar bati dagokio-eta.

GHKren erantzuna

GHK-k gogor erantzun dio GuraSOSen salaketari, hedabideetara bidalitako ohar baten bidez: «GHK-k hartutako erabaki guztiak modu garden eta demokratikoan» izan dira, «alderdi guztiak eta herrialdeko erakunde guztiak» ordezkatuta dauden batzar batean. GHK-k «alarma» sortzea egotzi dio GuraSOSi, eta adingabeen erabilera gaitzetsi du bereziki. «Arduragabekeriaz» jokatzea ere leporatu dio GHK-k guraso plataformari. Alabaina, bidalitako oharrean ez ditu erantzun zehazki GuraSOSek salatutako puntuak. «GHKren batzarra legitimatuta dago Gipuzkoako Ingurumen Zentroaren kontratuaren eraikuntza bideratzeko kontratuaren edukiak interpretatzeko». Eta, kontsortzioaren arabera, batzarrak ulertu zuen kontratua «betetzen» ari zela eta epeen luzapena eskatzeko egindako eskariak «justifikatuta» zeudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.