Al-Qaeda

AEBek jakinarazu dute Al-Qaedako buruzagi bat hil dutela

Ustez, Qasim al-Rimi da hildakoa, miliziak Arabiar Penintsulan zuen buruzagi gorena. Yemenen hil zuten, urtarril hasieran.

AEBetako hegazkinen aurkako mural bat, Sanaan. YAHYA ARHAB, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko otsailaren 7a
10:31
Entzun

AEBetako informazio iturriek adierazi dutenez, urtarrilaren 8aren bueltan hil zuten Qasimi al-Rimi, Al-Qaedak Arabiar Penintsulan zuen buruzagi gorena. Baina ez dute hilketaren berri eman gaur arte.

The New York Times egunkariak zabaldu du informazioa, eta, haren arabera, CIAk Yemengo informatzaile baten bidez jakin zuen Al-Rimi non zegoen. Gero, piloturik gabeko hegazkinen bidez kontrolatu zituzten haren joan-etorriak hainbat egunez, urtarril hasieran bonbardaketa batean hil zuten arte. Erasoa Wadi Abedah eskualdean egin zuten, Yemen erdialdean.

Washingtonek ez du eman hilketari buruzko datu gehiagorik, baina bai nabarmendu du Al-Rimik «zibilen aurkako erasoak» egin zituela eta «AEBen aurkako atentatuak bultzatzen» ere ahalegindu zela. 41 urte zituen Al-Rimik, eta bigarrena zen Al-Qaedako buruzagitzan.

Yemengoa zen jaiotzez, eta, Al-Qaedarekin trebatu ostean, hara itzuli zen. Yemenen, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten, AEBetako enbaxadorearen aurkako eraso bat prestatzea egotzita. Urtebete preso egin eta aske geratu zen, eta, denborarekin, talde islamistaren buruzagitzara heldu zen. AEBetako Estatu Departamentuak hamar milioiko saria eskainia zuen hura «neutralizatzen» lagunduko zuen informazioaren truke.

AEBen zerrenda beltzeko lehen postuetan zegoen Al-Rimi, 2011ko atentatuen aurreko erasoetan parte hartu eta bizirik jarraitzen zuen buruzagi bakanetakoa zelako. Donald Trump presidenteak garaipentzat jo du hilketa, eta ohartarazi du gero eta gertuago daudela «talde terroristen mehatxua desagerraraztetik».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.