Espainiako Superkopa

Realak Bartzelona izango du aurkari Superkopako finalean

Kataluniako taldeak 2-3 irabazi zion atzo Atletico Madrili, eta igandean finalean izango da.

Bartzelonako jokalariak, atzo, Atletico Madrili sartutako lehen gola ospatzen. J. M. GARCIA, EFE
2020ko otsailaren 7a
11:53
Entzun

Realak Espainiako Superkopako finala jokatuko du igandean, eta txuri-urdinak Bartzelonaren aurka ariko dira, Kataluniako taldeak atzo Atletico Madrili 2-3 irabazi baitzion. Finala Salamancan (Espainia) jokatuko da, 12:00etan. Giro itzela espero da, eta ez soilik han, baita Donostian ere, finala ikusteko festa izango baita Anoetan barruan eta kanpoan.

Realak ez du aurkari samurra izango. Atzo, Bartzelona nagusi izan zen lehen zatian, joko distiratsu batekin, eta bigarrenean denbora ondo kudeatu zuen. Oshoalak arriskua sortu zuen baloia hartu zuen bakoitzean. Lehen gola, ordea, Espainiako taldeak egin zuen. Hirugarren minutuan aurreratu zen markagailuan; Mapi Leon Bartzelonako atzelariak gaizki atera zuen baloia atzetik, eta Toni Dugganek zalantza izpirik gabe eman zion ostikoa, lehen gola sartuz.

Urduritu ordez, kataluniarrek hasierako asmoari eutsi zioten. Ez zen berandutu euren gola. Bederatzi minutu geroago, Guijarrok egin zuen. Berdinketarekin, Bartzelona nagusitu zen zelaian, eta jarraian etorri ziren beste bi golak: Grahamek sartu zuen 1-2koa, 28. minutuan, eta Oshoalak 1-3koa, 42.ean. Atletico Madrilek aldea murriztu zuen bigarren zatian, Bartzelonako jokalariak atsedenalditik patxadatsu atera zirela aprobetxatuta, baina golak tentsioa berreskuratzeko balio izan zien kataluniarrei, eta, orduan, espainiarrek ezin izan zuten ezer gehiago egin.

Festa Anoetan

Superkopako finala Donostian ikusteko, Realak festa berezi bat antolatu du. Zaleak Anoeta estadioan elkartu nahi dituzte, eta partida zuzenean emango dute, barruan eta kanpoan; hori bukatzen denean, gainera, Realaren eta Athleticen arteko gizonezkoen derbia jokatuko da han, 14:00etan. Bi talde horiek atzo Espainiako Kopako finalerdietarako txartela eskuratu ondoren, Realak Real Madril kanporatuta eta Athleticek Bartzelona, emozio handiko partida izango da Espainiako Ligako hori ere.

Iaz, emakumezkoen taldeak Espainiako Kopa irabazi zuenean, Realak Donostiako Trinitate plazan antolatu zuten festa. Klubaren esanetan, orduko giro berezia sortu nahi dute aurten ere. Aurten 11:45ean hasiko da jaia, orduan irekiko baitituzte Anoetako beheko eraztuneko ateak eta tabernak zaleentzat. Finala zuzenean emango dute tabernetako pantailetan, zelaiko bideomarkagailuetan eta Anoeta kanpoan jarriko duten hamabi metro koadroko pantailan. Euskotren geltokiaren parean egongo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.