Argazkilaritza

Antton Elizegiren irudi artxiboarekin erakusketa bat osatu du San Telmo museoak

'Atzera begirako poetika' izena du, eta argazkilariaren 150 irudi baino gehiago biltzen ditu. Azken bost hamarkadetako historiaren isla dira irudi horiek, eta gaiaren arabera bereizi dituzte. Maiatzaren 10era artean egongo da ikusgai.

Antton Elizegi argazkilaria, erakusketaren aurkezpenean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Nagore Arin.
2020ko otsailaren 7a
15:40
Entzun

Azken bost hamarkadetan Euskal Herriko landa eta hiri inguruetan jazo diren aldaketen, bilakaeraren eta eraldaketa handiaren ondare da Antton Elizegi (Lasarte, Gipuzkoa, 1938) argazkilariaren jarduna. Abuztuan iragarri zuen ondare hori guztia Donostiako San Telmo museoaren esku utziko zuela, dohaintza gisa; irudi horien iraupena bermatu eta herritarren eskura uzteko asmoz. Guztira, 45.000 irudi baino gehiago bildu ditu afizioz egindako ibilbidean, eta, guztiak aztertu ondoren, irudi adierazgarrienen zerrenda egin du San Telmo museoak. Atzera begirako poetika izena jarri diote erakusketari: bihar hasi eta maiatzaren 10era artean egongo da ikusgai. Gaur egin dute aurkezpena, Donostian, eta prentsaurrekoan izan dira Elizegi, Maria Jose Aranzasti erakusketaren komisarioa, Susana Soto museoko zuzendaria eta Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura zinegotzia.


2000. urtean atera zuen argazki bat.

Sotoren esanetan, "aberastasuna" islatzen duen erakusketa bat da, eta esfortzu handiz osatu dute. "Azkar" egin behar izan dute prozesu guztia; izan ere, erritmo bizia eskatu die denbora gutxian irudi guztien analisia egin eta erakusketa nondik nora bideratu erabakitzeak. Aranzastik, berriz, eguna iritsi izana azpimarratu du, eta ilusioz ekin dio emaitza aurkezteari: "Antton Elizegik eta biok aspalditik nahi genuen eguna iritsi da; denbora luzean lan egin dugu elkarrekin". Komisarioaren hitzetan, dastatze bat da erakusketa, Elizegiren ibilbidearen lagin bat besterik ez: "Argazkilariaren obra bereganatzeko aukera paregabea da". Insaustiren aburuz, berriz, "iragana gaurkotasunetik begiratzeko eta ikertzeko" parada da erakusketa. Elizegi ere izan da aurkezpenean; 82 urte ditu, eta aurkezpenaren amaieran hitz egin du: "Nik ez nuen pentsatzen horrelako lanik egin nuenik. Orain, atzetik ikusita, garrantzia izan duela pentsatzen dut. Sekula ez nuen pentsatuko horrelako zerbait egingo zenik; ongi iruditzen zait".

Argi-ilunen maisu

Guztira, 150 argazki inguru bildu dituzte: guztiak gaiaren arabera bereizita. Komisarioaren ustez, egileak ibilbidean zehar jorratu dituen mami adierazgarrien zerrenda bat da osatu dutena, eta irudi horiek pantailetan agertzen diren beste irudi batzuekin osatzen dira, beste 80 inguru. Beraz, 230 lan baino gehiago jasotzen ditu. Halaber, orain arte erakutsi ez diren gaiak ere jaso nahi izan ditu komisarioak; horien artean, adibidez, 1974. urtean Bergaran (Gipuzkoa) egin zen Urrats Berriak egitasmoa, artearen arlotik euskararen alde antolatua. Irudiez gain, film bat ere egin zuen argazkilariak egitasmo horretan. Atalez atal banatu dute erakusketa: Natura; Baserria eta egitura arkitektonikoak; Arantzazu eta apostoluen frisoa; 'Harriz harri' eta arte erromanikoa; Esperimentazio artistikoa; Industria arkeologia; Argazki etnografikoak; Argazki dokumentalak; eta, azkenik, Erretratua. Irudiekin batera, gainera, argazki koadernoak, urteetan erabili dituen argazki makina ugari, eta argazkigintzarekin loturiko objektuak ere jarri dituzte.


1964. urtean atera zuen argazki bat.

Andoaingo (Gipuzkoa) Laborde Hermanos enpresan jaio zitzaion Elizegiri argazkigintzarako grina: bertan eman zituen lehen pausoak industriaren, makinen, erreminten eta delineazioaren munduan ere. Lehen pauso horiek baldintzatu zuten argazkilariaren geroa; izan ere, horren ondoren arkitektura estudio batean delineatzaile gisa lan egin zuen. Hortik datorkio figura geometrikoekiko eta egitura arkitektonikoekiko interesa. Argazkien estiloari eta nortasunari dagokionez, zuriaren eta beltzaren arteko kontraste bizia da aipagarri: argi-ilunekin jolasten da, motibo nagusia forma izaten da, eta konposizioaren eta egituraren indarra bilatzen du. Oro har, irudiek lotura hertsia dute naturarekin; ezkutuko paisaia pintoreskoak harrapatzen ditu kamerarekin: zuhaitz enbor, adar, belar meta, baserri huts... ugari ageri dira haren artxiboan. Serieak osatzen ditu, eta esperimentazioari bide ematea ere gustuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.