Zaldibarko luizia

Eguzkik Jaurlaritzaren «gardentasun falta» salatu du

Ziurtatu dute Zaldibarko (Bizkaia) luizia ez dela izan «ustekabeko istripua» eta «kudeaketa txarraren zantzuak» daudela.

Zaldibarko luizian piztutako sua. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko otsailaren 10a
13:27
Entzun

«Familiei eta biztanleei informazio egoki guztia helarazteaz gain, ordezkari publikoek onartu behar dute zabortegi hori ez dagoela kontrolpean». Argiak dira Eguzki talde ekologistak ohar bidez egin dituen eskaerak: Eusko Jaurlaritzak informazioa eman eta gardentasunez jokatu behar du; hondakinen politika osoa berrikusi behar da; zaborren kudeaketa ezin da egon esku pribatuetan soilik, eta hondakinen alorra ezin da kudeatu ikuspegi ekonomiko huts-hutsetik. «Gertatu dena ez da ustekabeko istripu bat izan, kudeaketa txarraren ondorio bat baizik», gaineratu dute.

Eusko Jaurlaritza informatzera behartuta dagoela azpimarratu dute, eta egoeraren berri eman beharko liekeela desagertutako langileen senideei, Eitzagako bizilagunei, hondakindegitik gertu bizi diren 50.000 bizilagunei eta beste herritar guztiei.«Administrazioek gertakariari buruzko informazio guztia kontrolatzeko duten interesak informaziorik eza edo desinformazio barkaezina eta eskandalagarria eragin ditu». Salatu dute horrek «ondorio larriak» eragin dituela lur azpian segitzen duten bi langileen senideengan, inguruko herritarrengan eta erreskate lanetan ibili zirenentzat.

Luizia egin zenetik jazotako gertaerak «itxura ilun» batek inguratuta daudela nabarmendu dute. Hasieran, erreskate taldeak lanean aritu ziren, bertan amiantoa zegoela jakin gabe, eta, horrenbestez, «segurtasun eta babes neurri egokirik» ez zen hartu. «Amiantoaren berri langile batek eman omen zion Osalaneko teknikari bati, prentsaren informazioen arabera», erantsi dute. Informazio hori, Eusko Jaurlaritzak edo Ingurumen Sailak noiz eman behar zuen galdetu du Eguzkik. Inguruko bizilagunei dagokienez, esan dute ez dakitela luizi gehiago egoteko aukerarik badagoen, eta, batez ere, ez dutela kutsadura arriskuen eta horrek eragin ditzakeen osasun arriskuen berririk.

Talde ekologistak nabarmendu du Veter Recycling-en kudeaketa «eskasa» izan dela luizia gertatu aurretik ere. Azaldu dutenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2015eko epaiaren arabera, ikertzen eta epaitzen ari ziren enpresa batek adierazi zuen hondakin toxiko eta arriskutsuak Zaldibarko (Bizkaia) zabortegira eraman zituela. «Eusko Jaurlaritzak zergatik ez zuen epai haren haritik tira egin, enpresa ikertu eta, hala bazegokion, zigortu?». Azaldu dutenez, Ingurumen Sailak jakinarazi zuen, ikuskapen baten ondoren, enpresari hutsegite larriak aurkitu zizkiotela, eta enpresak erantzuteko egindako txostenean agerian geratzen zela zabortegiaren egonkortasuna «zalantzazkoa» zela. Orain baimendu gabeko hondakinak edukitzeagatik isuna jarriko dela entzuten bada ere, oraindik egonkortasun faltari ez diotela jaramonik egiten salatu dute. «Eusko Jaurlaritzak ez du ezer esaten isuritako materialen analisiaz, baimendu gabe isuritako produktuen kopuruaz edo zergatik betetzen zen zabortegia erritmo hain handian». Eroritako lurraren kudeaketa ere kritikatu dute. Izan ere, Eguzkik esan du 12.000 tona lur baino gehiago eraman dituztela harrobi zahar batera, eta horien artean hondakin toxiko eta arriskutsuak ote dauden.

Sutearen jatorriari buruzko azalpenik ere ez dutela ematen nabarmendu dute. Galdetu dute ea badagoen hondakin toxiko eta arriskutsu gisa kalifikatutako produktu gehiago, eta horiek gaixotasunik ekar al dezaketen: «Zergatik sua? Hondakin toxiko eta arriskutsuak erretzen ari dira?».

Zaldibarkoa ez da bakarra

Nabarmendu dute Zaldibarkoa ez dela kasu bakan bat, eta zalantzak dituzte zabortegiei egiten zaizkien kontrolen inguruan. Esan dute orain dela garaia gardentasuna, kudeaketa ona, datuak, planak, txostenak, kontratuak eta proiektuak argitaratzeko, haien egoera eta kudeaketa betetzeko, informazio publikoa eta gardentasuna bermatzeko, gizarte kontrol publikoa lortzeko eta interes orokorra defendatzeko. «Horrela, pertsonen, osasunaren edo ingurumenaren gaineko arriskuen aurrean, zuhurtasun eta prebentzio neurriak hartu ahal izango dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.