Ondarea

Bilboko Euskal Museoa «Euskadiren museo nazional» bilakatu nahi dute

Euskara ardatz izango duen berritze arkitektoniko eta museografikoa aurkeztu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak. 20 milioi euroko aurrekontua izango dute lanek, eta 2023an nahi dute zabalik.

Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak Bilboko Euskal Museoaren berritze proiektuen aurkezpenean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Inigo Astiz
2020ko otsailaren 10a
17:06
Entzun

Batetik, hirukoiztu egin nahi dute egungo bisitari kopurua, eta, bestetik, 2023an, lanak amaitutakoan, museo berritua EMYA Europako Urteko Museoaren sarirako hautagai izatea ere nahi lukete. Bi helburu zehatz horiek aipatu dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Bilboko Euskal Museoaren berritze integralaren aurkezpenean. Edukiz eta mamiz moldatuko dute eraikina horretarako, baina asmoa baino ez dute jakinarazi oraingoz. Nazioarteko lehiaketa bat jarri dute martxan proiektu museografiko eta arkitektonikoak jasotzeko, eta bederatzi hautagai ditu jadanik epaimahaiak aukeran. 20 milioi euroko inbertsioa izango dute lanek, apirilean jakinaraziko dute irabazlearen izena eta orduan ezagutaraziko dituzte proiektuaren nondik norakoak ere. Bilboko museoa «Euskadiko museo nazional» bilakatzea da asmoa, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan duenez. Eta nazioarteko oihartzuna izan du gogoan Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak: «Euskal kulturarentzako sarbide handi bat izango da».

Euskara izango da museo berrituaren ardatza. Sorkunde Aiarza museoko koordinatzaileak azaldu du ideia, nahiz eta ez duen ideiaren zehaztapen gehiegi ere eman. Aiarzaren hitzetan, metafora bat izan dute oinarri berrikuntza planteatzeko orduan: Aretz bizia-ren metafora, zehazki. Berez, «haritz bizia» litzateke euskara batuko forma, baina modu horretara idatzita, museoa «fonetikoki» Bilborekin eta Bizkaiarekin uztartzen dela uste dute arduradunek. Eta Aiarzak eman du metaforaren zergatiaren azalpena. «Museoa, euskal gizartea eta kultura bera, organismo biziak dira, eta iraunkorki hazten ari dira, herritar guztien ekarpenaren laguntzaz». Nazioarteko izateko asmoa ere izango du proiektuak.

Metro koadro gehiago

Museoko koordinatzaileak zehaztu dutenez, «euskal kulturaren hedapena» izango du xede nagusia, eta, horretarako, familia guztiarentzako bisita bat eskaintzea dute burutan. Hala kanpotik etorritako bisitarientzat, nola euskal herritarrentzat ere. Museoaren asmoa izango da «antzinako kultura txiki baten jarraipen zentzua eta baloreak transmititzea», kultura hori bizirik dagoela nabarmenduz, «Mendebaldeko zibilizazioarentzako erreferente» ere badela gogoraraziz eta haren etorkizunerako proiekzioa ere kontuan hartuz.

Berez, 2016an hasi zuten berritze arkitektonikoa. Orduan estali zuten eraikineko atrioa, eta dagoeneko hasiak dira museoko 40.000 piezak gordailu batera eramaten ere. Bestalde, Unamuno plazara ematen duen izkinan dagoen eta museoari atxikita dagoen Kurtze eraikina ere erosi dute aldundiak eta udalak, bost milioi euroren truke, eta metro koadro batzuk irabazi dituzte horri esker. Horrekin eta garaile suertatzen den proiektuaren proposamenekin, %57 eta %85 artean haziko da museoak erabilera publikorako duen eremua. 6.400 metro koadroren bueltan izango dituztela, kalkulatu dute arduradunek.

Laborategi gastronomikoa

Eraikin berri guztia hartuko duen erakusketa erdi egonkor bat sortzea da asmoa. Hiru areto baliatuko dituzte horretarako, eta izango da aldian aldiko erakusketetarako beste espazio bat ere. Horiez gainera, gordailu bisitagarri bat ere aurreikusi diote eraikinari, laborategi gastronomiko bat, emanaldietarako areto bat, merkataritza gune bat izango duen harrera gune bat, protokolo areto bat, erabilera askotarako espazio bat, eta baita baratze bat ere, azken solairuan. Hori da eskeletoa, behintzat, zeren eta, azken finean, lehiaketan garaile suertatzen den hautagaitzaren arabera egokituko dira gune horiek guztiak eraikinean.

Ez dute eman berritze proiektuen egileen izenik, oraingoz hautagaitzak anonimoak direlako eta euren proposamenen eskutitzak itxita daudelako. Hautagaitza aurkezteko interesa erakutsi duten arkitekto batzuk «ibilbide kontrastatukoak» direla soilik aurreratu du museoko koordinatzaileak. Iazko abenduan antolatu zuten bisita, museorako proiektuak aurkezteko gogoz zirenentzat, eta 12 enpresa egon ziren. Nazioartekoak batzuk tartean, Aiarzaren hitzetan. Oraingoz, epaimahaiak esku artean dituen bederatzi proposamenen izenak soilik jakinarazi dituzte: Haritz berria, Eko-nekta, Errotik, Hasieraren hazia, Hartzulo barri, Aztarna, El lauburu, Sustrai biziak eta Gu geuk.

Zazpikaleak eraldatzea

Bizkaiko Foru Aldundiak jadanik martxan dituen beste bi kultur konpromiso izan ditu gogoan Bizkaiko ahaldun nagusiak. Bilboko Guggenheim museorako egindako hitzarmena aipatu du, batetik, eta Bilboko Arte Ederren Museoa berritzeko lanak ere bai, bestetik. Eta, zehaztu duenez, Euskal Museoarena da hirugarren hanka. Beste proiektu batzuekin ere lotuta egongo dela gogorarazi du Rementeriak. «Baionako Euskal Museoarekin eta Donostiako San Telmo museoarekin konektatuko da, baina hau da gure euskal museoa».

Museoak Bilboko Zazpikaleetan izango duen eragina ere nabarmendu du Bilboko alkateak. Haren hitzetan, «lagungarri» izango da proiektu berria, hiriaren erdialdea «sortzailea», «berritzailea», «modernoa» eta «merkataritzan eta ostalaritzan aberatsa» izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.