Koronabirusa

OMEk 'Covid-19' izena jarri dio koronabirusaren gaixotasunari

Milatik gora dira koronabirusaren ondorioz hildakoak. Hiru herrialdek ukatu egin diote porturatzeko baimena AEBetako Westerdam gurutzaontziari, bidaiariek koronabirusa izan dezaketen beldur.

'Diamond Princess' gurutzaontzia, Japoniako Yokohaa portura gerturatzen. FRANCK ROBICHON, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko otsailaren 11
17:18
Entzun

OME Osasunaren Mundu Erakundeak 300 aditu elkartu ditu gaur Genevan (Suitza), eta haiek erabaki dute Covid-19 izena jartzea Wuhango (Txina) koronabirusak eragiten duen gaixotasunari. Esan dute «ahoska daitekeen» izen bat nahi zutela, «kokapen geografiko, animalia edo pertsona talderik aipatu gabe», estigmatik ez ezartzeko, Tedros Adhanom Ghebreyesus zuzendariaren esanetan. Ingelesezko corona virus disease esamoldetik sortu dute akronimoa.

Txinako Gobernuak zabaldutako azken datuen arabera, 42.638 pertsona kutsatu ditu koronabirusak, eta 1.016 dira hildakoak; horietatik 108 astelehenean bertan hil ziren. Sendatu direnen kopuruak ere gora egin du, hala ere; 3.996 dira gaitza gaindituta etxera itzuli ahal izan dutenak.

Pekinek dagoeneko hainbat hiri berrogeialdian jarri ditu, eta OMEk iragarri du elkarlanerako lantalde berezi bat sortuko dutela, izurria nondik nora zabaltzen ari den aztertzeko eta hura geldiarazteko neurriak bultzatzeko. Kutsatu gehienak Txinako Hubei eskualdean dauden, baina agertu dira kasuak beste hainbat herrialdetan ere, Europan, Asian eta AEBetan, esaterako. Ondorioz, OMEk neurri zorrotzagoak eskatu dizkie nazioarteko agintariei.

Bestalde, koronabirusak zabaltzeko beldurrak aireportu eta portuetako sarrera-irteerak mugatzera bultzatu ditu hainbat herrialde. Ondorioz, dagoeneko hiru herrialdek porturatzeko baimena ukatu diote Westerdam gurutzaontziari. Thailandia izan da azkena ezezkoa esaten.

Bi asteko bidaia egin ostean, porturatzeko asmotan ziren AEBetako Holland America Line enpresak kudeatzen duen itsasontziko 2.257 bidaiari eta eskifaiako kideak. Oraingoz, itsasontziko iturrien arabera,  ez dago kutsatutako inor ontzian, baina, hala ere, Bangkokek (Thailandia), Yokohamak (Japonia) eta Guam uharteek (Micronesia, AEB) ukatu egin diete porturatzeko baimena.

Bitartean, beste itsasontzi batean, Princess Diamond-en, astebete daramate berrogeialdian, 3.600 bidaiarien artean koronabirus kasuak zeudela baieztatu zutenetik. Yokohaman dago gurutzaontzia, eta Japoniako agintariek iragarri dute datozen orduetan ontzitik irteteko baimena emango dietela gaixotasun kronikoak dituzten 60 urtetik gorako bidaiariei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.