Kontu publikoak

Espainiak ez du legealdi honetan ezabatuko defizita

Gastu araua ere finkatu du: beren menpeko erakundeek gehienez %2,9 handitu ahal izango dute aurten gastua

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa, Madrilen. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 11
18:43
Entzun

Kontuak orekatzeko epea atzeratu du Espainiako Gobernuak. Indarrean dagoen egutegia, Mariano Rajoyren gobernuak Europako Batzordearekin hitzartutakoak, esaten zuen 2021erako defizita izateari utziko ziola Espainiak. Oraingo gobernuak, berriz, ez du orekarik aurreikusi lau urteko legealdirako. Bere azken urtea izan daitekeenerako, 2023rako, BPGaren %0,9ko zuloa espero du.

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak %1,8ko defizita espero du urte honetarako, duela hilabete gutxi batzuk berak Bruselari esandakoa baino zazpi hamarren gehiago, eta Rajoyk agindutakoa baino 1,3 puntu gehiago. Azken kopuru hori «ezinezkoa» zela azaldu du gaur Monterok. Ikusteko dago zer iritzi duen EBk, hari baitagokio oniritzia ematea kopuru berriei. Ados ez badago, zigor prozedura zabal lezake Espainiaren aurka.

Defizit helburu berriak aukera ematen die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari aurten %0,2ko defizita izateko —145 milioi eurotik gora Gasteizek, 42 milioi Iruñeak—. Ikusteko dago erabiliko ote duten, zerga bilketa oparoei esker superabita izan baitzuten 2017an eta 2018an, eta bide horretan zihoazen 2019an ere.

Baina bere kontuak egitean bada defizitaren mugak baino gehiago baldintza ditzakeen faktore bat: gastu araua. Gaurko bileran, Madrilek finkatu du aurten gehienik %2,9 handitu ahal izango dutela gastua bere menpeko erakundeek.

Ekonomia moteltzea ere espero du Madrilek. Hazkunde iragarpena bi harreman jaitsi du aurtengorako —%1,6ra arte—, eta horrek berekin ekarriko du langabezia tasa polikiago jaistea —%12,3koa aurten lortu nahi zuen, baina orain dio 2023ra arte itxaron beharko duela—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.