Kazetaritza

Esku feministek irabazi dute azalen lehiaketa

BERRIAko 2019ko azalak bozkatu dituzte irakurleek, eta martxoaren 8ko biharamunekoak jaso ditu boto gehien.

Martxoak 9ko azalak jaso ditu boto gehien. BERRIA
2020ko otsailaren 11
20:35
Entzun

Otsailaren 3an bozkatzen hasi ziren irakurleak, 2019ko azalik onena aukeratzeko. Denera 379k bozkatu dute, eta horietako 152k Iraultza feministaren oldarra izenburua duen azala aukeratu dute. Azal berezia izan zen, lehen orria hartzeaz gain azkena ere biltzen zuelako, egunkari osoa inguratuta. Izan ere, gai bakarra landu zuen egun horretako egunkariak: emakume langileen eguna. Andre baten eskuak agertzen dira, hiruki feminista egiten. Ohiko irudia da Martxoaren 8an, baina, kasu horretan, eskuetako bat morez tindaturik dago.

Boto gehien bildutakoetan bigarrena klima larrialdiaren inguruko azal bat da: 127 boto. Zazpi hilabete planeta kontsumitzeko izenburua du, kontatzeko gizateriak 2019ko uztailerako janak zituela planetak urte osorako sortutako baliabide berriztagarri guztiak. Lurraren kontsumoa sagar baten bidez irudikatu zuten diseinatzaileek.

Boz gehien bildutako azaletan hirugarrena Euskal Herriko espetxe sistemaren harira egindako igandeko ale bereziko lehena izan da. 86 boto jaso ditu. Kartzelak. Arantzazko kiribilak izenburua du, eta txarrantxaren bidez irudikatu zuten ideia.

Hemen ikus daitezke boto gehien lortu dituzten hogei azalak.

Boto emaileen artean hiru sari banatu dira, eta lehenengoa Eneko Beretxinaga Laskurainek irabazi du. Lagun batekin egonaldia egin ahalko du Orbaizetako (Nafarroa) Urkixokoa nekazaritza etxean. Bigaren saria Ane Berasain Goiak jaso du, eta lagun batekin otordua egin ahalko du Hernaniko (Gipuzkoa) Errioguarda-enea jatetxean. Hirugarren saria, berriz, Nerea Eugi Mendibek eraman du: urtebetez BERRIA jasoko du, egunero, etxean.

Diseinu berriaren fruitua

Ekainean sei urte izango dira BERRIAk papereko edizioa eta, horrekin, azalen diseinua berritu eta aldatu zituela. 2014ko ekainean izan zen aldaketa, papereko edizioa berritzeko gogoetaren emaitza gisa. Egunkari esanguratsuago bat egiteko asmoari jarraituz, igandeetako edizioa sendotzea izan zen gogoetaren helburuetako bat; horren barruan, gai bat dosier modura lantzea erabaki zuen, eta mantxeta ere aldatu zuen, Igandea izena agerian jarrita.

Aldaketa horren ispilua izan da igandeko azala. Igandeetako gai nagusia erakusteko, diseinuak eta sormenak irekitako bideak esploratu ditu, nazioarteko eredu esanguratsuen inspirazio iturriari jarraituz —Libération, The Economist, Portugalgo Público...—.

BERRIAko taldearentzat eta Diseinu Taldearentzat ikasketa prozesu etengabeko bat izan da. Argazkilaritza, diseinua, irudia, ilustrazioa, muntaketa... Ezagutza arlo askotan sakontzeko modua izan da; asteroko bileretan eta talde osoaren inplikazioarekin eta ekarpenekin egindako bide bat.

Bide horretan, BERRIAk hamabost urte egin zituenean, aste barruko azalak ere berritu zituen, 2018ko ekainean. Tipografiak eta azalaren egitura aldatu zituen, aste barruko azalak ere ikusgarriagoak eta argiagoak egiteko.

Aldaketa horiekin batera, urteko azala aukeratzeko lehiaketa egiten ere hasi da BERRIA azkenaldian, eta aurten ere aukera izan da: iazko hogei azalen artean aukeratzeko modua izan dute BERRIAlagunek eta irakurleek.

Argia saria

BERRIAren igandeetako azalek irabazi dute aurten prentsa idatziko Argia saria. Igandeetan egunkariak eskaintzen duenaren «erakusleiho» gisa definitu zituzten azalak Jakes Goikoetxea kazetariak eta Maixa Olano diseinatzaileak.

BERRIAren lehenak egunkariak «igandeetako eskaintza iraultzeko apustuaren» erakusgarri direla azaldu zuen Goikoetxeak, «barruko mamiaren» isla. 2014ko ekainean argitaratu zen lehena, Gure Esku Dago-k antolatutako giza katearen harira: Esku bete itxaropen. Maitane Gartziandia Argia-ko diseinatzaileak eman zituen saritu izanaren arrazoiak, eta azalek «bereizgarri duten ukitu freskoarekin» gaur arte iraun izana nabarmendu zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.