Athletic 3 - 0 Granadilla

Athleticek luzapenean irabazi dio Granadillari

Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatu dira zuri-gorriak. Arauzko 90 minutuetan hagitz partida zurruna jokatu dute bi taldeek, baina bizkaitarrak nagusi izan dira zati gehigarrian. Garazik, Lucia Garciak eta Vanesa Gimbertek sartu dituzte golak.

Athleticeko Lucia Garcia baloia buruz jotzen, gaur, Lezama. ARITZ LOIOLA / FOKU
mikel rodriguez
2020ko otsailaren 11
09:49
Entzun

Partida anitz zaildu dio Granadillak Athletici, eta arauzko 90 minutuetan ez da argi gelditu balantza zeinen aldera okertuko ote zen. Kanariarrek bizkaitarren zelai erdia etengabe trabatzea lortu dute, eta Athleticeko erdilariek ezin izan dute taldearen jokoa antolatu. Baina zuri-gorriak talde handiagoa dira, eta luzapenean erakutsi dute hori. Hiru gol sartu dizkiote Granadillari ordu erdi baino gutxiagoan, eta Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatzea lortu dute. 

Lehenbiziko zatian, oro har, Granadilla Athletic baino erosoago egon da zelaian. Damaris Egurrolak eta Maite Orozek ezin izan dute ongi landu jokoa, eta baloia gutxi mugitu da zelai erdian. Horrek kalte egin die zuri-gorriei, eta mesede, berriz, Granadillari. Ane Azkonaren eta Lucia Garciaren lasterkaldi batzuek arriskua sortu dute, baina Granadillak izan ditu aukerarik onenak, estrategia jokaldietan eta 25. minutuan Allegra Poljak Ainhoa Tirapuren aitzinean bakarrik agertu denean. Athleticen zorionerako, jaurtiketa egin baino lehen Ainhoa Moraza gurutzatu zaio.

Lehenbiziko zatian, azken bortz minutuak izan dira bizkaitarren onenak. Zelai erdian jokaldiak hobeki josi dituzte, eta Lucia Garciak ordura arteko aukerarik onena izan du, Aline Reis atezainaren aitzinean bakar-bakarrik gelditu baita, baina brasildarrak ongi asmatu dio jaurtiketaren norabidea.

Bigarren zatia lehenbizikoa baino are zurrunagoa izan da. Athleticek zelai erdiko jokoa josi ezinik jarraitu du, eta Granadillak gain hartu dio minutu anitzetan. Maria Jose Perez aurrelari beteranoa zelairatu du, eta, nahiz eta ez duen aukera argirik izan, buruhausteak sortu dizkie Athleticeko defentsei. Hala ere, Athleticeko Oihane Valdezatek izan du partida erabakitzeko aukera, baina jaurtiketa gehiegi gurutzatu du Reisen aitzinean, 93. minutuko azken segundoan.

Luzapena bultzaka hasi du Athleticek, eta handik sei minututara jaso du saria. Granadillako atzelari batek Ane Azkonari ostikoa eman dio aurpegian, arean sartzen ari zela, eta epaileak penaltia eman du. Garazik ez du hutsik egin. Granadillarentzat kolpe handiegia izan da, eta Athleticek luzapena lasai bukatzea lortu du, Lucia Garciak 115. minutuan eta Vanesa Gimbertek 119.ean egin dituzten golekin.

Realaren txanda, bihar
Lehiaketako bertze euskal taldea, torneoaren egungo irabazlea ere badena, bihar ariko da. Realak Madril hartuko du Zubietan, 18:00etan (ETB1). Joan den igandeko Espainiako Superkopako finala lehenbailehen ahaztea izanen da txuri-urdinen helburua, Bartzelonaren aurkako 1-10ak soka luzea ekarri baitu. Finala jokatu zuten hamalau jokalarien artetik, Barbara Latorre eta Itxaso Uriarte gelditu dira deialditik kanpo, baina Gonzalo Arkonada entrenatzaileak Kiana Palacios aurrelaria berreskuratu du.

Realak eta Madrilek ligan duten jarduna eta aurrekariak kontuan hartuta, Reala da final-laurdenetara pasatzeko faboritoa. Txuri-urdinak seigarren dira, 29 punturekin, eta espainiarrak, berriz, hamabigarren, 11 puntu gutxiagorekin. Ligan, urte hasieran jokatu zuten elkarren aurka, hamabortzgarren jardunaldian; Zubietan izan zen partida hura ere, eta Reala aisa nagusitu zen, 5-0. Baina tentuz ibili beharko dute gipuzkoarrek. Madrilek lau fitxaketa egin ditu neguko merkatuan, eta, ligan, Athletic 4-1 mendean hartzeko gai izan zen duela hiru aste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.