Italia

Senatuak immunitatea kendu dio Salviniri, migrazioaren kudeaketagatik auzipetzeko

Erabaki horrekin, bidea ireki diote Italiako Barne ministro ohiaren aurkako karguak aurkezteari. «Botere abusua eta pertsonak bahitzea» egozten dio epaile batek, 130 migratzaileri lehorreratzea debekatzeagatik.

Salvini buruzagi ultraeskuindarra, gaur Senatuan izan duten eztabaidan. EFE
ander perez zala
2020ko otsailaren 12a
17:49
Entzun

Italiako Senatuak pausoa eman du: Matteo Salvini Barne ministro ohiari immunitatea kentzearen alde bozkatu du gaur  egindako saioan eta, hortaz, azken orduko ezustekorik ezean, agintari ultraeskuindarrak epaiketa bati egin beharko dio aurre. Salvinik, ordea, bere burua «martiri» gisa aurkeztu du, eta defendatu du erabakia ez zela soilik harena izan, 5 Izar Mugimenduak (M5S) eta Legak osatu zuten koalizio gobernuarena baizik.

Immunitatea kenduta, senatariek atera ireki diote buruzagi ultraeskuindarra auzipetzeari, migratzaileen auzia kudeatzeko modua dela eta: iragan uztailean Gregoretti ontzian zeuden 130 bat migratzaile «legez kanpo» blokeatu zituen astebetez, Cataniako epaile baten arabera. Hortaz, «botere abusua eta pertsonak bahitzea» egozten dio, baina, orain arte immunitatea zuenez, ezin zuten Salviniren aurkako prozesu judizialik abiatu.

AdnKronos berri agentziaren arabera, immunitatea kentzearen alde bozkatu dute egungo koalizio gobernua osatzen duten M5Sk, Alderdi Demokratikoak (PD) eta Askeak eta Berdinak ezkertiarrak, bai eta eskuineko Forza Italia eta Italiako Anaiak alderdiek ere. Legaren senatariek, aldiz, ez dute bozketan parte hartu. Hortaz, immunitatea kenduta, Cataniako epaileak prozesuarekin jarraitzeko baimena jaso du, Salvini inputatze aldera.

Barne ministro izandakoa hasiera-hasieratik agertu da epaiketara joateko prest, eta bere burua biktimatzat aurkeztu du; estrategia horren harira agindu zien bere alderdikideei haren immunitatea kentzearen alde bozka zezatela iragan hilabetean, Senatuko batzorde batean; Emilia-Romagna eskualdeko boz erabakigarrien atarian izan zen, eta emaitzak hobetzeko mugimendu politikotzat zuen.

«Banekien [immunitatea kenduko ziotela]. Oso lasai nago, eta egin nuenaz harro. Berriz egingo dut gobernura itzultzen naizenean», adierazi du gaur Salvinik bozketaren berri izatean. Aurrez, immunitateari buruzko eztabaidan, agintari ultraeskuindarrak honako hau esan du bere migrazioaren kudeaketa defendatzeko: «Nire bi semeek eskubidea dute jakiteko euren aita askotan etxetik urrun zegoela mugak defendatzea eta herrialdearen segurtasuna bermatzea zirelako bere eginbeharrak. Ez bahitzaile bat delako».

Epaiketa bati aurre eginez gero, buruzagi ultraeskuindarrak gehienez hamabost urteko espetxealdi bati eta sei eta zortzi urte arteko inhabilitazio zigor bati egin liezaieke aurre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.