Frankismoa

Espainiako Gobernuak ez du nahi Martin Villak Serviniren aurrean deklaratzea

Espainiako Justizia Ministerioak hartu du erabakia; martxoaren 20an deklaratu behar zuen Martin Villak Serviniren aurrean. Iñarrituk poliziei emandako ohorezko dominak izan ditu aipagai, Espainiako Kongresuan.

Maria Servini epailea frankismoko krimenen biktima batzuekin bilduta Buenos Airesen, Argentinan, 2019ko ekainean. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko otsailaren 12a
17:30
Entzun

Maria Servini epaile argentinarrak Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohia galdekatu behar zuen martxoaren 20an, frankismoko biktimek Argentinan jarritako kereilaren harira. Espainiako Gobernua, ordea, deklarazioaren aurka agertu da. Kereila argentinarraren aldeko koordinakundeak adierazi duenez, Espainiako Justizia Ministerioak hartu du erabakia. Hark argudiatu du Servinik nazioarteko eskakizun bat egin beharko lukeela Martin Villa galdekatzeko, Espainian ez baitauka jardunerako eskumenik. Hala ere, koordinakundeak salatu du eskaera bi aldiz egina zuela epaileak, baina Espainiako epaitegiek baztertu egin zutela.

Hain zuzen ere, Argentinako kereila ikertzen duen funtzionario talde batekin batera zen joatekoa Servini Madrilera, eta beste auzipetu batzuekin batera hartu behar zion deklarazioa Martin Villari ikerketa faserako. Epaileak ondoren erabakiko zuen epaibidera igorri ala ez.

Espainiako Kongresuan, ohorezko dominak

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari galdetu dio ea zer egingo duten giza eskubideekin hautsi eta ohorezko dominak dituzten poliziekin; esate baterako, Billy el niñoren kasuarekin. Halere, Grande-Marlaskak ez du erantzun garbirik eman; eta, gaineratu duenez, martxan dago «konstituzioaren aurkako jarrera izan duten pertsonei ohorezko dominak era erregular batean kentzeko» lege proiektuaren aukera. Iñarrituk gehitu duenez, ez dago arazorik halako lege bat babesteko, baina Euskal Herriko egoera oinarri, eskatu du «zabalagoa» izan beharko litzatekeela: «Torturarengatik edo gerra zikinarengatik kondenatutako polizien gehiengoa karguz goititutakoa, medailaduna edo barkatua izan da».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.