Klima larrialdia

Antartikako pinguino kolonia batzuen %77 galdu dela ohartarazi du Greenpeacek

Klima aldaketari egotzi diote gainbehera. Pinguino kopurua inguruko itsasoko ekosistemen osasunaren adierazle argia da, zientzialarien arabera.

Edu Lartzanguren.
2020ko otsailaren 13a
17:24
Entzun

Elefante uhartean egon dira berriki Greenpeace erakunde ekologistako biologoak, eta esan dute kezkatuta daudela han ikusitakoarengatik. Hango pinguino kolonietan kumeak hazten ari diren bikoteak zenbatu dituzte, eta, ondorioztatu dutenez, kolonia batzuen %77 galdu da. Antartikako penintsulako puntatik ipar-ekialdera dago uhartea, 245 kilometrora.

«Pinguinoak zenbatzen ditugu oso bioadierazle onak direlako», azaldu du Steven Forrest espedizioko zientzialarietako batek. Pinguinoek krill krustazeo txikiak jaten dituzte, eta krilla planktonez elikatzen da. «Pinguinoen bidez dakigu, zeharka, inguruko itsasoaren produktibitatea nola ari den aldatzen», adierazi du. Izan ere, zaila edo ezinezkoa da krilla edo planktona «ganoraz» zenbatzea, baina pinguinoak bai, urtero joaten baitira leku berera umatzera.

Uharteko 35 kolonia aztertu dituzte biologoek. Pinguino papozuriek izan dute kalterik handiena (Pygoscelis antarcticus). Horien koloniak %60 galdu dira batez beste, baina kolonia batzuk, %77. Azken zenbaketa 1971. urtean egin zuten, eta horiekin parekatu dituzte gaurko kopuruak. Aurrekoan 122.550 bikote zenbatu zituzten, eta, oraingoan, 52.786.

«Galera handi horiek iradokitzen dute Ozeano Australeko ekosistema aldatu egin dela, batez ere azken mende erdian», esan du Heather J. Lynch ikertzaileak. Litekeena da beste eragile batzuek zerikusia izatea galtze horrekin, baina «ditugun froga guztiek erakusten dute klima aldaketa dela erantzulea».

Beste lekuetan baino gehiago sumatzen ari da planetaren berotzea poloetan. Joan zen ostegunean —otsailak 6— Antartikan inoiz neurturiko tenperaturarik altuena jaso zuten Argentinak han duen Esparanza estazioko termometroek: 18,3 gradu zentigradu. Orain uda da hego hemisferioan. Aurreko marka 2015ean jaso zuten, baina 17,5 gradura bakarrik heldu zen.

Elefante uhartean, 100.000 pinguino bikote daude, kumeak hazteko moduan, espezie guztiak kontuan hartuta.

«Klima azkarrago aldatzen ari da Antartikako penintsulan, planetan beste inon baino. Ikusten ari gara horren ondorioa zein den hemen», esan du Forrestek. «Gu bizi garen eremu epelagoetan ere moldatu beharko dugu, pinguino papozuriak eta besteak orain egiten ari diren bezala». Pinguinoek ez dute ahalmenik euren ingurumena kontrolatzeko. «Geuk bai, eta neurri zorrotzak hartu beharko genituzke».

Greenpeace lanean ari da estatuek aurten onar dezaten Ozeanoen Itun Globala, 2030erako planetako ozeanoen %30 babesteko. Datorren astean bozkatuko dute proposamena, New Yorken.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.