Athletic 2-1 Reala

Gehien asmatu duenak irabazi du

Athleticek bigarren zatiko bi minututan irauli du emaitza, eta euskal derbia bereganatu horrenbestez. Lau punturen tartea dago orain zuri-gorrien alde. Sekulako jendetza batu da partida ikusteko. 

jarraia177599.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 16a
10:26
Entzun

Euskal Herriko derbia jokatu dute eguerdian Lezaman, jendetza handi baten aurrean, Athleticek eta Realak. Berdindua izango zela espero zen, eta parekatua izan da. Puntu bat goitik ziren zuri-gorriak, laugarren, eta orain, leku berean dira, baina lau puntura igo dute Realarekiko tartea —partida bat gutxiago daukate—; seigarren dira txuri-urdinak. Athleticek aldea handitzea lortu du, irabazi egin baitio Realari gaur (2-1). 

Bigarren zatiko 67. minutura arte, ordea, gaur kanpokoak zirenak izan dira goitik, Kiana Palaciosek seigarren minutuan sartu duen golari esker. Lehenxeago, etxekoek zutoinera bota dute baloia, Eunateren erdiraketa jaurtiketa batean. Realak bigarren gola sartzeko aukera izan du Nahikari eta Cardonaren bitartez, eta Athletic berdintzeko moduan ere egon da, Valdezatek eta Luciak izandako aukerekin. 

Partidaren bigarren erdian, Realak aukera izan du aldea zabaltzeko korner batean, eta Athletic ere ibili da aurkariaren atearen inguruan, noiz berdinduko: Azkonak izan du aukera, baina ez du asmatu. 67. minutua heldu den arte, hor irauli baitu partida Athleticek. Azkonak berdindu du, ateko zuloan, buruz, bigarren zutoinean, beste aldetik Eunatek egindako erdiraketa ondo baliatuz, eta handik bi minutura, Azkonak berak egindako erdiraketa ezkerreko aldetik bultzatu du sarera Luciak, ateko zuloan horrek ere. 

Lehengo bidetik jarraitu du partidak, eta irekia zegoen bi taldeetako edozeinek gola sartzeko. Athleticek hirugarrena gertu izan du Orozen bitartez, baita Realak ere berdinketa Nerea Eizagirrek langara egindako jaurtiketa batean, baina emaitza ez da aldatu. Azkenean, Athletic garaile euskal derbian, lehen itzulian Anoetan egin zuen bezalaxe. 

FITXA

Athletic 2: Ainhoa Tirapu; Ainhoa Vicente 'Moraza', Vanesa
Gimbert, Garazi Murua, Eunate Arraiza (Nerea Nevado, 91. min.); Oihane
Hernandez, Damaris Egurrola, Oihane Valdezate (Yulema Corres, 58. min.),
Maite Oroz; Ane Azkona (Maria Diaz Zirauki, 89. min.) eta Lucia.

Reala 1: Mariasun Quiñones; Lucia Rodriguez, Maddi
Torre, Ana Tejada (Iraia Iparragirre, 77. min.), Leire Baños (Sara
Olaizola, 77. min.); Ane Etxezarreta, Nuria Mendoza, Nerea Eizagirre
(Sara Roda, 85. min.), Marta Cardona (Manu Lareo, 71. min.); Nahikari Garcia
eta Kiana Palacios.

Golak.  0-1: Kiana Palaciosek (6. min.). 1-1: Azkonak (67. min.). 2-1: Luciak (69. min.).

Epailea: Zulema Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak: Athleticeko Damaris eta Yulema Corresi; eta Realeko Nerea Eizagirre eta Maddi Torreri.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.