Txina

Koronabirusak hildakoak 1.770 dira jada Txinan

Txinako Gobernuak berrogeialdian jarri ditu beste 24 milioi biztanle Hubei probintzian.

Hainbat herritar maskarak jantzita, erosketak egiten Pekingo saltoki handi batean. WU HONG, EFE
2020ko otsailaren 17a
11:07
Entzun

Beste 105 heriotza eragin ditu 2019-nCoV birusak Txinan, herrialdeko Osasun Batzorde Nazionalak gaur jakinarazi duenez. Orotara, Wuhango koronabirusak 1.770 lagun hil ditu Txinan. Azken datu ofizialen arabera, kutsatutakoak 70.548 dira, eta horietatik 10.644 larri daude. Aldiz, 10.844 gaixok osatzea lortu dute orain arte.

Koronabirusaren agerraldiak epizentro argia du: Wuhan hiriburu duen Hubei probintzia. Azken 105 heriotzetatik ehun probintzia horretan eragin ditu birusak. Atzeman dituzten 2.048 positibo kasu berrietatik, 1.933 probintzia horretan izan dira.

Wuhango biztanleak berrogeialdian daude joan den urtarrilaren 23az geroztik, eta neurria beste 24 milioi biztanleri ezartzea erabaki du Txinako Gobernuak. Hubei probintziako 200.000 landa komunitatetan bizi diren herritarrei eskatu die etxean gelditzeko abisu berri bat jaso arte. Horrez gain, sarrera-irteerak itxiko dituzte. Soilik bertako biztanleak sartu ahalko dira komunitateetara, eta etxebizitza bakoitzeko pertsona bakar bat irten ahalko da hiru egunean behin, beharrezko produktuak erosi ahal izateko.

Orain arte, koronabirusagatik hil diren guztiak Txinan hil dira, lau izan ezik: hildako bana izan da Taiwanen, Japonian, Filipinetan eta Frantzian. Kutsatuak, berriz, 30 bat herrialdetan atzeman dituzte.

'Diamond Princess' gurutzaontzia

Baieztatu dute Japonian porturatuta dagoen Diamond Princess gurutzaontzian 356 bidaiari daudela kutsatuta. Orotara, 3.000 lagun inguru daude ontzi barruan, Yokohamako portuan, otsailaren 3az geroztik. AEBetako Gobernuak Japoniatik herrialdera ekarri ditu Estatu Batuetako nazionalitatea duten 380 herritarrak eta haien senideak. Koronabirusak kutsatuta dauden 44 estatubatuarrak, berriz, Japoniako ospitaleetan gelditu dira, tratamendua jasotzeko. Filipinetako Gobernuak eskaria egin du bere herrialdeko bidaiari eta langileak Filipinenetara eramateko. 538 lagun dira orotara.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.