Fiskalitatea

Google tasa eta Tobin tasa bihar onartuko ditu Espainiako Gobernuak

Ministro Kontseiluak bihar onartuko ditu jada Bruselaren oniritzia duten bi zerga horiek. Plataforma digital handiei %3ko tasa ezarriko zaie, eta enpresa handietako akzioen salerosketei, %0,2ko zerga.

Balioa erabiltzaileen parte hartzetik lortzen dituzten jarduerak zergapetuko ditu Google tasak. SASCHA STEINBACH / EFE
Irune Lasa.
2020ko otsailaren 17a
14:11
Entzun

Hauteskundeekin etendako asmoetako bat berreskuratu egingo du Pedro Sanchezen gobernuak, eta bi zerga berri onartuko ditu biharko Ministroen Kontseiluan: Google tasa delakoa, plataforma digital handiak zergapetzekoa, eta Tobin tasa, finantza transakzioen gainekoa.

Bi zergak ezartzeko asmoa jada udazkenean agertu zuen Espainiako Gobernuak, Bruselara bidalitako aurrekontu planean aurreikusi baitzuen Google tasarekin urtero 1.200 milioi euro bilduko zituela, eta beste 850 milioi euro Tobin tasarekin. Sanchezek Kongresuan ere aurkeztu zituen bi zergak, baina proiektuak bertan behera gelditu ziren ganberak desegin zirenean. Orain, biharko erabakiaren ondoren, zergek atzera Kongresuko bidea hartuko dute  onartuak izateko.

Zerga berrietan ez da aldaketa handirik espero aurreko asmoekin alderatuta, besteak beste Europako Batzordeak bere garaian proposatutakoen ildo berekoak direlako, batez ere plataforma digital handien gaineko Google tasari dagokionez. Europako Batasunak oraindik ez du lortu jarrera bateratu bat Google tasaren inguruan, baina zenbait herrialdetan jada hasi dira horiek abiatzeko lanak. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea bera ere ari da zerga digitalen inguruko proposamena lantzen, baina instantzia horretan ez da erabaki lasterrik espero. Europako Batzordearen kalkuluen arabera, enpresa tradizionalen irabazien gaineko batez besteko zergapetzea  %23,2 da, baina enpresa digitalen irabazien %9,5 soilik joaten dira zergetara.

Munduan 750 milioi eurotik gorako fakturazioa duten eta Espainian hiru milioi eurotik gorako sarrerak dituzten enpresa digitalei ezarriko die Espainiak zerga berri hori. Google tasarekin %3ko tasa ezarriko zaie hiru jarduera jakini, zeintzuetan erabiltzeen parte hartzea erabakigarria den balioa sortzeko: interfaze digital baten bidez erabiltzaileei zuzendutako publizitatea; erabiltzaileek elkarren artean salerosketak egitea ahalbidetzen duten plataformak eskaintzea; eta webgune eta plataformen bidez eskuratutako erabiltzaileen datuak saltzea edo lagatzea. 

Google tasa onartzeak, dena den, izan dezake arriskurik, Donald Trumpen AEBetako gobernuaren mehatxua argia baita: automobilgintzako osagaien gaineko muga zerga gehiago ezarriko ditu Europan Google tasak onartzen badira. AEBetako Gobernuaren arabera, zerga horiek OCDEn erabaki behar dira.

Tobin tasa

Finantza transakzioak zergapetzeko asmoak ere hainbat eremutan landu izan dira, eta halako zergak jada indarrean daude Europako zenbait herrialdetan, hala nola Frantzian, Italian eta Belgikan. Espainiako Gobernuaren asmoa 1.000 milioi eurotik gorako burtsako kapitalizazioa duten akzioen salerosketa zergapetzea da, %0,2ko tasarekin, zeina erosketaren bitartekariak ordainduko duen. Zergatik kanpo geldituko dira zor publiko eta pribatuen salerosketak, eta baita deribatuak ere.

Tobin tasarekin bildutako dirua —850 milioi euro urtero— zuzenean pentsio sistemara eta Gizarte Segurantzara bideratuko ditu gobernuak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.