Elikadura

Klima aldaketak paleodieta arriskutsu bihurtu zuenekoa

Paleolitoko ehiztariek metal astunez pozoinduriko arrainak eta itsas animaliak jaten zituzten, itsas mailaren igoerak eraginda, Norvegian eginiko ikerketa baten arabera.

Hamningberg, abandonaturiko arrantzale herri bat, Varanger peninsularen iparraldean. RICKSULMAN
Edu Lartzanguren.
2020ko otsailaren 17a
19:13
Entzun

Zeresana eman du azken urteotan osasuna promesten duen elikatzeko beste molde batek: paleodieta deiturikoak. Paleolitoko ehiztari eta biltzaileen elikadura imitatzeari esaten zaio paleodieta: haragia, arraina, fruituak eta fruitu lehorrak lehenesten ditu, hau da, ustez Paleolitoko gizaki nomadek jaten zutena. Paleodietak apropos baztertzen ditu aleak eta janari prozesatuak, eta paleodietazale batzuek gaurko gaitz askoren iturburutzat dauzkate azken horiek.

Baina horren osasungarria al zen paleodieta? Ohi bezala, erantzuna erlatiboa da, eta egoeraren araberakoa. Norvegian egin berri duten ikerketa baten arabera, hango ehiztari-biltzaileen dieta, osasungarria ez izateaz gain, guztiz toxikoa zen.


Bakailao bat ('Gadus morhua'), Norvegian. Hans-Petter Fjeld

Norvegiako Unibertsitate Artikoko Hans Peter Blankholmek ikertu ditu herrialdeko iparraldeko kostan Paleolitoan bizi izan ziren gizakiak. Baina ikerketa horretan ez dute giza arrastorik aztertu, baizik eta haien elikagaiak. Varanger inguruko zortzi gune arkeologiko aztertu dituzte, eta han topaturiko bakailao eta itsas txakur muturbeltzen hezurrak laborategira eraman dituzte. Aurkitu dutenez, duela 6.100 eta 3.500 urte arteko animaliok kadmio, berun eta merkurio asko zuten gorputzean. Batez beste, bakailaoaren kadmio mailak gaur Europako agintariek ezarritako segurtasun muga baino 22 aldiz handiagoak ziren, eta berun mailak, 3-4 handiagoak. Itsas txakurraren kasuan, berun mailak bakailaoarenak bezalakoak ziren, eta kadmio mailak, 15 aldiz handiagoak.


itsas txakur muturbeltz bat ('Phoca groenlandica'). / Matthieu Godbout

Merkurio mailak gaurko mugetatik behera zeuden oro har, baina, halere, handiak ziren, ia gaurko artikoko arrainaren parekoak. «Horrek erakutsiko luke itsasoko jana ez zela osasungarria Harri Aroaren hasieran; haatik, arriskutsua ere bazen», idatzi du Blankholmen taldeak Science Direct gunean argitaraturiko txostenean. Edonola ere, baliteke orduko gizakiek horrenbesteko kalterik pairatu ez izana, beharbada uste baino lurreko elikagai gehiago kontsumitzen zituztelako, ikertzaileek idatzi dutenez.

Berunak sendabiderik gabeko kalteak eragiten ditu burmuinean eta nerbio sisteman, eta anemia eragiten du, beruna odolean egoteak hemoglobinaren sintesia gelditzen duelako, eta oxigenoaren garraioan eragiten duelako. Saturnismo izenarekin ezagutzen da berun pozoidurak eragindako gaitza. Kadmioak, berriz, gibeleko, giltzurrunetako eta birikietako gaitzak eragin ditzake.

Itsasoaren mailaren igoera

Baina nolatan kutsatuko ziren itsasoko animaliak halako metal astunekin industrializazioaren aurretik?

Norvegiako ikertzaileek uste dutenez, kutsadura itsasoaren mailaren igoerarekin zegoen lotuta. Merkurioa, beruna eta kadmioa berez daude lurraren azalean, eta itsasoek ordura arte estali gabeko eremuak hartu zituztenean, metal astunok uretara pasatuko ziren, eta elikadura katea kutsatuko zuten. Ikerketak, beraz, ondorio interesgarriak ditu gaurko klima larrialdiaren testuinguruan: erakusten du itsasoen igoerak espero ez diren moduetan eragin diezaiekeela elikadurari eta giza osasunari.

Pairatuko zituzten Varangerreko gizaki haiek euren elikagaien toxikoen kalteak? Ezin erantzun daude ikertzaileak. Izan ere, orduko bizi itxaropena kontuan hartuta, baliteke behar beste urte bizi ez izana kalteak sumatzeko.

Edonola, ere, ikerketa egiteko erabilitako lagina txikiegia da ondorio orokorrak ateratzeko. Gauza bera gertatzen al zen Euskal Herriko kostaldeko biztanleen elikadurarekin? Badago zer ikertu.

Noski, ikerketa horrekin ezin da ondorioztatu haragi, arrain eta fruitu lehorretan oinarrituriko dieta ez dela, berez, osasungarria. Jan daitezke metal astunik gabeko produktuak paleodieta osasungarri batean. Baina, beste hainbatetan bezala, ikerketak erakusten du beharbada ez dagoela dieta idealik, eta hoberena dela denetatik jatea, besterik ez bada ere, behintzat arriskua gutxitzeko. Paleogizakiek ez zuten aukera hori izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.