FEMINISMOA

Greba deialdirik gabe ere, borroka feministak ez du etenik izanen aurtengo M-8an

Feminismo «konprometitua», «antolatua» eta «antifaxista» aldarrikatu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, Iruñean.

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren agerraldia, Iruñeko Gazteluko plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko otsailaren 18a
12:35
Entzun

Feminismoaren boza ozen adituko da berriro ere, aurtengo Martxoaren 8an. Igandea izanik, Euskal Herriko Mugimendu Feministak ez du greba deialdirik egin, baina argi utzi du beren borrokak eta aldarrikapenek ez dutela etenik izanen: «Aurten Euskal Herrian ez dugunez grebara deitu, batzuek ikusarazi nahi izan dute gure aldetik ezintasun bat edo su-eten bat dagoela . Ez bata eta ez bestea. Kaleak beteko ditugu, eta ozen eta argi esango dugu: jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat». Hori dela eta, Martxoaren 8aren karira antolatutako mobilizazioen berri eman dute gaur, Iruñeko Gazteluko plazan.

Borroka feminista beharrezkoa dela azpimarratu dute, «gaur duela urtebete bezala». Greba feminista «bitarteko bat» dela gaineratu dute, «ez helburu bat», beste gizarte eredu bat lortze aldera. Beharrezkotzat jo dute «emakumeen autoantolaketa», sistemak ezarritako ereduetatik kanpokoa: «Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz. Kaleetan eta talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministaren bidez ere presioa egin behar dugu».

Euskal Herriko Mugimendu Feministak aldarrikatzen duen feminismoa berdintasun formalaz harago doala azpimarratu dute: "Ez dugu nahi mugarik gabe kontsumitzeko eta lurraldeak esplotatzeko berdintasunik, ez dugu nahi munduko beste leku batzuetan eta gure inguruan emakume askoren esplotazioa sakontzen duten errezeta neoliberalik». Eredu neoliberalaren aurka, «tokian tokiko» lana aldarrikatu dute, «planeta osoko gure ahizpa feministekin konektatuta egoteak ematen digun ikuspegi globalarekin».

Feminismoak eraldatzailea izan behar duela sinetsita, beste aldarri eta borroka batzuekin bat eginen du Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8an. Gaurko agerraldian, gogoan izan dituzte, besteak beste, «hondamendi ekologikoa, gerra suntsitzaileak eta lurraldeen desjabetzeak», eta baita «derrigorrezko desplazamenduak, hesi arantzatuekin jasotako migrazio politikak eta eskuin muturrak suspertutako arrazismoa eta xenofobia» ere. Oro har, feminismoak «aurre» egin behar die «eskubide sozial zein politikoetan atzera eginiko urratsei»: «Gure feminismoak eredu zurrunetan eta errealitatetik urrun itotzen gaituen gorputzen merkantilizazioa eta binarismoa borrokatzen ditu; norberaren gorputzerako eskubidea, sexu- eta ugalketa-eskubideak, aniztasuna eta sexu askatasuna defenditzen ditu». Eta, batik bat, «eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista» aldarrikatu dute.

Mobilizazioak Euskal Herrian

Martxoaren 8aren karira, mobilizazio sorta hau iragarri du Euskal Herriko Mugimendu Feministak:

Nafarroa: 12:00etan, mobilizazio deszentralizatuak herri eta auzoetan. 18:00etan, manifestazio eta protesta nagusiak eskualdeka. Iruñekoa Antoniutti parketik abiatuko da.

Araba: Manifestazioa 17:30ean, Gasteizko San Anton plazatik abiatuta.

Gipuzkoa: 12:00etan, mobilizazio deszentralizatuak herri eta auzoetan. 18:00etan, manifestazio zentralizatuak eskualdeka.

Lapurdi: Manifestazioa 11:00etan, Pausa aurrean (Lesseps kaia, 18).

Bizkaia: Manifestazioa 13:00etan, Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.