Turkia

Kavala espetxean mantenduko du Turkiak, hura atxilotzeko beste agindu bat igorrita

Gezi parkeko protestengatik errugabetu egin zuten atzo, eta aske gelditzekoa zen enpresari ekintzailea, baina Poliziak atxilotu egin du, 2016ko estatu-kolpe saiakerarekin lotura izatea egotzita.

Osman Kavala enpresari eta ekintzaile espetxeratua. @FREEOSMANKAVALA
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko otsailaren 19a
10:02
Entzun

Osman Kavala enpresari eta ekintzailea berriro atxilotu du Turkiako Poliziak, hura aske utzi baino lehen. Kavala espetxetik irtetekoa zen atzo, behin-behinean bi urte eta erdiz preso egon ostean. Kavala 2013ko manifestazioen aurpegi ezagunenetako bat izan zen, eta Turkiako Fiskaltzak herrialdeko gobernua boteretik kentzen ahalegintzea egotzi zion atzo amaitu zen auzian. Epaitegiak ebatzi du akusazioa ezin dela frogatutzat jo, eta, beraz, Kavala errugabetu du. Giza eskubideen aldeko erakunde ugarik txalotu dute erabakia. Kavalarekin batera, beste bederatzi auzipetu errugabetu dituzte. Turkiatik ihes egin zuten gainerako sei auzipetuak aparteko pieza batean epaituko dituzte.

Kavalaren aldeko manifestariak hura espetxetik irteteko zain zirela, Turkiak hura atxilotzeko agindu zuen. Aske uzterako, 2016ko estatu-kolpe saiakerarekin lotura izatea leporatu dio fiskaltzak. Zehazki, «ordena konstituzionalari eraso» egitea da egotzi diona. Erdoganek kolpe saiakeraren bultzatzaile nagusi izatea leporatzen dio Fethullah Gulen agintari erlijiosoari, eta Poliziak dozenaka mila lagun atxilotu ditu kolpearekin zerikusia izan dutelakoan.

Joan den abenduan, Kavala arbitrarioki atxilotua izan zela ebatzi zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, eta ekintzailea berehala aske uztea galdegin zion Turkiari. Gezi parkeko auziaren epaiarekin, Estrasburgoko auzitegiaren erabakia beteko zuen Turkiak, baina, atxilotze agindu berriaren bidez, Kavala espetxean mantenduko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.