Iruña-Veleia auzia

Akusazioek esan dute badagoela nahiko froga Gil grafitoen egiletzat jotzeko

Gilen abokatuak esan du faltsutasunaren ideia dela «abiapuntua», eta ez dagoela errugabetasun presuntziorako «eskubiderik eta bermerik».

Ruben Cerdan eta Eliseo Gil, epaitegian. JUANAN RUIZ / FOKU
Inigo Astiz
2020ko otsailaren 19a
12:36
Entzun

Iritsi da Iruña-Veleia auziaren azken epaiketa eguna, 11.a. Bi aldeek azken ondorioak eman dituzte Gasteizko lehen zigor salan. Fiskalak eta Arabako Foru Aldundiaren abokatuak esan dute Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohia dela «grafitoen egilea»; fiskalak uste du grafologia ikerketek hori erakusten dutela, nahiz eta ez dagoen erabateko ziurtasunik haietan, eta Foru Aldundiaren abokatuak gaineratu du Gilek aurrez pentsatua zuela faltsutzea, eta aurrera eraman duela «ekintzen» eta «omisioen» bidez. Gilen abokatuak esan du hori ez dagoela «inondik inora frogatuta», eta Gil politikoki, sozialki eta mediatikoki kondenatuta egon dela 11 urtez.

Gilek berak hitz egin du saioaren bukaeran: «Sufrimendu ikaragarria ekarri dit epaiketa honek. Ikusi dut nire bizitza profesionala nola bilakatzen zen benetan izan zenaren karikatura». Esan du fedea duela justizian eta bere errugabetasunean.

Fiskalak delitu bat gehiago egotzi zion atzo Gili, zigor eskaera mantendu arren: omisioa. Delitu horrek atea zabaltzen baitio Gil zigortzeko aukerari, baita piezak berak faltsutu zituela frogatu ezin balitz ere. Akusazio horren arabera, Gil piezak faltsuak ziren jakinaren gainean egon zitekeen, eta, halere, ez zuen ezer egin. Akusatuaren abokatuak adierazi du ez dela zuzena azken egunean delitu berri bat gehitzea eta egiletzaren kontzeptuari eragiten dion aldaketa bat proposatzea. Nabarmendu du asmo obsesibo bat egon dela iritzi publikoari sinetsarazteko piezak faltsuak direla.

Fiskalak, ordea, defendatu du badagoela delitu bat gehitzeko jurisprudentzia, eta horrek ez duela defentsa-gabezia egoeran uzten defendatua. Esan du Gil autore zuzena ez izanik ere aztarnategiko zuzendari ohiak entzungor egin ziela arkeologoen metodoa zorrozteko eskariei, eta, «aurrerantz ihesean», publikoki aurkeztu zituela, eta ekintza horiek erakusten dutela gertatzen ari zenaz jabetzen zela.

Aldundiko abokatuaren ustez, frogatuta dago grafitoak faltsuak direla: «Egiletza frogatzea falta da, baina erraza da hori». Bat egin du fiskalarekin, eta esan du grafologia ikerketetan aski froga sendo daudela. Gainera, faltsutze horiek «azkar» eta «gaizki» egin zirela ere esan du, eta hain zela handia faltsutzea egiteko interesa eta presa, ezen faltsutzeetan egindako akatsekin aurrera jarraitu baitzuten, adibidez, sasoian ezinezkoak ziren Y hizkiak X hizki bilakatuz. Azaldu du Gilek entzungor egin ziela arkeologoen kexei, eta erabaki zuela hutsuneak zituen metodo arkeologiko hura mantentzea, lana «aski gaizki» egiteak aukera uzten ziolako pieza faltsuak sartzeko.

Gilen abokatuak esan du ezetz, arkeologorik ez zela metodoaz kexatu, gerokoak direla horiek denak. Haren esanetan, Gilek berehala egin zion kasu Amelia Baldeonek aztarnategian kamerak jartzeko proposamenari, eta Edward Harrisek sortutako metodo arkeologikoa bete zuen.

Cerdan ikerlaria

Ruben Cerdan ikerlaria ere ari dira epaitzen; egin ez zituen proba zientifiko batzuen truke dirua jasotzea egozten diote hari. Akusazioek esan dute ez duela aurkeztu titulaziorik, eta hori ez dela «logikoena» dagoen egoeran egonik. Aldundiko abokatuaren hitzetan, Cerdanek ez du asmorik izan frogak egin zituenik dokumentatzeko ere. Haren abokatuak, ordea, defendatu du akusatuak ez zuela ezer egiteko motiborik. Esan du ez dagoela iruzurra egin zuen frogarik, eta sekula ez zuela adostu inolako planik Gilekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.