HEZKUNTZA

Elkarretaratzea eginen dute Antsoainen, euskarazko haur eskola aldarrikatzeko

Gurasoek salatu dute udalak ez diela eskaerei erantzun, eta ez duela hezitzaile euskaldunak kontratatzeko deialdirik egin

Euskarazko haur eskola aldarrikatzen duten gurasoetako batzuk, gaurko agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko otsailaren 19a
19:49
Entzun

Antsoaingo (Nafarroa) guraso talde batek elkarretaratzea eginen du otsailaren 26an, herrian euskarazko haur eskola publikoa jar dezatela eskatzeko. Gaurko agerraldian azaldu dutenez, bi urte daramatzate hori eskatzen, «eta denbora horretan, udalak ez du urratsik egin».

Hasieran, seme-alabak euskarazko murgiltze eredura eraman nahi izanez gero, Iruñera eraman behar zituzten, eta hango udalak ezartzen zien kuota gehigarria ordaindu (83 euro). 2018an, udalen arteko akordio bati esker, Antsoainek bere gain hartu zuen kuotaren gastua. Aurten ere, ituna berritu nahi du Antsoaingo Udalak, baina gurasoek salatu dute hori guztia airean dagoela: «Ez dakigu udalen arteko hitzarmenik egonen den ala ez, eta, hitzarmena sinatuta ere, badakigu Iruñeko Udalak euskarazko plaza kopurua murriztuko duela haur eskoletan. Hala izanez gero, Antsoaingo familiak kanpoan geldituko gara».

Hitzarmena, dena den, «behin-behineko konponbide bat» dela gaineratu du Nestor Estebanek, familien bozeramaileak. Argi dute helburua ez dela seme-alabak Iruñera eramateko erraztasunak ematea, Antsoainen bertan euskarazko eredua ezartzea baizik. Eta horretan ere, ez dute urratsik ikusi. «2019ko urtarrilean, gaia eraman zuten udal osoko bilkurara, baina ez zuten eztabaidatu. Alkateak berak kendu egin zuen gai zerrendatik, haur eskolan euskarazko lerroa abian jartzeko baldintzarik eta bermerik ez zegoela argudiatuta», azaldu du Estebanek. Salatu du, urte hartako udal hauteskundeetan «alderdi politiko bakar batek ere ez zuela auzia bere programan jaso», eta aurtengo udal aurrekontuen proiektuan ere ez zaio diru sailik eskaini euskarazko haur eskola sustatzeari.

Antsoaingo haur eskolako eredua erdalduna da gaur egun, baina, udal araudiaren arabera, bederatzi hezitzaileetatik seik eduki beharko lukete euskarazko C1 maila. Gaurko agerraldian, Estebanek esan du ez dela horrelakorik gertatzen: «Udalak ez du bere araudia betetzen». Hilabete hauetan guztietan, gainera, udalak ez du egin hezitzaile euskaldunak kontratatzeko lan deialdirik.

Egoera azaleratzeko xedez, Antsoaingo gurasoek informazio kanpainari ekin diote, eta erakundeen ateetan jotzen hasiak dira: azaroan, instantzia bat aurkeztu zuten Antsoaingo Udalean, alkateari galdetuz «zer neurri hartuko dituen haur eskola euskaldunaren bidean». Arartekoarengana ere jo dute, eta kexa aurkeztu. Horrekin guztiarekin batera, protestak ere egin dituzte: bi aldiz sartu dira udaletxera, haurrekin batera, protesta egitera eta, Gabonetan, alkateari ikatza eramatera. Abenduaren 31n, gainera, gurasoetako batek itxialdia egin zuen udaletxean.

Kanpaina horren barruan helduko da datorren asteko elkarretaratzea ere: otsailaren 26an eginen dute, 17:30ean, Antsoaingo Udaletxe plazan, Antsoainen haur eskola euskalduna orain! lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.