Alemania

Bederatzi pertsona hil dira Hanau hirian izandako bi tiroketatan

Bederatzi pertsona hil, eta bost larri zauritu dituzte, pipa erretzeko bi tabernatan. Tiroketen ustezko egilea hilik aurkitu dute etxean, beste hilotz batekin.

Anbulantzia bat, erasoa gertatu den tabernaren parean. IESBADEN112 / EFE
2020ko otsailaren 20a
08:26
Entzun

Frankfurtetik hogei kilometrora dago Hanau hiria, Alemanian. Bart, bi eraso egin dituzte, 22:00 aldera, gisa bereko bi tokitan. Lehenengoa, hiriaren erdialdeko kebab eta pipa taberna batean, eta bigarrena, shisha erretzeko taberna batean, kanpoaldeko auzo batean. Hainbat hedabidek zabaldu dute beste tiroketa bat ere gertatu dela Lamboy auzoan, hiriaren iparraldean, nahiz eta Alemaniako Poliziak ez duen horrelakorik esan. Bi erasoetan bederatzi pertsona hil dituzte, eta bost lagun larri daude ospitalean.

Poliziek 05:00 aldera aurkitu dute bi erasoen ustezko egilea, bere etxean. Adierazi dute beste gorpu bat zeukala ondoan. Esan dute «aukera guztien arabera» hark egin dituela tiroketak; Alemaniako herritartasuna zuen gizonezko bat zen. Ehizarako armak izateko baimena zuen, eta munizioa aurkitu diote autoan.

Alemaniako Bild egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, egileak ohar bat eta bideo bat utzi zituen eginak, eta haietan azaldu zuen eskuin muturreko pentsamendu arrazistazuela. Alemaniako fiskaltza nagusiaren arabera ere, ekintzek arrazoi «erabat arrazista» dute. Hala adierazi dute, ustezko erasotzailearen etxea miatu ostean.

Claus Kaminsky Hanauko alkateak esan du «gau lazgarria» izan dela eta «denbora askoan atsekabez» gogoratuko dutela. Herritarrei eskatu die ez dezatela parte har «espekulazioan», eta utz diezaietela poliziei lan egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.