Katalunia

Gobernu arteko bilera hilaren 26an egitea adostu dute Torrak eta Sanchezek

Torrak Sanchezen proposamenari erantzun dio, eta azaldu dio ezinezkoa zaiola datorren astelehenean biltzea, arrazoi «pertsonalak eta pribatuak» tarteko. Beste bost data proposatu dizkio, 26koa zehaztu aurretik. Generalitateko buruak nazioarteko bitartekaritzaren beharra nabarmenduko du bileran, negoziaziorako «baldintza onuragarri» gisa.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Quim Torra Kataluniakoa, Generalitatearen jauregian, otsailaren 6an egin zuten bileran. ALBERTO ESTEVEZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko otsailaren 20a
09:58
Entzun

Datorren asteazkenean, Moncloa jauregian: Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko bilerak badu data eta lekua. Bi gobernuek elkarrizketa mahaia abian jartzeko izan dituzten zailtasunak gainditu dituzte, eta lehen bilkura egingo dute otsaila amaitu aurretik, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eta ERCk eskatu bezala. Quim Torra Kataluniako presidenteak aurreratu du bilera horretan nazioarteko bitartekaritza batek parte hartzea proposatuko duela.

Bilera horretara gobernu ordezkaritza banak lagunduta joango dira Torra eta Sanchez. Hainbat hedabidek aurreratu dutenez, ziurra da Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan izango direla Carmen Calvo eta Pablo Iglesias presidenteordeak eta Manuel Castells Unibertsitate ministroa. Salvador Illa Osasun ministro eta PSCko Antolakuntza idazkariak parte hartzea ere espero da. Generalitatearen aldetik, ziurtzat jotzen da Torrarekin batera izango direla Pere Aragones presidenteordea eta Ester Capella Justizia kontseilaria.

Bilkura ERCk eta PSOEk adostu baino hilabete beranduago egingo da. Bi alderdiek Sanchezen inbestidurarako adostu zutenaren arabera, Espainiako Gobernua osatu eta hamabost eguneko epean osatu behar baitzen elkarrizketa mahaia.

Moncloak jakinarazi zuenez, Sanchezek hilaren 24an biltzeko proposamena egin zion atzo Torrari. Generalitateko presidenteak gaur erantzun dio ez dela posible izango bilera datorren astelehenean egitea. Arrazoi «pertsonalak eta pribatuak» aipatu ditu.

Sanchezi zuzendutako eskutitz batean baztertu du Torrak 24an biltzeko aukera, eta, idatzi berean, bilera egiteko beste bost data proposatu dizkio. Kataluniako presidentea prest agertu da datak luzatzen ibili gabe biltzeko, eta Sanchezi bihar bertan elkartzea eskaini dio. Biharko aukeraz gain, hilaren 23an, 26an, 27an edo 28an biltzeko proposamena ere egin dio. Horrenbestez, prest agertu da elkarrizketa mahaiko lehen bilera otsaila amaitu aurretik egiteko, Sanchezek eta ERCk eskatu bezala.

Generalitateko presidentea atsekabetuta agertu da elkarrizketa ez delako «modu onean hasi». Sanchezi aurpegiratu dio bilerarako eguna «hedabideen bitartez» jartzea, aurretik bi aldeen artean agenda adostu gabe. «Ez da elkarrizketa zintzo eta emankorra nahi dela adierazteko modu bat».

Torrak gaineratu du bi presidenteek bileraren eguna, tokia eta gai zerrenda zehazteko bidea adostu zutela otsailaren 6an Bartzelonan egin zuten bileran: bi presidenteek izendatutako talde teknikoen bidez. «Nire kabineteak zureari jakinarazi zionez, kontu horiek zehazteko prest gaude; zenbat eta lehenago, orduan eta hobeto».

Horregatik, Moncloak atzo egin zuen iragarpenak «harritu» egin duela adierazi du Torrak. Nabarmendu du Sanchezek 24ko data proposamena hedabideei jakinarazi baino 20 minutu lehenago helarazi ziola Kataluniako Gobernuari.

Generalitateko presidenteak eragile independentistekin adostu du elkarrizketa mahaira eramango duen gai zerrenda: «Kataluniaren autodeterminazio eskubidearen aitortza eta ariketa», batetik, eta «errepresioaren amaiera, amnistia eta erreparazioa», bestetik. Hala baieztatu dio Sanchezi gutunean.

Horrez gain, negoziaziorako «onuragarri» liratekeen hiru baldintza ere zehaztu dizkio: «lan egutegi» bat zehaztea; «gatazkaren alde guztiak aitortzea» —«presoak eta erbestea» barne—, eta nazioarteko bitartekaritza batek parte hartzea.

Nazioarteko bitartekaritza

Azken asteetan, desadostasunak azaleratu dira JxC, ERC eta Madrilen artean, mahaiak izan beharreko egutegiari eta bitartekari baten beharrari buruz. Torrak esan du nahitaezkoa dela bitartekari batek parte hartzea elkarrizketari ekiteko. Madrilek baztertu egin du aukera hori, argudiatuta elkarrizketa gardena izango dela eta herritarrek ikuskatuko dutela. ERCk, berriz, egoki deritzo bitartekari batek parte hartzeari, baina ez du uste mahaia abiatzeko baldintza izan behar denik, eta «autoboikota» saihestera deitu du JxC.

Azkenean, Torrak biltzea onartu du Espainiako Gobernuak bitartekari bat onartu gabe ere, baina argi utzi du hasieratik jarriko duela proposamena mahai gainean. Ikusi beharko da Sanchezek ezezkoari eusten badio desadostasuna zenbateko eragozpena izango den elkarrizketarekin jarraitzeko. 2019ko otsailean, hura izan zen elkarrizketarako zailtasun nagusietako bat, eta mahaiak porrot egin zuen. Ondorioz, Sanchezek ez zuen lortu aurrekontuak onartzeko babes nahikoa, eta bozetara deitu behar izan zuen. Aurten ere aurrekontuak onartu beharrean da, eta ezinbestekoa izango du ERCren babesa.

Bitartekariarekin batera, baldintza onuragarrien artean aipatu ditu «lan egutegi» bat zehaztea eta «gatazkaren alde guztiak aitortzea». Azken puntu horri lotuta, adierazi du «presoak eta erbestea» aintzat hartu behar dituela mahaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.