Dantza

Dantzan ari direnik ohartu gabe dantzan ari direnak

Steve Paxton dantzari eta koreografo entzutetsuaren sei hamarkadako lana biltzen duen erakusketa zabaldu du Bilboko Azkuna zentroak. Dantza garaikidearen izen nagusietako bat da Paxton, eta haren ikuspegia du oinarri bildumak.

Bilboko Azkuna Zentroak Steve Paxton koreografoari eskaini dion erakusketako irudi bat. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU
Inigo Astiz
2020ko otsailaren 20a
15:02
Entzun

«Dantza jadanik gertatzen ari dela erakustea da Paxtonen iraultzetako bat». Esaldi horrekin laburbildu dute Joao Fiadeiro eta Romain Bige komisarioek Steve Paxton dantzari, koreografo eta contact improvisationteknikaren sortzaileak (Arizona, AEB, 1939) dantza garaikideari egindako ekarpen nagusietako bat. Zeren eta, akaso ohartu ere egin gabe jaso du bekaina irakurleren batek, edota ilea apartatu du bestela bekokitik, edo egunkariko orri bat pasatu berri du, eta, edozein kasutan, eserita dago agian, etzanda, edo gorputzari zutik eusten ari zaio autobus batean zutik doan beste pertsona multzo baten erdian, eta, beraz, kontziente izan gabe ere, mugimenduan, eta, ondorioz, dantzan. 60ko hamarkadan dantzaren diziplinaren oinarriak inarrosi zituen dantzari eta koreografo belaunaldi garrantzitsu bateko kide da Paxton, eta erakusketa zabala eskaini dio horregatik Bilboko Azkuna zentroak haren ibilbideari. Maiatzaren 10era arte egongo da zabalik.

«Ibiltzea Paxtonek asmatu zuela esan ohi da», azaldu dute komisarioek. «Noski, hori ergelkeria hutsa da, aurrez ere ibiltzen zelako jendea, baina egia da, bera izan zela ibiltzea oinarri duen koreografia bat sortu zuten lehen koreografoetako bat, eta horregatik esan ohi da hori». Eta, hain zuzen ere, 1967. urtean 42 pertsonarentzat sortutako Satisfying Lover piezari oihartzun eginez hasten da erakusketako ibilbidea. Korridore moduko bat osatzen du pantaila batek sarreran, eta oinez dabiltzan benetako eskalako hamaika pertsonaren irudiz lagundurik sartuko da bisitaria aretora. Ohar bat ere jarri dute ondoan, erakusketaren izaera ulertarazteko. «Erakusketa honetan lurrean bueltaka ibil daiteke, eseri, zutik geratu, dantzan egin, siesta egin...».

Bilketa lan handia egin behar izan dute komisarioek erakusketa osatu ahal izateko. Zeren eta, azaldu dutenez, 30 urterekin egin baitzion uko Paxtonek egiten zuenaren erregistroa gordetzeari, eta, ondorioz, mundu osoan sakabanatutako artxibo hori bilatu, bildu eta erakusketara ekartzea izan dute erronka. Azkuna zentroan ikus daitezkeen bideoetako bakar bat ere ez da koreografoaren eskutik heldu. Ikus-entzunezko material horrez gainera, dantzari eta Paxtonen lanari buruzko hamaika liburu ere jarri dituzte eskuragarri aretoetan. Edozein kasutan, halere, mugimendua da erakusketaren abiapuntua eta azken helburua. Edo, behintzat, «mugimendurako joera bat», komisarioek onartu dutenez, ez baitute bisitaria ezeroso sentiarazteko asmorik.

Dantzarako gonbita

Zortzi ataletan banatu dute ibilbidea, eta dantzarako estudio itxura eman diete guneei. Paxtonen lanak erakusten dituzten bideoekin eta hari egindako elkarrizketekin batera, bisitariek dantza egiteko balia ditzaketen linoleumezko zoruak eta espazioak jarri dituzte, eta koreografoaren ibilbidean garrantzitsu izan diren ikerketa ildoekin lotu dute guneetako bakoitza. Espazio oso bat eskaini diote, adibidez, contact improvisation izeneko teknikari, eta mugimenduek bizkarrezurrean duten eragina ikertzeko asmoa hartzen du beste batek.

Paxtonen ikuskeraren arabera, ordea, dantza ez da mugimendu bakana. Guztiarekin lotuta bizi du dantza sortzaileak, eta horren erakusgarri dira erakusketan ikus daitezkeen haren elkarrizketa txatalak. Dantzari buruzko iritziak nahasian baitoaz, maiz, gerrari, erlijioari, dantzari, egiletzari eta naturari buruzko gogoetekin. Komisarioek nabarmendu dute, dantzari eta koreografo izateaz gainera, mugimenduari buruzko pentsalari ere badela Paxton, eta, horregatik, haren gogoetak biltzen dituzten esaldiak ere topatuko ditu bisitariak aretoko hormetan. «Dantzariak bere pisua entregatzeko erabiltzen du soilik, ez du atxikitzen».

«Troiako zaldi bat»

Lisboako Culturgest erakundearekin lankidetzan antolatu dute erakusketa, eta bigarren geldialdia du horregatik Bilbokoa. Pieza gehiago bildu dituzte oraingoan, baina, komisarioek azaldu dutenez, berbera izan da asmoa bi kasuetan: dantzan jarri nahi izan dute espazioa. Euskal Herriko kulturgileekin ere izan dira harremanetan horregatik hainbat astez Bilbon. «Erakusketak ez du zentzurik komunitateak eta ikasleak etortzen ez badira, eta ez badute beren lokalen eta estudioen luzapen modura hartzen; erakusketa diseinatuta dago okupatu dadin».

Komisarioen hitzetan, «Troiako zaldi bat» da erakusketa. Gonbidapen moduko bat jendeak Paxtonek proposatutako ariketetara hurbil dadin. Eta, zehaztu dutenez, edonor sartzeko modukoa da sarbidea, hain zuzen ere, birtuosismoaren kontrako ertzean dagoena interesatzen zaiolako Paxtoni. «Erakusketa saiatzen da argi goxo bat sortzen, ikuslearengan mugimenduaren kontzientzia esna dadin».

Egitarau osagarria

Dantza emanaldiak, topaketak eta tailerrak ere antolatu dituzte erakusketak irauten duenerako. Igandero egongo dira dantza ikastaroak aretoetan, eta Paxtonen lana oinarri hartzen duten hiru emanaldi ere antolatu dituzte. Bihar, Jurij Konjar dantzari eta koreografoak, adibidez, Paxtonen ibilbidean bereziki garrantzitsuak izan diren hiru obra berregingo ditu auditoriumean: Flat, Satisfying Lover eta Goldberg bariazioak. Martxoaren 12an, Ion Munduate dantzari eta koreografoak ere Paxtonek Goldberg bariazioak obratik abiatzen den ikuskizun propioa egingo du. Eta, azkenik, Mal Pelo konpainiak ere dantza ikuskizuna emango du apirilaren 22an, Dan Tepfer piano jotzaileak egindako Goldberg bariazioen berrinterpretaziotik abiatuta.

Apirilaren 24an eta 25ean egingo da Paxtonen lanari buruzko nazioarteko mintegia, eta, besteak beste, Otto Ramstad, Maria Muñoz, Pep Ramis, Romani Bige, Maria Muñoz, Ion Munduate eta Ula Iruretagoiena egongo dira. Ixiar Rozas idazle eta ikerlariak antolatu ditu saioak, eta Paxton bera entzuteko aukera ere egongo da, bideokonferentzia bidez, Pep Ramisekin izango duen solasaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.