Iran

Kontserbadoreak dira nagusi bozetan, lehen emaitzen arabera

Bihar emango dituzte legebiltzarrerako hauteskundeen emaitza guztiak.

Emakume bat botoa ematen, gaur goizean. ABEDIN TAHERKENAREH, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko otsailaren 21a
10:16
Entzun

Iranen atzo egin zituzten legebiltzarrerako hauteskundeak, eta gaur kaleraturiko lehen emaitzen arabera, Ali Khamenei aiatolaren aliatuek lortuko dute ordezkaritza handiena.

Joera hori beteko balitz, kontserbadoreek aurrea hartuko diote Hassan Rohani herrialdeko presidentea buru duen sektore erreformistari. Teheran hiriburuan, esaterako, 290 eserlekuetako 30 daude jokoan, eta, gaurko datuen arabera, kontserbadoreek horien gehiengoa eskuratuko dute.

Herrialdea jasaten ari den krisi ekonomikoak eta Ameriketako Estatu Batuekiko tentsioek eragina izan dute boto emaileen iritzi aldaketan —duela lau urte, erreformistak aise gailendu ziren—.

Irango agintariek bihar jakinaraziko dituzte emaitza ofizial guztiak; gaurko joeraren arabera, kontserbadoreak eta beren aliatuak 241 eserlekura iritsi litezke.

Krisi ekonomikoa

Azken hilabeteetan, higatu egin da Rohanik eta haren bloke kontserbadore moderatu eta erreformistak gizartean zuten babesa. Krisi ekonomikoak eta politikoak ahuldu egin du herritarren atxikimendua. AEBek Irani ezarritako zigor ekonomikoek kalte nabarmena egin diote ekonomiari eta gizarteko sektore zabalen bizi baldintzei. Gasolioaren bat-bateko igoerak protesta jendetsuak piztu zituen iazko azaroan, herrialde osoan. Erregimenak gogor erantzun zien protestei, eta hirurehun manifestari baino gehiago hil zituen.

Horrez gain, urtarrilaren 8an, Irango armadak akats baten ondorioz Ukrainako bidaiari hegazkin bat suntsitu izanak eta gobernuak hasieratik ardura bere gain hartu ez izanak ere haserrea eragin zuen herritarren artean.

Kontserbadoreen ildo gogorrak ahul ikusten du Rohaniren gobernua. Mendebaldera gerturatzearen aldeko jarrerak kolpe latza jaso zuen 2018ko maiatzean, Donald Trump AEBetako presidenteak akordio nuklearretik irtetea erabaki eta Irani zigor ekonomikoak ezarri zizkionean. AEBek Qassem Soleimani Irango Guardia Iraultzailearen buruzagi zena hil izanak ere hauspotu egin du muturreko kontserbadoreen diskurtsoa eta Mendebaldearen kontrako jarrera. «AEBen kontrako parlamentu bat» agindu dute.

Debekuak

Zaindarien Kontseiluaren hautagaitza debekuek lagunduko diete erreformistak eta kontserbadore moderatuak estu hartzen. Kontseiluak 7.000 hautagaitzari baino gehiagori ezarri die hauteskundeetara aurkezteko debekua; hautagaitzen erdiak utzi ditu lehia politikotik kanpo. Horien artean daude azken legealdian parlamentari izan diren 70 ordezkari baino gehiago. Erreformisten Goi Kontseilu Politikoak salatu du ezin izango duela hautagairik aurkeztu barruti ugaritan; parlamentuko 290 eserlekuetatik 230etan lehiatzeko aukerarik gabe utzi dituzte. Salatu dutenez, Zaindarien Kontseiluak izendapen prozesu bihurtu du hauteskunde prozesua. Hori dela eta, zenbait sektorek bozei boikota egitera eta kalean mobilizatzera deitu dute.

Trumpen atzerri politika muturreko kontserbadoreen indartzea sustatzen ari da Iranen. Parlamentuak praktikan ez duen arren politika nagusien norabidea erabakitzeko beste botere, ildo gogorreko kontserbadoreek Rohani estu hartzeko eta presidentetza bozetarako estrategia garatzeko baliabide garrantzitsua eskuratuko dute ganberan gehiengo zabala lortzen badute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.